Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Brokolia arrozean

2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekea. Nahasmena. Etsipena. Mundu osoan orokortzen ari diren sentsazioak dira. Inpotentzia. Eskuin-muturraren oldarraldiak geldiezina dirudi. Alemaniako Saxonia-Anhalt estatuko bozetan gertatutakoa ez da sorpresa izan. Latinoamerikan jazotakoaren segida izan da (azken hamar hauteskundeak ezkerrak galdu ditu). Batek daki gaur Suedian eta aurki Frantzian, Brasilen edo —hain urrutira joan gabe— Espainian izango diren hauteskundeetan zer gertatuko den.

Duela hamabost bat urte distopikoa lirudike pentsatzea eskuineko populismo autoritarioa egun hain hedatuta egon zitekeela mundu osoan. Areago, aukera hori erakargarria izan zitekeela zapalduta bizi diren milioika herritar xumerentzat. Hain gaizki egin al ditu gauzak ezkerrak? Hainbeste ergeldu da jendea?

Agian, galdera potoloa beste bat da: iritzi publikoa ardazteko mekanismoak hain erraz manipula badaitezke, benetan pentsatu behar dugu demokrazian bizi garela? Gure ordezkariak (ustez) libreak diren hauteskundeen bitartez aukeratzen ditugu. Inork ez digu pistola buruan jartzen boto-paper hau edo bestea hautatzeko. Hala ere, hauteskunde horien gardentasuna kolokan da. Gero eta handiagoak dira prozesu horien inguruan zabaltzen ari diren zalantzak: desinformazioaren eragina, algoritmoaren perbertsioa, sare sozialen dinamika polarizatzailea, plataforma handien joera, komunikabideetako handikien hautu ideologikoak… Beste modu batera galdetuko dut: hartzen dugun erabakia librea al da? Izan ere, hauteskunde libre eta justuak bermatzea funtsezkoa da prozesu demokratikoa sustatzeko.

Kezka hauek unibertsalak dira. Mundu osoan ari gara jira eta bira ardatz beraren bueltan, irtenbideak —eta ez kontsolamenduak— bilatu nahian. Joan den larunbatean, irailaren 5ean, La Vanguardia egunkariaren Cutura/s gehigarrian, Cristina Consuegra kazetariak bi filosofo hauek elkarrizketatu ditu: Carlos Fernandez Liria (Madrilgo Konplutentseko irakaslea) eta Eudald Espluga (idazle eta kazetari katalana). Piezaren izenburua: Dos miradas sobre la IlustraciĂ³n oscura (Bi begirada Ilustrazio ilunari buruz).

Kapitalismo suntsitzaile honen amaiera ez da etorriko bat-batean buruargi batek piztiari bihotzaren erdian sastada ausart bat ematen diolako. Amaituko da milioika erle ados jartzen diren egunean munstroaren azalean beren eztenkadak emateko

Nork bere aldetik egin du gogoeta. Nork bere ikuspuntutik idatzi du bere azken saiakera. Fernandez Liriak: Contra la IlustraciĂ³n oscura (Ilustrazio ilunaren aurka). Esplugak: Imaginar la fi. Horror climĂ tic, tecnofeixisme i esperança apocalĂ­ptica (Amaiera imajinatzea. Izu klimatikoa, teknofaxismoa eta itxaropen apokaliptikoa). Biak ala biak bat datoz beren ondorioetan: Ilustrazio ilunak —hau da, megakorporazio teknologikoek aisialdi eta informaziorako sortutako ekosistema— helburu garbiak ditu: instituzio demokratikoak deuseztatu, herritarren eskubideak kapitalaren tresna bilakatu eta mugimendu antidemokratiko, supremazista eta tradizionalista planeta osoan hedatu.

Erauntsi horren buruak teknooligarka ezagunak dira: Elon Musk, Jeff Bezos eta Peter Thiel, besteak beste. Azken horren profila ez zaigu, agian, hain ezaguna egingo. Berezia da: Frankfurten jaiotako estatubatuarra da, putre funts globalen gidaria, anarko-kapitalista eta xake-jokoan trebea. Haientzat demokrazia maldan behera doan instituzio zaharkitua da. Horregatik suntsitu eta sistema alternatibo bat eraiki behar da.

Fernandez Liriak eta Esplugak azpimarratu dute alternatibak izan badirela. Estrategia berritzaileak garatu behar dira ezinbestean: borroka politikoan, itxaropen errealetan eta transformaziorako tresna eraginkorretan oinarritutako planteamenduak, alegia. Fernandez Liriaren esana: «Proletario digitalak ahaldundu behar dira, harik eta espazio publikoa aberasten duten hiritar oso bihurtu arte».

Ederto, Txema. Baina, hori, nola egiten da? Nola? Nola aurre egin gure marko emozionala —bizitza da lehena— eta narratiboa —etorkinek diru laguntzak kentzen dizkigute— egunero kolonizatu dituzten diskurtso erreakzionarioei? Gezurrak ez du irabazten jendea konbentzitzen duelako, etxekoa egiten zaigulako baizik. Ikerketa eta aditu askok azpimarratu dute hori.

Demokraziaren defentsan diharduen nazioarteko Democracy Hub (D-Hub) mugimenduak bere Anti-autoritarismoaren gidaliburu-an aipatzen duen bezala, «dagoeneko ez gaude fact checking-aren garaian. Zerbait gezurtatzen dugunean, berandu iristen gara. Orain, gakoa aurrea hartzea da, gure markoa haiena baino lehenago iristea».

Esatea erraza. Gauzatzeko gatza. Mugimendu horretako kide Agustin Frizzera irakasle eta soziologo argentinarrak garbi dauka: «Ideiak ikusgarri ez badira, ez ditu inork entzuten. Metaforak, ikurrak, irudi zehatzak erabili behar dira». Erreminta bat ere proposatzen du: umorea. «Tresna horrek beldurra hautsi, epika autoritarioa desarmatu eta boterea irrigarri bihurtzen du». Hauxe bere errezeta magikoa: «Arroza brokoliarekin»: «Jendeak masiboki kontsumitzen eta gozatzen dituen tokietan egon behar da, eduki politikoak txertatuz, elkarrizketaren jarioa behartu gabe, baina hor egonda; berdin dio kultur saioak izan edo aisialdikoak izan… eduki politikoak eguneroko kontuekin nahastu behar dira».

Neofaxismoa ez da izurrite saihetsezina. Ez da erremediorik ez duen gaitza. Badira alternatibak. Ezker politikoak bere sektarismo autosuntsitzailetik atera behar du. Fronte zabalak artikulatu, diskurtso irekiak egin… John Holloway soziologoak aspaldi esan zuen bezala, kapitalismo suntsitzaile honen amaiera ez da etorriko bat-batean buruargi batek piztiari bihotzaren erdian sastada ausart bat ematen diolako. Ez. Amaituko da milioika erle, ekintza koordinatu batean, ados jartzen diren egunean munstroaren azalean beren eztenkadak emateko. Orduan hilko da piztia. Orduan sortuko da alternatiba. Orduan biziko gara libre. Eta, zergatik ez, agian brokolia jarri beharko dugu arrozean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA