«Denbora gehiegi daramagu aberats handiek erositako politika eskas eta berekoiaren mende, printzipio moral sendoak utzita eta irteerarik gabeko zatiketari amore emanda».
Jon Ossoff.
Munduan egun ikusten ditugun gatazka, gerra eta tentsio geopolitiko nagusien oinarrian Estatu autoritarioen sendotzea dago; era berean, muturreko ideologia totalitarioak indartzen ari dira nonahi, baita Euskal Herrian ere. Neofaxismoak bere markoa ezarri du, migrazioaren eta segurtasun arazoen inguruan jira-bueltan dabilena. Ezker muturrak, berriz, etxebizitza eta gazteen etorkizun iluna kokatzen ditu fokuan. Biek ala biek populismoa eta sare sozialen algoritmoak erabiltzen dituzte europar eredu demokratiko eta soziala erasotzeko eta lehertzeko.
Nazismoak sistema demokratikoari egiten zion kritikaren oinarrian gutxien prestatutako masen tirania azpimarratzen zen. Leninek demokrazia burgesari egiten zion kritika, berriz, desberdinkeria ekonomikoaren errealitatean oinarritzen zen, honek guztiz formalak bihurtzen zituelako demokraziaren eskubide eta askatasun politikoak. Bi pentsamenduen ondorio zuzena boterearen metaketa da, alegia, sistema parlamentario demokratikoen deliberazio eta botere-banaketa gainditu eta aginte guztia lider absolutuen esku uztea (leninismoak abangoardiaren esku).
Ez da hori, ordea, inondik inora euskal pentsamendu politikoaren ubide nagusia. XVIII. mendean Frantziako Iraultzaren ondoren demokrazia liberalaren lehen urratsak egin zirenean euskal ordezkari nagusiek sistema foralaren oinarrian zegoen izpiritu demokratikoa erreibindikatu zuten.
Abertzaletasun historikoak gerraostean demokraziaren eta humanismoaren aldeko apustua egin zuen eta, adibidez, ezaguna da Agirre lehendakariaren eta EAJren parte hartzea Europar batasun prozesuaren hastapenetan. Tamalez frankismoan zatiketa sortu zen abertzaletasunean eta belaunaldi berriko zati batek ezker muturra besarkatu zuen 68ko Maiatzaren testuinguruan.
Urteak pasa dira eta faxismo berriarekin batera leninismo berria indartu da mundu osoan eta baita gurean ere. Katea ez da eten esaldia hitzetik hortzera darabilgu, baina batzuetan ematen du eteteko arriskuan dagoela katea; guztiz ahuldu zaigula herri honek metatu duen jakituria eta eskarmentua belaunaldi berriei transmititzeko ahalmena, Joxemigel Barandiaranek azaldutako «euskal gizabidea».
Europa munduko itsasargia izan da bai gizarte kohesioaren ikuspegitik eta bai sistema demokratikoaren eta bakearen ikuspegitik. Itsasargi hori etsai bihurtu da mundu osoko Estatu autoritarioentzat eta baita ideologia totalitarioentzat ere
Indarrean dauden joerek sortzen dute urradura hori: indibidualismoak, sare sozialen eraginak, kontsumo kulturak, polarizazioak, desinformazioak, etab.
Ziklo ekonomikoek ere eragin zuzena dute: krisi garaietan gizartearen ongizate sistemaren mugak agerian gelditzen dira eta alternatiba autoritarioak indartzen hasten dira. Adibidez, 2008ko krisi sakonak 2011ko maiatzaren 15eko oldarraldia ekarri zuen Espainiako Estatuan eta ez da kasualitatea Vox alderdia sortu izana 2013an eta 2014an Podemos.
Ziklo ekonomiko negatibo baten beharrik ez dago, ordea, gizartean egonezina eta haserrea pizteko: populazioaren zahartzea eta honek eragiten dituen ondorioak osasun eta babes sistemetan edo pentsioen gastuan, migrazioak sortzen duen gizarte eraldaketa, inflazioak dakarren bizitzaren garestitzea… guztiek eragiten dute objektiboki euskal gizartearen eta, batez ere, euskal gazteen bizimoduan. Itsua da horri ezikusia egitea.
Kontua da zein den erantzuteko eredu egokiena. Estatu Batuetako azken hauteskundeetan argi ikusi da populistek ahalmen handia dutela jendearen haserrea baliatzeko gizarte demokratikoen oinarriak suntsitzeko, baina porrot egiten dute herritarren estuasunak konpontzeko unean, Trumpi gertatu zaion bezala.
Gure herriak azken hamarkadetan eraiki duen eredua Europako herrialde aurreratuen arrastoan doa; adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) duela lau hamarkada ipini zen martxan gurean. Nire ustez, eredu honek soilik bermatzen du orain bizi ditugun eta etorkizunean zalantzarik gabe biziko ditugun arazo eta egonezinen konponbidea.
II. Mundu Gerraren ondoren Europako estatu garrantzitsuenek eredu berri baten aldeko apustua egin zuten, europar herrien batasuna, gizarte ongizatea eta sistema demokratikoa oinarri hartuta. Eredu berriak aurre egin nahi izan zien bai gerra sortu zuten bi ideologia totalitarioek espiralean elkar elikatzeko zeukaten joerari eta baita estatu nazioek euren gatazkak gerra bidez konpontzeko inertziari. Gerra osteko urteetan oso nabaria zen faxismoak eta leninismoak zapalkuntza eta gerrarako zuten joera berezkoa.
Ordutik gaurdaino Europa munduko itsasargia izan da bai gizarte kohesioaren ikuspegitik eta bai sistema demokratikoaren eta bakearen ikuspegitik. Itsasargi hori etsai bihurtu da mundu osoko Estatu autoritarioentzat eta baita ideologia totalitarioentzat ere, hein handi batean europar zuzenbidezko eta gizarte-estatuaren existentziak berak euren botere eta zilegitasun oinarriak zeharo ahultzen dituelako.
Horregatik behin eta berriro azpimarratu behar dugu konponbidea ez dagoela populismoan eta autoritarismoan, europar eredu demokratiko eta sozialaren sakontzean baizik.