Ernai gazte antolakundeko kidea

Borobildutako datak

Maddi Urruzuno Gartzia
2026ko otsailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norberak baditu egutegian borobildutako datak, arrazoi bat edo besterengatik garrantzitsuak direnak, denbora luzez horien esperoan egotera garamatzatenak. Gazte independentistontzat data horietako bat da Aste Santuko lehen aste bukaera. Ez ordea Aste Santua delako, udaberriro data horietan Gazte Topagunea ospatzen delako baizik.

Denok dakigu aurreiritziek maiz talka egiten dutela errealitatearekin, eta hori gertatzen da jendartean gure belaunaldiarekiko hedatuta dauden sinesmenekin. Zenbatetan entzun dugu «gazteek ez dute politikarekiko atxikimendurik», «gazteak ez dira ezerekin konprometitzen» edo antzerako zerbait? Eskerrak, ordea, herri honetan badirela ideia horiei kontrajartzen zaizkien adibide ugari, eta esango nuke esanguratsuenetako bat topagunea bera dela. Izan ere, egunerokoan lanean ari garen eta eraldaketan sinesten dugun gazteon jardun militantearen emaitza dira egun hauek. Beste gauza askoren artean, gure esku propioekin antolatzen baitugu urtero ekimena, eta Euskal Herriko milaka gazterentzat gogoeta kolektiborako zein borrokarako ezinbesteko lekua baita hau.

Horrela, urte luzez gazteria independentistarentzat etxea izan da Gazte Topagunea. Eta bertan sortzen den giro horrek eraman gaitu askotan egun horiek eta, orokorrean, ekimena bera oasi batekin alderatzera. Hala ere, uste dut konparaketa hori ez dela egokia. Gazte Topagunea gure errealitateetatik ateratzen gaituen amets bat eta ezerezetik sortzen den uharte bat izatetik urrun, gure eguneroko jardunari estuki lotuta dagoen zerbait delakoan nago. Beste batzuen artean, gure balioen erakusle nagusienetako bat dena.

Bizi dugun testuinguruan, gainera, ez da erronka makala lau egunez horrelako egitarau bat aurrera eramatea. Izan ere, gurean nahikotxo dira interes konkretuekin antolatutako makrojaialdi eta bestelako ekimenak, eta egoera honetan bestelako eredu batzuen existentzia are beharrezkoagoa dela iruditzen zait. Horrela, gurearen moduko herri zapaldu batean ezinbesteko bilakatzen da Gazte Topagunea, balio politikoen baitan eraikitzen den eta asmo bakartzat eraldaketarako grina hauspotzea duen planteamendua. Hori da niretzat ekimenaren potentzialtasuna.

Argi dago baditugula kontran faktore ezberdinak eta, askotan aipatu dugun moduan, garai nahasi eta zailak bizi ditugula. Hala ere, sinetsita nago badagoela aldaketarako ilusioa eta gogo kolektiboa irradiatzen duen gazteria bat. Gure alde badugu guztion artean osatzen dugun komunitate bat, herri aske baten bidean konprometitua dagoen gazte belaunaldi oso bat. Eta eraldaketarako nahi horrek eramango gaitu aurten Euskal Herriko milaka gazte independentista udaberriro modura Gazte Topagunean parte hartu eta Abadiñon elkartzera.

Helburu horrekin, beraz, jada bagabiltza herriz herri aurrelanketan, gazteekin harremanetan, propaganda jartzen eta aurkezpenak egiten. Esan bezala, hau ez delako magiaz sortzen, baina egun horietan sortzen dena magiarekin alderatu daiteke, eta, horregatik, apirilaren 2, 3, 4 eta 5 jada markatu ditugu gure egutegietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA