Joan den astean, Errenteriako Niessen Kultur Zentroan, Dantzertiko dantza graduko 4. mailako tailerraren aurreikuspenaz gozatzeko aukera izan nuen. Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, Egin bedi zure nahia dantza ikuskizuna taularatu zuten 4. maila amaitzen ari diren zazpi ikaslek. Labur esanda —eta spoiler handirik egin gabe—, 40 minutuko astindua eragin zidan lana izan zen. Gogoeta sakona eta zentzumen guztietatik zetorren itolarria sortu zidaten une batzuk bizi nituen, bolo-bolo dabilen adimen artifizialaren gaia aurrez aurre jartzen duelako. Tarteka, nire burua ere eguneroko hainbat egoera arruntetan islatuta ikusi nuen, ispilu baten aurrean bezala. Bestalde, dantzariek publikoan halako bizipenak eragiteko erakutsi zuten gaitasuna ere txalogarria eta aipatzekoa da; zer esanik ez, erakutsitako dantza teknika bikainaz.
Aste honetan bertan ikusteko aukera izango da: asteartean, Bilboko Azkuna zentroan, eta, hilaren 25ean, Eibarko Coliseo antzokian. Ikusteko gogoz geratu diren guztiei, benetan: ez zaituzte epel utziko.
Ez nuke aukera hau galdu nahi Dantzako goi mailako graduko ikasketen aldeko aldarria egiteko. Dantzertiko 4. mailako ikasleetako baten ama izanik —eta hurrengo ikasturtean sartzeko asmoa duen beste batena ere—, mahaigaineratu nahi dut 2022an hasitako dantzari hauen ibilbidea ez dela laua eta goxoa izan. Hamabost ikaslek ekin zioten dantzari profesional bihurtzeko ametsari, eta horietatik zazpik baino ez dute honaino iristea lortu, arrazoi ezberdinak tarteko.
Ukatu ezin duguna da oraindik ere dantza ikasteko eskaintzen diren baliabideak ez direla nahikoak. Sistemak funanbulisten moduan hari baten gainean ibiltzera behartzen ditu hasiera-hasieratik, gerora datorkien lan mundu ezegonkor eta ez-jakinean moldatuz joan daitezen.
Nire hitz hauek interpelaturik sentitzen den ororentzat izan daitezela gogoetarako gonbidapen. Eman diezaiegun dantzari eta dantzariei dagokien duintasuna eta tokia. Eta zuei Dantzertiko dantzariei, egin bedi zuen nahia!