Boliviako 'Evoluzioaz'

Txema Abarrategi Garaigordobil
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Izenaz.

Bolivia da euskaran errotutako izena duen munduko estatu bakarra. Erroten ibarrak markatu du aimara, guarani, kitxua eta beste hogeita hamar herritik gora biltzen duen Abya Yalako herrialdearen izena. Kolonizazioa izenari iltzatuta.

Izanaz.

Lehenaz. Ba ote beste estaturik gerra guztiak galdu dituena. Itsasorako irteera Txilek, Acre Brasilek eta Chacoa Paraguaik erauzita, independentzia lortu zuen lurraldearen erdi urria da egun Bolivia.

Eta barneko gerrak. Ehunka altxamendu izan dira Boliviaren historian, agintari gehienak aurrekoa kalituta heldu izan dira boterera. Evok irabazitako lehen bozak ere, Gasaren Gerraren ondorioz, Sanchez de Lozada presidentea kanporatzetik deitu ziren. Orduan gasa zen erreboltaren erregaia, orain, antza, litioa.

2006an, indigenak beti gehiengo izan dituen errepublika 200 urte betetzera zihoala, lehen presidente indigena iritsi zen Evo Morales Ayma, aimara.

Hor hasi zen atzo arteko ibilbide ausarta. 2009ko Konstituzio berriarekin, Bolivia, Errepublika izateari utzita, Estatu Plurinazional bilakatu zen. Deklarazio hori edukiz betetzea izan da, hein handian, hamarkada honetan MASek bere(n) gain hartutako erronka.

Orainaz. Estatuaren deszentralizazioa eta subiranotasun energetikoahartu dira eraikuntza sozialaren zutabe nagusi.

Lehena gauzatzeko departamentuko, eskualdeko, udalerriko eta Autonomia Indigena Jatorrizko Nekazarien autonomiak egituratu eta abiarazi dira. Azken hau, AOIC delakoa, botere-indigenaren adierazpenik aurreratuena da, legeri osoa ezartzeko eskuduntzaduna. AOICa, autodeterminazio eskubidearen jabe ere badena, inplementatzen ari da, esaterako, Charagua-Iyambae udalerri guarania, non diharduen hizkuntza-lankidetzan Garabide elkarteak.

Ez zaio, agian, aski erreparatu munduan aitzindaria den ariketa politiko eta sozial honi, estatuen aje zentralizatzaile eta itogarriak gainditzearen aldeko esperientziari.

Deszentralizazioak bete-betean jotzen du Boliviako jatorrizko hizkuntzen kudeaketa eta biziberritzea ere. 2009ko konstituzioak, 5. artikuluan, 37 hizkuntza ofizial onartzen ditu, espainola barne, eta tokian tokiko administrazioei gutxienez horietako baten jarduteko betebeharra zehazten die. Erronka handia da XXI. mendearen zeharkaldia hizkuntza indigenentzat. Kontinente osoan bezala, boliviarrek transmisioa ia etenik dute eta hezkuntzan taxuzko presentziarik ez. Gazte belaunaldiek ezin, beraz, atxikimendu indartsurik ageri.

Eragile indigenak kexu dira ez zaiolako baliabiderik eskaini hizkuntzen ofizializazioa garapen kultural bihurtzeari. Ez du ematen Janine AƱezen lehentasunetan datorrenik.

Bolivian ere pobrezia indigena da. Subiranotasun energetikoa eta aberastasunaren birbanaketa justurako urratsak batera doaz. Ikus sarean Evoren gobernuek nazionalizatutako enpresen zerrenda luzea, eztainu-meatzetatik nazioarteko hidrokarburo- eta elektrizitate-ekoizle erraldoietaraino. Lotura estua dute, zinez, erabakiok eta ongizate-adierazleek azken hamarkadan izandako hobekuntzek. Ez da, justizia sozialaren alde, indigenen bizi baldintzak eta aukerak hobetzeko, gobernu masistek gauzatutakora arrima litekeen ahaleginik izan Boliviako historian. Bego esana.

Eta geroaz. Arriskutsuegia da munduaren aurrean estatu plurinazionala eta subiranotasun energetikoa modu eredugarrian praktikatu nahi izatea. Hamarkada bateko higadurak sektore batzuk Evoren gestiotik urrundu ditu eta neoliberalismoaren ordezkaririk zitalenek (Vox-ekoak aprendizak dira Camachozaleen ondoan) erruki gabe eraso dute. Altxamendu indigenak mendean hartzeko historikoki erabilitako estrategiarekin: liderra suntsitzea. Zailegi orekari eustea.

Lagun arteko kargu banaketa arbitrarioarekin (halakorik ikusteko Boliviaraino joan beharrik ez, ez?) eta erauzketa-industrietara lerratu izanarekin batera, Evoren agintaldiak iraupena izan du kritikarik usuena. 2016ko erreferendumean boliviarrek hirugarrenez ez aurkezteko eskatu arren, gertuko zenbaitzuek pentsatuko zuten eraldaketa sozialeko zikloak denbora behar zuela, Evoren lidergo barik gaitza zela segitzea. Kalkulu politiko okerra.

Hauteskundeen osteko mobilizazio handiak uztailean Boliviako hegoaldean piztutako suteen aitzakiara izandakoekin prestatu ziren. Eraldaketa-zikloa edonola eten beharra zegoen.

Kezkagarriak, besteak beste, eliza ebanjelikoen (bibliazaleen oro har) eragina kontinentean, AEBen itzal nonahikoa, litio erreserben kontrolerako interes ezkutuak eta gutxiengo zuriak, bortxaz finkatutako pribilegioak galtzearen beldur, hegoaldeko camben eta colla andetarren arteko diferentzia kulturala ezinikusi bilakatzeko egindako lana. Aurreko gobernuaren aldeko lider eta arduradunak ezkutuan mehatxatuta. Guaido eta Bolsonaro (Europar Batasuna?) kriskitinetan. Horradatorkeenaren osagaiak.

Duela 50 urte idatzi zuen Fausto Reinagak La RevoluciĆ³n India. Tawantinsuyu eta inken antolamendu soziala aldarrikatu zituen, behin eta berriro errepikatuz: Bolivia izango bada, indioa izango da. Eta indioa, hara, komunitarioa da. Jallalla lagunok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.