Zero Pobrezia Donostia plataforma

Buloak geldiarazi, norabidea aldatu

Haizea Bernas Loinaz eta Silvana Luciani
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nolabaiteko kontsentsua zegoela zirudien arren, guztion ongizatea, giza eskubideak eta balio demokratikoak zalantzan jartzen ari dira. Baina nola iritsi gara honaino?

Informazioa oso azkar dabil gaur egun, eta gero eta zailagoa da bereiztea zer den egia eta zer ez. Mundu osoko biztanleriaren %62 kezkatuta dago Interneten mugitzen den desinformazioarekin. Europako herritarren %70 beldur da prozesu demokratikoengan gerta litekeen atzerritar esku sartze koordinatuaz eta informazioaren manipulazioaz. Espainiako estatuko biztanleen %70ek uste du gai dela buloak edo fake news-ak detektatzeko, baina soilik %14k kontrastatzen ditu jasotzen dituen albisteak partekatu aurretik.

Sare sozialak eta bideo-plataformak hedabide tradizionalak gainditu dituzte jada informazio iturri nagusi gisa, eta horrek zaurgarriago egiten gaitu kazetaritzaren etikarik gabe argitaratutako edukien aurrean. Euskal gazteen %75ek sare sozialen bidez baino ez du bere burua informatzen; eta soilik %13,4 sentitzen da «oso seguru» eduki faltsu bat identifikatzeko orduan. 

Testuinguru ezin hobea da eskuin muturrak eta zenbait komunikabidek albiste faltsuak sortzeko, gezurrak zabaltzeko edo benetako informazioa manipulatzeko, iritzi publikoan eragiteko eta balio demokratikoen aurkako imajinario kolektiboa sortzeko. Desinformazioa ez da ausazko fenomenoa; arma politiko eta elektorala da.

Diskurtso batzuek errezeta sinpleak saldu nahi dizkigute, ia magikoak, injustizia sozialaren benetako eta egiturazko kausak alde batera utzita. Buloez baliatuz, pertsona migratzaileak, errefuxiatuak, arrazializatuak edo pobretuak kriminalizatzen dituzte, eta haiei eraso; feminismoa edo LGTBIQ+ kolektiboa seinalatzen dituzte; larrialdi klimatikoa ukatzen dute; elkartasunari izen ona kentzen diote «lehentasun nazionalaren» izenean; GKEak eta gizarte mugimenduak iraintzen dituzte; ekintzaileei erasotzen diete...

Datorren hauteskunde zikloaren aurrean, erantzukizun kolektiboa eskatzen dugu botoa emateko orduan. Ezinbestekoa da justizia ekosoziala eta giza eskubideak sustatzen dituzten proiektu politikoak babestea

Alde batera uzten dute pobrezia eta desparekotasuna, hemen eta mundu osoan, sozialki eta ingurumenaren aldetik sostengaezina den sistema politiko eta ekonomiko global baten ondorio direla. Eta horrela, gezur artean, eskuin muturrak aurrera jarraitzen du. Bere proposamen politiko eta ekonomikoek aberastasunaren banaketa bidegabean, lan prekaritatean, etxebizitzaren krisian, zerbitzu publikoen ahultzean edo eskubideen murrizketan sakontzen dute, autoritarismoak boterera iritsi diren lekuetan ikusten ari garen bezala, adibidez El Salvadorren, Argentinan, edo AEBetan.

Gaur, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Zero Pobrezia plataformatik dei egiten dugu demokrazia, justizia ekosoziala eta mundu osoko pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzeko.

Ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren pentsamendu kritikoa indartzea, desinformazioaren, gorroto diskurtsoen eta narratiba baztertzaileen aurrean, batez ere ikastetxeetan.

Datorren hauteskunde zikloaren aurrean, erantzukizun kolektiboa eskatzen dugu botoa emateko orduan, bai Espainiako estatuko hauteskunde orokorretan, bai udal eta foru hauteskundeetan. Ezinbestekoa da parte hartzea eta justizia ekosoziala eta giza eskubideak sustatzen dituzten proiektu politikoak babestea. Boto kontzientea eta informatua erabakigarria da. 

Administrazioei desinformazioaren aurkako legeak eta neurriak eskatzen dizkiegu. Herritarrek egiazko informazio egiaztatua izateko duten eskubidea defendatu behar da, demokraziaren funtsezko printzipio aitortua eta oinarrizko zutabea baita.

Badira adibide asko: testuinguru latzetan, itxaropena loratzen da elkartasuna aktibatzen denean. Norabide aldaketa bat izan daiteke. Giza eskubideen defentsan mobilizatu behar dugu, baita antolatu ere, autoritarismoen gorakadari aurre egiteko, bai hemen eta bai mundu osoan. Txarrenari onena ateratzeko ordua da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA