Mezu bat gaur goizean: «Beste 75 euro ikasturte honetan». Berriz ere jabea gure kontura etxebizitzarekin negozioa egiten. Beste behin ordu estra gehiago egin beharko ditut. Beste behin jabearentzat lan egitera. Autobusean unira bidean, enegarren etxegabetzea gelditzeko deialdia sare sozialetan. Inpotentzia sortzen dit entzuteak normaltasunean sartzen dela, egunerokoaren parte dela etxegabetze bat.
Etxebizitzaren problematika bere izaera estruktural eta transbertsaletik ulertu behar dugu; guztioi eragiten digu. Kapitalismoan, etxebizitza eskubide gisa bermatu beharrean, etekina ateratzeko helburua baino ez duen merkantzia da. Ondorioz, herritarron beharren arabera banatu beharrean, merkatuan antolatzen da.
Horregatik, ikasleoi ere bete-betean eragiten digu problematika honek. Etxebizitza duinerako sarbidea bermatua izatea ezinbestekoa da ikasketa prozesua gauzatzeko. Egoera horretatik urrun, prozesu hori erraztu beharrean, bizitzaren prekarizazio prozesuan sakontzen du. Argi ikus daiteke hori, heziguneetatik gertuago egon ahal izateko –unibertsitate etapan, kasurako– ikasleok gure herrietatik desplazatu behar garenean. Izan ere, etxebizitza aldaketek, etxebizitzen egoera kaskarrek, alokairua ordaintzeko zailtasunek, honen ondorioz egin beharreko lanordu luze eta gaizki ordainduek... ikasleon bizitza eta heziketa prozesua guztiz okertzen dituzte.
Etxebizitza duinerako sarbidea bermatua izatea ezinbestekoa da ikasketa prozesua gauzatzeko. Egoera horretatik urrun, prozesu hori erraztu beharrean, bizitzaren prekarizazio prozesuan sakontzen du
Horren aurka, inpotentzia gainditu eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske baten aldeko ilusioa eta esperantza piztea dagokigu. Antolatu eta borrokatzea; atzo gutxieneko soldata propioaren alde, gaur etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta bihar Hezkuntza Sistema Propioaren alde. Hain zuzen, mugarri hauek guztiak agenda erreakzionarioaren aurka, bizi eta ikas baldintza duinak erdigunean kokatzen dituzten ariketa kolektiboak direlako. Eta Euskal Herrian baditugu baldintzak, bidea, determinazioa, eragiteko gaitasuna eta eskumenak egiturazko aldaketak ekarriko dituzten alternatibak garatzeko. Horregatik guztiagatik, euskal ikasleok ere heziguneak hustu eta Greba Orokorrera goaz. Bizitza kapitalaren aurretik, etxebizitza eskubidea negozioaren aurretik.