Ez naiz azken manifestazioetan ibili. Zer eskatzen zen? Gehiago irabaztea. Gizona lur honetan agertu denetik, ez gara behin ere oraın bezain aberatsak izan. Ez dugu behin ere orain bezalako erreztasunik gozatu. Duela zenbait hilabete ehortzia dut Makeako lehen beribila erosia zuen gizona. Bere bizian ikusi du ere gizona ilargirat joaten. Zer punpea gizon baten bizian! Gerokoak geroko. Barda artikulu bat irakurtu dut, orenean 350 km eginen duen AHT berriaz! Beti eta laisterrago, beti eta gorago, beti eta handiago, beti eta modernoago, beti eta…
Nori baliatzen zaizkio horiek denak? Mundu honetan bizi garenon lauetarik bati! Besteak, lauetarik hiru, han, herrestan, mihia luzatua guk gozatzen dugunaren egarriz, begiak zabal zabala, hari begira. Eskandalagarri zait Carlos Ghosn Renaulten buruaren eta gutarik nornahiren irabaziaren arteko ziloa. Egia. Baina ez ote da zilo bera, eta handiagoa, gu eta heren munduko jende gehiengoaren artean? Frantziako BPGa 46.424 eurokoa da. Frantziako kolonia izan den Malikoa 1.211 eurokoa. 38 aldiz apalagoa! Eta gureak gehiago! Eta gure aberastasunak du handitu behar! Uste ote duzue horrek luzaz iraun dezakeela? Lur hau ez ote da denentzat egina?
Baionako manifestazioa abiatu den pundutik ehun metrotan dago Pausa, hemen pasatzen diren iheslari beltzen pausa lekua. 50.000 iheslarik jan eta lo egin dute hor zenbait urtez, 50.000 hemen berean, eta beste zenbat Mediterraneoan, Erresuma Batuan, Kanarian edo bestetan... Zer odol hustea Afrikarentzat! Beltz horietarik ez dut ikusi manifestazioan. Hitzik ez da izan horiekin elkartasunez, ez oihu bat, ez pankarta bat. Zer elkartasuna ezkerreko manifestatzaileen aldetik! Hitzik ez dut entzun gosean bizi diren 250.000 gaixoentzat. Hitzik ez, hemen berean Restos du Coeur elkarteak ematen dituen 19.000 apairuekin bizi beher dutenentzat. Guk dugu manifestatu behar?
Karriketan gabiltza oihuka diru gehiago nahi dugula. Oraino gehiago erosteko. Oraino gehiago botatzeko. Oraino gehiago kutsatzeko!
Joan den egunean Espainiako tren istripuan hil den frantses bakarrak izan du aipaldi! Hitzik ez, itsasoan itotzen diren milaka beltzetaz. Sahara basamortuan, gosez eta egarriz hiltzen direnak, badirela ere ez dakigu. Horiek bai emendatze behar gorrian daudela. Baina gu? Lepo zintzurreraino aseak, eta gehiago nahi dugu! Zorion gehiagoz gose amikatuak, kontsumismorat lerratu gara. Egarriaren kontra ur gazia edatea hautatu dugu. Sekulan ez gara aseak. Ez aseko.
Badakigu, baina ez ikusi nahi: gure gehiegikerien ondorioz lurra bera hil zorian emana dugu. Uda honetan izan ditugun erretzeko beroek eta idorteek erakutsi digute gure lur maitea biziki egoera txarrean dagoela. Mendian berean, ura eskas! Kamioitraka eraman behar ardientzat. Eta mendian daude gure ur erresalbuak. Jakintsu handienen arabera egoera txartuz baizik ez daiteke joan ondoko urteetan.
Karriketan gabiltza oihuka diru gehiago nahi dugula. Oraino gehiago erosteko. Oraino gehiago botatzeko. Oraino gehiago kutsatzeko! Lurra bera hiltzeko? Gure kontsumitze goseak itsutuak gauzka. Eta ezkerreko sindikatuek, ezkerreko alderdiek gaituzte gomitatzen oraino haratago joaiterat bide horretarik. Ez duzue haurrik ala? Nolako lurra nahi diezue utzi? Bizia gehiago posible ez den lurra?
ENA, Normal Sup, Polytechnique eta maila goreneko eskola famatuenetan formatu jakintsunen espanturik handienak eztituko ote zaizkie? Gogoeta sarkor bezain sakonetan dabiltza, hemendik zenbait dozena mila urteren buruan lur honetan agertuko omen litekeen bizi berriaz. Eta, nork daki? Moda berriko gizakiaz! Ez ote gabiltza buruz beheiti? Edo zangoz gora?