Oihane Amantegi (L)

Boza, bakarrik

2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrekoan bakarrik joan nintzen kontzertu bat ikustera.

Aurrekoan kontzertu bat ikustera bakarrik joan nintzen.

Bai, astuna izaten naiz batzuetan sintaxiarekin eta ordenarekin, baina ez da berdina gauza bat ala bestea esatea. Eta gauza bat esan nahi bada, gauza bat esan nahi da: ezin dira bi izan. Zerbait beste inoren konpainiarik gabe egitea: bakarrik. Eta, era berean, zerbait esklusiboki egitea, hori baino ez: bakarrik. Kontua da egun hartan bi adierek egin zutela bat, eta bakar-bakarrik joan nintzela kontzertu bat ikustera; bakar-bakarrik eta gustoso, inoren ardurarik gabe —neurea ez bazen—. Eta, aldi berean, ez nuela gauza handirik gehiagorik egin egun hartan, eta eguneko gauza aipagarri eta nabarmen bakarra kontzertu hura izan zela. 

Bukaeran gertatu zen, barrara hurbildu eta gero aurreko pelotoira juntatzeko batere asmorik ez nuela, atzealdean gelditu nintzen azken abestiak entzuteko. Ondoan neuzkan neu baino nagusixeagoak izango ziren hiru lagun: neska bat eta bi mutil. Neska gerturatu zitzaidan, eta ea bakarrik joana nintzen kontzertura. Eta bai ba, baietz esan nion. Besarkatu egin ninduen —pentsatuko zuen agian behar nuela besarkada hura, han bakarrik egonda— eta me encanta esan zidan. Me encanta. Eta nik, ya ves. 

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Asko apreziatzen dudan pertsona batek esaten du bizitza honetara bakar-bakarrik iristen garela eta bakar-bakarrik egingo dugula alde, eta tartean, bide labur edo luzeagoa tokatzen zaigula ere, bakar-bakarrik igaro beharko ditugula zenbait trantze. Gregarioak garela, bai; taldekoi, bai; besteak behar ditugula askotan bizirauteko, bai. Baina nola diren gauzak, besteak behar ditugula, baina bizitzako gauza transzendental asko bakarrik egitea tokatzen zaigula. Igual eutsiko dizute eskutik fuerte hiltzen ari zaren artean, baina joan zu baino ez zara joango. Zatozenean, berdin. Egongo da inguruan besoetan hartuko zaituenik, baina etorri zuk zeuk etorri behar duzu.

Hautetsontziaren aurrean bakar-bakarrik egiten duzun hori transzendentala da. Eta eragiten dio jende askori. Beste jende hori zenbat axola zaizun, ba hor igual gakoa

Eta gero, hain transzendentalak ez diren gauza askoren artean ere, komeni da eta askotan hobe da nabarmen gauza batzuk bakarrik eta bakardadean egitea: kaka, adibidez. Edo lantzean-lantzean kontzertu bat ikustera joatea. Edo zinemara sartzea. Edo eskapadatxo bat egitea, ahal dela. Eta idaztea, idatzi ere bakar-bakarrik egin behar da, eta asmatu zer esan nahi duzun. 

Bada gauza bat, ordea, beste guztien artean, ez dudana egundo neure bakardadean egin: ez naiz inoiz boza ematera bakarrik joan. Hor bai izan naizela gregario, eta begira ze absurdoa den gauza, boza bezalako gauza indibidualagorik ez dagoenean; indibidualagorik edo, besterenezinik. Beti joan izan naiz inoren konpainian, eta gehienetan erritu egin dugu bozkatzearen artea: joan, egin, zelebratu. Zelebratu eszeptizismoaren gainetik, koiunturaren gainetik, nagiaren gainetik ere bai noiz edo noiz. Elkar agurtu, besarkatu, ardo bat edan. Zelebratu eta komentatu, eta telefono bidezko eztabaida luzeetan, gaueko programetan emaitzak alderatu, urduritu, esperantzak hartu edo esperantzak abandonatu. 

Hala ba, datorren igandean bakarrik joaten baldin bazara boza ematera, pentsa igual botoarena badela norbanakoaren eta taldearen interstizioa hoberen irudikatzen duten ekintzetako bat. Eta komunean bakar-bakarrik zaudenean kaka egiten duzunean ez bezala, hautetsontziaren aurrean bakar-bakarrik egiten duzun hori transzendentala dela. Eta eragiten diola jende askori. Beste jende hori zenbat axola zaizun, ba hor igual gakoa. Eta sintaxiari erreparatuta, bi iganderen buruan boza ematera bakarrik joaten baldin bazara, egun horretan hori baino ez baduzu egiten, pentsa ez dela gauza batere hutsala, eta asko egitea dela. Gugatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA