Hiru aste igaro dira MSTren (Lurrik Gabekoen Mugimendua) Florestan Fernandes Eskola Nazionalak antolaturiko Teoria Politiko Latinoamerikarra deritzon formakuntza zikloari ekin genionetik. Formakuntza ziklo honen helburuetako bat, hain zuzen ere, Abya Ayalako prozesu historikoen eta egun oraindik erresistentzian diharduten mugimendu iraultzaileen proposamen politikoak aztertu eta sistematizatzea litzateke. Formakuntza ziklo honen erdian murgildu gara Brasilgo Hauteskunde Orokorretan. Hartara, hauteskunde prozesu honi begira eta egun bizi dugun garai historikoaren inguruko hainbat gogoeta plazaratzeko aukera baliatu nahi dut, zeinak nireak izatetik urrun, bertako kideen iritzi eta azalpenetan oinarritzen diren.
Aurreikuspen ororen kontra, lehen itzulian Flavio Bolsonarok bi milioitik gora boto atera zizkion Lulari; asko dirudien arren, ehunekotan %47,03 eta %45,16ko emaitza izan zuten hurrenez hurren. Inork gehiengo osoa lortu ez zuenez, lehendakaria bigarren itzulian erabaki behar.
Kongresuaren eta Senatuaren osaerari dagokionez ordea, emaitza oso bestelakoa izan da: Flavio Bolsonaroren PL alderdiak 121 diputatu (%23,6) eta 28 senatari (%34,6) lortu ditu, Lularen PT alderdiak, bestalde, 70 diputatu (%13,6) eta 9 senatari (%11,1). Sozialdemokrazia progresista ordezkatzen duen alderdia gutxiengo nabarian eta politika legegileak aurrera ateratzeko ia aukerarik gabe. PTren ezkerretara ezer gutxi. Eskuin muturra bestalde, lehen indarra, eta gaizki deituriko zentroko alderdiak bigarren honekin aliantzak egitera kondenaturik.
Gauzak horrela, herri langileak eta klase herrikoiek kaleak hartzeko hautua egin zuten Paulista etorbidean buruturiko bi mobilizazio historikoetan, zeinetan aldarrikapen ugariren artean, borroka antifaxistaren, borroka antirrazistaren, borroka transfeministaren eta lurraren birbanaketaren aldekoak nagusitu ziren. Faxismoa berriro ere Brasilgo lehendakaritzara iristeko arrisku errealaren aurrean, bigarren itzuliari begirako lanari ekin zioten; herriz herri, etxez etxe.
Hiru aste hauetan propaganda lan nekaezinean aritu dira ezkerreko alderdi eta mugimendu sozial guztiak, eta ohikoa den moduan Lularen figura karismatikoak zentraltasun osoa irabazi du, bi alderdien proiektu politikoak eta bakoitzaren proposamenak bigarren mailan gelditu direlarik.
Zaila litzateke honako artikulu honetan PT alderdiak azken hamarkadetan zehar egindako politiken azterketa sakon bat egitea, bai eta honek elite ekonomikoarekin zein potentzia inperialistekin izandako harremanak azaltzea, baina lurraldearen berezitasun zehatzak kontuan hartzea ezinbestekoa da, sozialdemokraziak edota progresismoak sistema kapitalistaren baitan betetzen duen funtzio kontziliatzaile, despolitizatzaile eta desmobilizatzaileak zein forma zehatz hartzen duen ulertzeko.
Politika aurrerakoiek, azken finean, kapital metaketa pribatua bermatzea eta herri klaseen potentzial iraultzaileen kontentzio lana betetzea dute helburu, baina estrategia iraultzailerik gabeko prozesu orok mugak dituen modu berean agortu zaio bidea sozialdemokraziari
Lularen Brasil izan zen 2024ko urrian Venezuela BRICS aliantza politiko eta ekonomikoan sartzea eragotzi zuen agente bakarra, hauteskundeen gardentasun falta zela eta, Maduroren lehendakaritza onartu ezin zitekeelako aitzakiapean; urtebete geroago iritsiko zen eraso militar inperialistari ateak zabalduz. Honen benetako arrazoia, ordea, Lulak 2022ko hauteskundeak irabazteko Estatu Batuengandik jaso zuen babesaren zorra kitatzea izan zen, bestela ere, ezin ulertu daitekeelako Jair Bolsonarok 2023an egindako Lularen kontrako estatu-kolpe saiakera gelditu izana.
Baina eskualde mailako politikei ez ezik, lurraldeari begira ere garaturiko politikei aipamen bat egitearren, honako hauek ezaugarritu dute PT eta Lularen legegintzaldietan aplikaturiko politika: langile klasearen sektore pobretuenaren bizi baldintzak hobetzeko neurri asistentzialistak (gosearen kontrako elikadura programak eta Familia Poltsaren bitartez oinarrizko beharrizanak asetzeko dirulaguntzak —2013an 14 milioi pertsona lagunduz—), soldaten errebalorizaziorako neurriak (2003-2016 bitartean gutxieneko soldata %70 inguru hazi zen), hezkuntzarako sarbidea bermatzeko neurriak (institutu eta unibertsitate berriak zabaltzeko finantzaketa eta «kuota raziala» komunitate indigena eta afro-amerikarraren mesederako) eta osasungintza publikoaren hedapena (bereziki landa eremuetan). Zerrenda luzatu liteke, etxebizitzak eraikitzeko eta eskuratzeko laguntzak, Etxeko Langileen erregularizaziorako neurriak (2013) edota Ingurumen babeserako legeak aipatuta, besteak beste.
Ez da nire asmoa PT alderdi progresistaren zuriketa egitea, kontrara, haien politika «positiboak» aitortzearekin batera, berauek sostengatu zituzten baldintza material eta finantzarioak zeintzuk diren azaltzea baizik. Izan ere, Brasilen ez ezik, munduko beste hainbat gobernutan egon diren indar progresistek, azken hamarkadetako kapital metaketa eta irabazi tasa altuen garaiak baliatu dituzte horrelako neurrien aplikaziorako, besteak beste, kolonialismotik Hego Amerikari egotzi zaion funtzio historikoan sakonduz eta baliabide naturalen ustiapen eta esportazioa areagotuz.
Alderdi guztiak berdinak direla dioen iraultzailea oker dabil, bataren eta bestearen funtzio sozial eta politikoaren aldea nabaria baita
Alabaina, egiturazko eraldaketa sozioekonomikorako neurri esanguratsurik ez. Politika aurrerakoiek, azken finean, kapital metaketa pribatua bermatzea eta herri klaseen potentzial iraultzaileen kontentzio lana betetzea dute helburu, baina estrategia iraultzailerik gabeko prozesu orok mugak dituen modu berean agortu zaio bidea sozialdemokraziari. Kapitalismoaren egiturazko krisialdi betean aurkitzen garen honetan, ezinezkoa da horrelako politika aurrerakoiak aplikatzen jarraitzea, ez dagoelako hauek finantzatzeko kapital nahikorik, eta honek alderdi sozialdemokratek sinesgarritasuna galtzeaz gain, gaitasun kontziliatzailerik gabe uzten ditu gobernu aurrerakoiak. Hori da egun zabaltzen ari den garai historikoaren ezaugarri nagusietako bat. Erreformismoaren eta sozialdemokraziaren garaia amaitu dela azaltzea eta aukera errealik gabeko proiektuak direla azpimarratzea iraultzaileon urgentziazko betebeharra bihurtu da, eta nola ez, horrelako krisi garaietan jaiotzen dira munstroak, estrategia iraultzailerik eta alternatiba sozialistarik ezean, ideologia faxista eta erreakzionarioek betetzen dutelako hutsunea.
Honen adierazpen argia da Brasilgo lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitza, zeinetan Lulak 64.256.232 boto lortu bazituen ere (lehenengo itzulian baino 11 milioi gehiago eta guztizko botoen %51,79), Bolsonaro miliziano faxistak 59.826.041 boto (%48,21) lortu zituen.
Horregatik diogu ez dugula proiektu sozialdemokrata progresistaren garaipen elektoralik ospatzen, garapen kapitalistaren berme izan den eta egun agorturik dagoen proiektuaren programa elektoralak ez gaituelako ordezkatzen. Aldiz, faxismoak hauteskunde presidentzialak galdu izana da pozten gaituena; honek, gaur-gaurkoz, eta nolabait, denbora ematen digulako iraultza beste biderik ez dagoela sinisten dugunoi. Izan ere, alderdi guztiak berdinak direla dioen iraultzailea oker dabil, bataren eta bestearen funtzio sozial eta politikoaren aldea nabaria baita; hala eta guztiz ere, inperialismoa suntsituko duen eta langile klasearen eta nazio zapalduen askapen prozesua artikulatuko duen mugimendu iraultzailerik izan ezean (zeina nahitaez maila internazionaleko aliantzekin artikulatu beharko den), betikoek irabazten jarraituko dute, horien aurpegiak ezagunak edo berriak izanik ere. Hausnarketa honek berdin balio digu Brasilen, Frantzian edota Espainiar Estatuan.