Gizaide fundazioko zuzendaria

Bizi kalitatea mantentzeko beharrezko tresnak egokituz

Onintza Lasa Arteaga
2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 10a, Buru Osasunaren Munduko Eguna, Euskadin dagoeneko osasun lehentasun bilakatu den errealitateari buruz gogoeta egiteko une aproposa da.

Osasunari buruz ikuspegi integral batetik hitz egitea gero eta ohikoagoa da, arlo psikologikoa, fisikoa eta soziala bereizi gabe, ez baitira elkarren artean baztertzaileak. Alderantziz, elkarri lotuta egoten dira maiz. Gerta daiteke pertsonaren batek muga fisikoren bat edo mina pairatzea eta, ondorioz, horrek bere aldartean eragina izatea; era berean, aurreko guztiak bakardadean amaitu daitekeen isolamendura eraman dezake. Beste batzuetan, zaintza fisikoaren utzikeria gerta daiteke aldarte aldaketen edo depresio prozesuen ondorioz. Horrela, osasunaren dimentsio batek beste batean eragin dezakeela erakusten duten hainbat adibide aurki ditzakegu, norbanakoaren ongizatea baldintzatzen dutenak.

Errealitate honi erantzuteak, beraz, pertsona bere osotasunean ulertzea eskatzen du, bai eta bizi duen unea ulertzea ere, bizitzako etapa bakoitzak ezartzen dituen erronkei egoki erantzuteko tresnak eskaintzeko eta, modu honetan, zentzua duen bizi proiektu bat garatu ahal izateko. Prebentzioa begirada horren parte da, berriki aurkeztu den Gipuzkoako Buru Osasuneko Estrategiak dioen bezala.

Eta erantzutea gizarte osoko kide eta eremu guztiei dagokigu, ardura eta erantzukizun partekatua baita.

Egoerak arreta espezializatua behar duenean eta buruko narriadura larria duten pertsonak Gizaide Fundazioko edozein proiektutara edota bestelako egoitza espezializatuetara etortzen direnean, talde profesionalen eta boluntarioen egitekoa egoerari aurre egiten eta bizitza oso bat eraikitzen lagunduko dieten tresnak eskaintzea da. Alegia, «tresna kutxa» bat eskaintzea, unean-unean edo bizitzako etapa bakoitzean erabilgarri izan ditzaten.

2024an argitaratutako Gure Geroa ikerketaren arabera, Hego Euskal Herriko gazteen ia erdiak ez dira oso zoriontsu sentitzen, edo batere ez, ia %60k bere buruaz beste egiteko ideiak izan dituzte, eta bada benetan dramatikoa den beste datu bat: %65ek baino gehiagok sentitzen dute behar dutenean ez dutela nahikoa babes

Askotan, dena den, pertsonek etortzeari uzten diote edota eguneroko erritmoari jarraitzeko zailtasunak izaten dituzte, eta horrelakoetan taldea kezkatu egiten da. Egoera azal dezaketen arrazoiak askotarikoak izan daitezke, eta kezkatzetik arduratzera igaro behar dugu: gertatzen ari dena ulertu eta laguntzak egokitu.

Zahartzea arrazoi horietako bat izan daiteke. Euskadiko biztanleriaren %25 inguruk 65 urte baino gehiago ditu, eta bizi itxaropena handitzen ari da. Herritarrek bizi kalitate ona mantenduz aurrera jarrai dezaten, kudeatu beharreko hainbat aldagai daudela ukaezina da. Adinean aurrera doan talde honetan, duela berrogei urte baino gehiago desinstituzionalizazioaren eta ikuspegi komunitarioaren garapenarekin batera buru osasuneko sarean artatzen hasi ziren buruko narriadura larria duten pertsonak ere badaude. Gaur egun zahartu egin dira, eta haien beharrak desberdinak dira. Laguntza mantentzeak, beraz, laguntzak egokitzea ere badakar.

Baina bizitzako une desberdinetara begiratzeak gazteria kontuan hartzea ere eskatzen du. Aurtengo egunaren leloetako batek buru osasunarekin «match» egitera animatzen gaitu. Zoritxarrez, gaztaroa eta zoriontasuna ez baitira sinonimoak. 2024an argitaratutako Gure Geroa ikerketaren arabera, Hego Euskal Herriko gazteen ia erdiak gutxi edo batere zoriontsu sentitzen dira, ia %60k bere buruaz beste egiteko ideiak izan dituzte, eta bada benetan dramatikoa den beste datu bat: %65ek baino gehiagok sentitzen dute behar dutenean ez duela nahikoa babes.

Egia da belaunaldi bakoitzak bere komunikazio kodeak dituela, baina sustraian dagoen beharra partekatua da. Konplizitatea bilatzean, entzutean eta babestean datza, edo, beste modu batera esanda, komunitatea sortzean.

Bide digitalak lagungarri izan daitezke helburu horretan, baina ezin diogu aurrez aurreko harremanari uko egin. Laguntzak egokitzea gertu egoteko moduak bilatzen jarraitzea ere bada, baita egoerak aldatzen direnean ere. Horregatik, Gizaide Fundazioan, gure zentroetara datozen edota etorri gabe ere gurekin lotura mantentzen duten pertsonen bidelagun izaten jarraituko dugu.

Bidean alboan egoten, baita bidea aldatzen denean ere, zentzua duen eta kalitatezkoa den bizitza eraikitzen jarrai dezaten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA