sonia gonzalez
SEI EZKAILUK HAMABI

Bostbederatzi

2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

— Eta hori lore hori?

— Ez zaizu gustatzen, ala?

— Ondo polita da, bai, baina zer dela eta?

— Arantza Arrutiren omenez. Goizean honen eder ikusi ditut ortuan, ze bat hartu dut ilean paratzeko.

— Gogoratzen dut elkar topatu genuen azkenengoa… Orduan ere irribarrez eta begiak dir-dir, betiko legez.

— Belaunaldi bakoitzarekin batera, guztion zerbait ere joaten da. Bidearen produktua gara.

— Atzera begiratzea barrura begiratzea da.

— Bai. Eta etorkizunerantz egiten den pauso bakoitza iraganean egindako pauso sendo batek abiarazi behar du.

— Tokian herren geratu nahi ez bada.

Pilosopiko gabiltza, gero!

— Udan eguzki larregi hartu izanaren ondorioak, akaso?

— Baliteke, kar! Badakizu? Lehengo egunean halako helikoptero handi bi ikusi nituen etxe aurretik pasatzen. Zaratots handia entzun, ezkaratzeko leihotik begiratu eta hantxe!

— Seguruenik suteak amatatzen laguntzera zihoazen.

— Horixe pentsatu nuen nik. Zelako astrapala, zu!

— Zelako astrapala eskumak eta ultraeskumak Espainiako Gobernua hartzen badute.

— Ba bai, ederra daukagu hartzen dutenean.

— Ni beldurkilik nago.

— Ixi, oilo loka hori! Neke eta kantsazioagatik bada ere, agintera helduko dira. Ez PSOEren akiduragatik, ez. Nik uste espainolek botoa emango dietela, erretolika berbera berriz ez entzutearren.

— Badakizu zerk eman didan amorrurik handiena? Marlaska edo Robles berbetan entzun eta buruarekin baietz esaka nenbilela konturatzeak. Egundaino halakorik! Kar!

— Beinke! Kar! Trankil, hau ez da gure artetik harago irtengo. Beittu zeintzuk dauden hor! Imanol, Karlos koixoa eta Julen SanPedrokoa…

— Ba Karlos koixoa ez dago batere txarto.

— Ez, koixoa dela kentzen badiozu… kar! Bueno, honako alturatan, koixo ez dabilena, sekulako zilbota dauka edo hiru pastilla hartu behar ditu egunean, kar!

Halantxerik! Kar! Alarguna da, badakizu, ezta?

— Uffffa, hauxen galbana… ligatzen hasi? Pentsatze hutsaz kantsatu egin naiz… Baina badakizu zer etorri zaidan gogora hiru hauek hor itxoiten ikusitakoan? Telebistatik ikusi nituen hiru gizon palestinar gomutatu ditut. Gure kintakoak, gutxi gorabehera. Hantxe, oraindik zutunik zirauen eraikin baten alboan, gerizpetan. Eskolako lagunak izan ahal ziren edo herri berekoak edo, batek daki, agian ihesean ezagutua zuten elkar… Orduko erasoaldi hartan libratua zuten, baina bazekiten heriotza helduko zitzaiela, hurrengo astean, hurrengo egunean, hurrengo orduan... Bizitza heriotzari itxarote huts bihurtua.

— Honezkero, seguruenik, ez daude.

— Ez daukat zalantzarik. Duela mende bat holokaustoa, eta faxismoa bera, zelan izan ziren posible galdetu diogu geure buruari mende osoan zehar. Azterketak, liburuak, teoriak, soziologia, politika, psikologia… hainbat diziplina eta ez bide diogu erantzun zuzenik eman.

— Edo bai, agian erantzun zuzena eman diogu eta erabaki dugu ez dela hainbesterako, politikoki eta ekonomikoki probetxua atera ahal den bitartean.

— Non gelditu dira Bigarren Mundu Gerraren ostean sortutako erakundeak? Non Nazio Batuen Erakundea? Non Nazioarteko Justizia Gortea? Ze puntutan agortu ziren orduko asmo onak?

— NBE Hamas da.

— Bai, NBE ETA da.

— Zeuk esan duzu. Asmo onak. Itxuraz, behintzat. Duela mende bat ere balizko asmo on horien atzean interes ekonomiko, politiko eta geoestrategikoek agintzen zuten eta. Interes horiexen gainean eraiki zen Israel. Orain kontua ez da, soilik, ez dela ezer egiten kontra, hori, berez, nahiko latza izango litzateke, baizik eta, ezer egitekotan, Europak bere buruari ipini zion zeregina gogoratzen dutenak jartzen dituztela jo puntuan.

— Ba al dakizu Trump, Kushner —Ivankaren senarra— eta Blair elkartu zirela aurrekoan?

(ID_17576663529795) (/Paula Roson) Iritzia saila
Paula Roson.

— Ze Blair, Tony Blair?

— Bai, horixe bera, hainbeste diru egiteko balio izan zuen Irakeko gerrakoa. Gazako hurrengo eguna prestatzen dabiltza.

Gaza Riviera prestatzen?

— Trumpek esan bezala, lurralde ederra izango da, non jende guztia pozik eta alai biziko den.

— Jende guztia…

— Bai, jende guztia. Nor den pertsona eurek erabakitzen dute eta duintasuna dirua daukatenen pribilegioa baino ez da. Hurrengo eguna: negozioa, negozioa eta negozioa hilobi erraldoi baten gainean, putre guztiak ea zer aterako.

— Eta arabiar herrialdeak?

— Emirerritarrak ere, besteak beste, hor dabiltza. Ez duzu pentsatuko Estatu Batuetan gastatu behar dituzten 400.000 milioi dolarrak ezeren truke direnik, ezta?

Joe, orduan, borboiak ‘gestioren’ bat egiteko aprobetxatzen badu, badaude denak!

— Zelan deitu ahal diogu geure buruari izaki humano, humanitatea guztiz galdu badugu?

— Ez denok, maitti, begiratu ingurura!

— Bai, baina titietara arte nago herritarron lepoak hala kargatzeaz. Borreroari aurre egiteaz gain, berau babesten dutenen errepresio edota epelkeriari ere aurre egin beharra.

— Astindu bandera hori eta sakatu hortik! Barka itzazue eragozpenak zuen lasterketa honetan, baina kilometro batzuetara genozidio bat gauzatzen ari da.

— Inor molestatzen ez duten protestak ez dira protesta, ondoriorik ez dakarten huskeriak baino.

— Berba hutsak bezalaxe.

— Ikusiko duzu, herriaz harro azaldu beharrean, ez dute denborarik faltako aurka irteteko. Zergatik eta ispilu bat aurrean jartzen diegulako, zergatik eta euren lotsa falta eta saldukeria agerian uzten ditugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.