Irailaren 30ean Baionako Auzitegirat deituak izan gara. Gure krimena 2024ko urtarrilaren 20an Hazparneko Puyo agentziaren okupazio baketsu eta sinbolikoan parte hartzea da. Oroit agentzia horrek Aiherrako Etxexuria etxalde ohiaren salmenta espekulatzailea gauzatu zuela. Gainera, beste kargu bat gehitu digute: gure DNA emaiteari uko egitea. Horra, beraz, Justiziak leporatzen diguna: injustiziaren salatzea menturatu izana.
Gertakariak oroitaraz ditzagun: 2016an Etxexuria 250.000 euroan saldua izan zen, eta 1.579.000 euroan berriz salgai emana zazpi urte berantago. Hori ez da gertakari soil bat, baizik eta sistema oso baten adibidea. Sistema horrek hemengo jendeak baztertzen ditu, bigarren etxebizitzen kopuruak emendatzen, prezioak igoarazten, eta laborarien plantatzea gero eta zailago bilakarazten.
Horren aitzinean, kolektiboki iharduki dugu. 2024ko urtarrilaren 20an, 60 bat kide Puyo agentzian sartu ginen, bortizkeriarik gabe, elkarrizketaren pizteko eta egoera dorpe honetan higiezin agentzien arduraren salatzeko.
Zenbait asteren buruan, jendarmeen aitzinera deituak izan gara, kasu batzuetan bortizki atxilotuak, gure etxeak miatuak, telekomanda baten ustezko ebasketa leporaturik! Ekintza militante soila afera judiziala bilakatu dute. Zenbait hilabetetako inkestaren ondotik, epaiketa hau borroka sozialen kriminalizazioa baizik ez da.
Ez gara atzo sortuak: gu hobendun gisa seinalatuz, prokuradorearen xedea etxeen eta lurren espekulazioaren kontra altxatzen garenen beldurraraztea baizik ez da. Sainte Soline, A-69 autobidea, Baztango Aroztegia, Marieneko afera: militanteak «terrorista» gisa erakutsiak dira, egiazki herritarren interesa defendatzen dutelarik.
Espekulazioa gure herriak, kultura eta etorkizuna suntsitzen dituen minbizia da. Pribilegiatu guti batzuk aberasten ditu, eta gehiengoa pobretzen du. Egoera horren aitzinean, xutitzea, antolatzea eta ihardukitzea ez da eskubide bat soilik, baizik eta herritar betebeharra.
Horregatik, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak autoinkulpazio kanpaina bat eramaten du, Nik ere Puyo agentzia okupatu nuen ozen errateko. Alabaina, afera hau ez da zazpi kide soilen kontrakoa, herri mugimendua gara eta justizia soziala dugu xede.
Irailaren 27an, larunbatez, irailaren 30eko auzia aitzin, Arberoan eta Hazparnen iraganen den mobilizazio batean parte hartzera deitzen zaitugu. Elkarrekin, lurra, etxebizitza eskubidea eta Euskal Herritarren duintasuna defenda ditzagun. Errepresioaren aitzinean, erantzun bakarra batasuna eta tinkotasuna da.
Indarrak batu, espekulazioa borrokatu!
Hauek ere sinatu dute artikulua: Puyo aferako beste auzipetu Jakes Borthairu, Dominika Daguerre, Jon Eiherabide, Eñaut Elosegi eta Jon Oihenart-ek.