Basque Centre for Climate Change (BC3)

COP31: krisia eraldaketa aukera gisa

María José Sanz eta Oxel Urra
2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antalyan egindako klima-aldaketaren goi-bileraren amaierak uholde mediatiko katastrofista eragin du, eta komunikabide askotan klima-diplomazia agortzen ari dela iradokitzen duten titularrak irakur ditzakegu. Panorama horren aurrean, galdera argia da: COP31k erabat huts egin al du? Erantzuna ere argia da: ez.

Aurtengo goi-bilera «Antalyako Itunik» gabe amaitu zen, Turkiako eta Australiako presidentzien «cover decision» delakoan adostasunik lortu ez zelako. Hala ere, COP31ren arrakasta azken adierazpen politiko bakar batera mugatzea klima-ekintzaren konplexutasuna ez ulertzea da. Egia da erregai fosilak uzteko epeen eta finantza-konpromiso gehigarrien inguruko desadostasunek, egoera geopolitiko korapilatsuan, azken testua hankaz gora jarri zutela eta adostasun zabala zuten arlo tekniko askotako aurrerapenak oztopatu zituztela. Hala ere, horrek ez ditu dokumentutik kanpo lortutakoak deuseztatzen, ezta prozesu aldeaniztuna geldiarazten ere; aitzitik, elkarrizketa eraikitzailea indartzeko premiazko deia egiten du.

Klimaren goi-bileren historiari begiratzean ikusten dugu bidea ez dela inoiz lineala izan, eta COP31n bizi izandako estropezuak ez direla salbuespena. Ingurumen-gobernantza globalean, itxurazko geldialdiak aurrerapauso handien aurrekari izan dira askotan. 2000n, Hagako COP6ren blokeoak negoziazioak etetea ekarri zuela zirudien, baina Kyotoko Protokoloa operatibo bihurtzeko katalizatzaile izan zen. Era berean, 2009ko Kopenhageko COP15en amaiera garratza, nazioarteko klima-erregimenaren aurkako kolpe gisa interpretatua, arintze-konpromisoak eta oinarri metodologikoak garatzeko abiapuntu izan zen, 2015eko Parisko Akordio historikoa erdietsi arte. Antalyakoa bezalako goi-bilerak ez dira akordio berriak lortzeko soilik; aurreko konpromisoen ezarpena neurtzeko, tentsioak azaleratzeko eta hurrengo urratsak bizkortzeko aukerak ere badira.

Klima-aldaketak gure ereduak jasangarritasun- eta berrikuntza-irizpideetan oinarrituta eraldatzera behartzen gaitu. Klima-aldaketak eragiten duen kontzientzia globalik gabe erronka horri aurre egiteko bultzada lortzea zaila litzateke. Horregatik, larrialdi klimatikoa ez dugu kalezulo gisa ulertu behar, baizik eta gure ekoizpen-, ekonomia- eta ongizate-ereduak sakon eraldatzeko aukera-leiho gisa.

Krisi garaian inoiz baino premiazkoagoa da multilateralismoa defendatzea; horrela bakarrik bihurtuko dugu erronka globala gure garaiko aurrerapenaren, oparotasunaren eta ongizatearen motor nagusi

Eraldaketa hori eraginkorra izan dadin, arintze-neurri ausartek eskutik joan behar dute garapen bidean dauden herrialdeetan, eta gero eta gehiago Europan ere, pairatzen diren inpaktuei aurre egiteko egokitzapen-neurri urgenteekin. Finantzaketan, eztabaidaren muina ez da funtsen bolumena soilik, baizik eta baliabideak modu eraginkor eta arinean bideratzeko mekanismo sendoak diseinatzea, eremuan benetako eragina izan dezaten. COP31n argi geratu zen bi dimentsio horien osagarritasuna: lehia politikoek azken adierazpena blokeatzen zuten bitartean, negoziazio teknikoek akordio zehatzak lortu zituzten, hala nola Egokitzapen Funtsa 6.4 artikuluko karbono-merkatuaren diru-sarrerekin modu egonkorrean finantzatzeko bidea. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da multilateralismoa defendatzea eta indartzea.

Inplementazioari dagokionez, COP31ren emaitzek agerian utzi dute blokeo politikotik harago ekonomia errealak eta lankidetza deszentralizatuak gero eta indar handiagoz egiten dutela aurrera. Betoen aurrean, bultzada praktikoa konpromiso operatiboen bidez gauzatu zen: 90 herrialdek baino gehiagok babestu zuten 2035erako energiaren azken kontsumoaren % 35 elektrifikatzea, eta zerbitzu publikoen aliantzek 21.000 kilometro sare elektriko baino gehiago zabaltzeko eta berriztagarrietan zein biltegiratzean urtean 156.000 milioi dolar inbertitzeko konpromisoa hartu zuten. Eskualde- eta toki-mailako lankidetzak ere aurrera egin zuen, Mediterraneoko ur- eta ingurumen-erresilientziako programekin eta Ozeano Bareko uharteetako itsasbazterrak babesteko funtsekin.

Aurrerapen horien oinarrian bidezko trantsizioaren printzipioa dago, karbonogabetzeak desberdintasunak areagotu ez ditzan. Antalyan, delegazioek Arabiar Emirerri Batuetako Bidezko Trantsiziorako Lan Programa beste hiru urtez luzatzea eta haren mekanismo espezifikoa garatzen jarraitzea adostu zuten, langileak, tokiko komunitateak eta sektore ahulenak erresilientziaren eta eraldaketaren erdigunean kokatzeko.

Klimaren goi-bileren antolaketak bidezko kritikak ere eragiten ditu. Pabiloi korporatiboen hedapen neurrigabeak, merkataritza-interesen presentziak eta presio-taldeen eraginak herritarren mesfidantza eta errezelo ulergarriak elikatzen dituzte. Hala ere, akats larria da erakusleiho periferiko hori eta negoziazioaren berezko balioa nahastea. Funtsean, Antalyak agerian utzi zuen foro horiek direla, oraindik ere, 195 estatu baino gehiago berdintasun juridikoan biltzen diren gune bakarrenetakoak. Kontsentsuaren printzipioa moteltasunagatik kritikatu arren, ezinbesteko berme demokratikoa da: elkarrizketa iraunkorrera eta akordio lotesleetara behartzen du, alde bakarreko inposizioetatik babesten du, eta estatu txiki zein ahulenei beren ahots subiranoa eta erabakietan eragiteko gaitasuna ziurtatzen dizkie.

Testuinguru horretan, adierazpen politiko batek adostasun osoa lortu ez duelako klima-ekintza globala gelditu dela baieztatzea jada martxan dauden egiturazko aldaketa sakonak alde batera uztea da: teknologia garbien hedapenak, elektrifikazioak, eragile subnazionalen konpromisoak eta trantsizio justuak «cover decision» delakoa gainditzen duen indarrez egiten dute aurrera. Horregatik guztiagatik, krisi garaian inoiz baino premiazkoagoa da multilateralismoa defendatzea; horrela bakarrik bihurtuko dugu erronka globala gure garaiko aurrerapenaren, oparotasunaren eta ongizatearen motor nagusi.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA