Musikaria

Denak berdinak dira

2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denak berdinak dira. Maiz entzuten da taberna giroan edo kuadrilletan asperdura ukitu batez. Zein dira denak? Batez ere, politikariak, baina izan daitezke irakasleak, medikuak, kirolariak, udaltzainak edo ertzainak, apaiz, fraide eta mojak, dendariak… Denak omen dira axolagabe, diruzale, enbidiotsu, alfer eta zitalak. Salbuespena: horrela mintzatzen direnak ez, noski. Horiek perfekziotik hurbil dabiltza.

Mintzatzean tranpak egiteko joera, nork bere buruari ere bai, beti izan da zabaldua. Lagun giroan, denok badugu horrelakorik botatzeko: administrazio publikoaren bulegoetan gertatutako zerbait, kutxaren langilearekin izandako liskarra, medikua tente jarrarazi genuen eguna… Hori kontatu, ingurukoek arrazoia eman eta nolako barren betea geratzen zaigun. Badakigu, ordea, errealitatea apur bat apaindu dugula eta ez zela zehatz-mehatz horrela gertatu kontua, baina asekada hartu dugu eta, ustez, merezi digu bide beretik jarraitzea.

Ezezkotan nago. Hizkuntza zehatza da pentsamendua garatzeko, errealitatea eta bizitza ezagutzeko baliabiderik onena. Denak ez dira eta ez gara berdinak. Politikari asko ezagutu ditut, lan kontuengatik. Eta, salbuespenak izan eta hainbatekin harreman onik izan ez dudan arren, gehienak zintzoak eta langileak dira. Batzuk harroxkoak, ez gehienak ordea. Erabakitzerakoan, jakina, euren ideiei eta ahalmenei jarraitu diete, ez nireei, eta sarri ez zaizkit gustatu hartu dituzten erabakiak. Gutxi batzuk adiskide ditut egun, ideia oso desberdinak baditugu ere. Mediku eta osasun langile ugarirekin ere izan dut harremana, eta gehientsuenen kasuan ezin dut kexarik agertu. Udaltzain, ertzain, apaiz, moja, futbolari, elkarteetako ordezkari, musikari, kazetari, literatura idazle, baita txistulari askorekin ere izan dut eta badut harremanik. Denak desberdinak, onerako.

Inguratzen gaituen Espainiako Estatu honetan azken urteetan hondamendi asko gertatu dira: COVID-19aren pandemia, La Palmako sumendiaren erupzioa, baso-suteak, Valentziako uholdeak, trenen topaketak, hantabirusa… Eta ustelkeria kasuak, lurraldeen arteko liskarrak eta beste herrialdeekiko harremanetan gerrak eta komeriak. Ez dut esango Gobernuak dena ongi egin duenik, baina ez dut irudikatu ere egin nahi Partido Popularrak dituen buruzagi perla horien eskuetan izan bagina zer gerta zitekeen, edo Ebola hurreratuko balitzaigu zer litekeen. Eurak tartean ibili direnetan kalamitateak jasanezinagoak izan baitira. Eta hala ere, denetan dabiltza beldurra, gezurra eta gorrotoa zabaldu nahiz. Eskuin muturra imitatu nahiz, andaluziar askok esaten diete: horretarako jatorrizkoak hobeto.

Denak ez dira eta ez gara berdinak. Politikari asko ezagutu ditut, lan kontuengatik. Eta, salbuespenak izan eta hainbatekin harreman onik izan ez dudan arren, gehienak zintzoak eta langileak dira

1878. urtean Espainiako egoera politikoa guztiz nahaspilatua zegoen. Madrilen ikasle zebiltzan euskaldun gazte batzuek La Estudiantina Española taldea antolatu zuten. Denetarik tartean, karlistak, liberalak eta gehiago. Urte hartako Parisko Erakusketa Unibertsalera joan nahi zuten eta euren bizipoza agertu. Victor Hugo ezkerreko idazle famatuari bisita egin zioten. Hasieran errezeloak taldeko karlista batzuek, oso ezkertiartzat ematen baitzuten. Honek hitz hauek esan zizkien: «Politikarik gabe, aurrerabidea egin daiteke, kezkei planto eta herrien arteko senidetasunaren alde jokatu».

Beltzezko gizonek bi agerpen publiko deigarri izan dituzte azken boladan. Florentino Perezek Donald Trump espainiarra bihurtu nahi izan du, baina eskas geratu da imitazioan. Honetan ere jatorrizko bertsioa hobea. Eta beste arlo batean Luis Arguello Sanedrineko Nagusiak gazteen sexu harremanen inguruan lezioa eman nahi izan du. Teorian bizitza osoan sexurik praktikatu ez duen eta arlo horretan ongi irabazitako fama txarra duen erakundeko buruzagia hor azaldu da argi utziz kulturaren garapenaren ezagutza handirik ez duela eta neska gazteak tontotzat hartzen dituela. Sexuarekiko jarrerak kulturalak dira eta, zientziaren aurrerapenei esker, mendebaldeko ikuspegia horretan ere aldatu da, eta maitasun erromantiko kaltegarria telesailetarako utzi. Hobe zukeen denei, baina bereziki gizonezkoei, nabarmentzea sexuan beste kidearen nahiak errespetatu beharra dagoela. Agian biak ala biak influencer izateko ahaleginetan dabiltza. Nazareteko Jesus benetako eragile izan zen eta bada oraindik, baina hark utzitako mezuaren interprete batzuek, bereziki jantzi beltzez doazenek, ez dute guztiz ulertu.

Agustin Pascual Iturriaga hernaniar apaiz idazle, euskal eskolen aitzindari eta San Ignazioren euskal hitzen egileak, XIX. mendean, karlistek bultzatuta, Lapurdira ihes egin behar izan zuen, bakezale saiatua zen arren. Juan Inazio Iztuetari honela idatzi zion eskutitz batean: «Ez inori gaitzik egin, on egin guztiai, horra nere lege guztia, horra egiazko erlijioa, dio Jesukristok». Honek bazekien zerbait, beltzez jantzi arren. Denak ez dira berdinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA