Bilbotarra eta euskalduna izatea salbuespentzat hartu beharreko zerbait izan ohi da, nabarmendu beharrekoa, deigarria den zerbait, anormala, arraroa. Izan ere, azken azterketa soziolinguistikoen arabera, Bilboko euskararen kale-erabilera %3,5 da. Datu kaskarra euskaldunontzat, baina datu logikoa: zelan egingo dugu, ba, Bilbon, euskara gehiago?
Euskararen egungo egoera petrala azaltzeko sarri aipatzen dira frankismoko garai ilunak, baina egungo errealitate soziolinguistikoa azken hamarkadetako erdalduntze politikaren emaitza da, batez ere. 80ko hamarkadatik hona euskalduntze mekanismo indartsuak ipini dira martxan, D eredua, euskarazko komunikabideak eta euskaltegiak, batzuk aipatzearren, baina Bilbon martxan diren erdalduntze politikek guztiz neutralizatu dute horien eragina. Izan ere, euskararen aldeko politikak aipatzen dira sarri, aurrekontuak eta kanpainak, baina martxan daudenak erdalduntze politikak dira, erdara sustatzeko eta inposatzeko plan eta aurrekontuak.
Hemen GUKAk udaberrian egindako hizkuntza-neurketaren emaitza batzuk: Bilbao Kirolak-ek helduentzat eskaintzen dituen ekintzen %2 dira euskaraz, Bilboko Udalaren tailer eta ikastaroen eskaintzaren %1 da euskaraz, eta Bilboko zinema aretoen eskaintzaren %0,2 da euskarazkoa. Bilbao Agenda Kulturak urrian eta azaroan dakartzan helduentzako ekintzak neurtu ditugu: %6 dira euskaraz, udaberrian neurtu genuena baino gutxiago. Une honetan euskaraz diharduen Bilboko komunikabide bakarra gelditzen da, Bilbo Hiria irratia, beste guztiak erdaraz dira. Horiek ez dira hizkuntza ofizial bati dagozkion datuak, guztiz zokoratutako komunitate batenak baizik. Aipatu beharrik ere ez dago zein den panorama merkataritzan, ostalaritzan, gimnasioetan eta epaitegietan. Egoera hau mantentzea eta sustatzea erdalduntze politikak egitea da, ustez ofiziala den hizkuntza bati eta haren hiztunei gaztelania aktiboki inposatzea. Hasierako galderara bueltatuko gara: zelan egingo dugu Bilbon euskaraz? %3,5eko erabilerak miraria dirudi.
Bilbao Kirolak-ek helduentzat eskaintzen dituen ekintzen %2 dira euskaraz, Bilboko Udalaren ikastaroen eskaintzaren %1 da euskaraz [...] Egoera hau mantentzea erdalduntze politikak egitea da, ustez ofiziala den hizkuntza bati eta haren hiztunei gaztelania aktiboki inposatzea
Ez dago hizkuntza politika neutrorik. Ezin da euskalduntze politikez hitz egin erdalduntze politika hauek aipatu barik, ezin dira euskara aurrekontuak aipatu eta erdara aurrekontuak mahai gainean ez ipini, ezin da esan instituzioetatik zer egiten den euskararen alde erdararen alde egiten den guztia esan barik.
Gainera, herri mugimenduak erakutsi du posible dela Bilbon nagusiki euskaraz funtzionatzea eta guztiontzako ekimen jendetsuak egitea, Aste Nagusian Bilboko Konpartsek egindakoa ikusi besterik ez dago: kanpo komunikazioa euskara hutsean egin zuen konpartsen federazioak, eta euskarazko arreta bermatu zen txosna guztietan. Programatutako ia 500 ekintzetatik %54 euskara hutsean izan ziren, eta soilik %16 erdaraz. Aste Nagusia arrakastatsua izan zen, milaka lagun bertaratu ziren konpartsen ekintzetara, euskaldun zein erdaldun, guztiek pasatu zuten ondo. Instituzioek egin nahi ez dutena posible dela erakutsi zuen herriak.
Sektore eta lobby batzuen aldetik lan handia egin da Bilbok erdalduna izan behar duen ustea zabaltzeko, euskara inposaketarekin eta beldurrarekin lotzeko. Ideologia zapaltzaile horren mantrak pixka bat alboratuta, debate politikoak sinplea behar luke: erdalduntze politikek honaino ekarri gaituzte; orain norantz joan nahi dugu?
Bilbo euskalduntzen hasteko benetako neurriak hartzeko garaia da, Bilbo euskalduna ipar. Euskarazko eskaintza publiko duina behar dugu, eta baliabideak ematea beste eragileei euskarazko kirol eta aisialdi eskaintza sortzeko; euskarazko kulturguneak eta artistak sortu eta indartzeko neurriak hartu behar dira; baliabideak jarri eta laguntza eman Bilboko euskal komunikabide sistema oso bat martxan jartzeko; euskara ikasteko doakotasuna eta erraztasunak ipini; umeentzako eskolaz kanpoko ekintza guztiak D ereduan izan behar dute, ez klase orduetan bakarrik; euskarazko arreta bermatu zerbitzu publikoetan. Hasiera besterik ez da, euskalduntzera salto egiteko hasiera. Uste dugu horrelako oinarrizko proposamen batek adostasun politikoa eduki beharko lukeela euskararen alde egin nahi bada. Azken batean, Bilbo euskalduna delako guztiontzat etorkizun onena, inor atzean utziko ez duena, denok irabazle aterako garen Bilbo.
E
rdalduntze politikek honaino ekarri gaituzte; orain norantz joan nahi dugu?
 Bilbo euskalduntzen hasteko benetako neurriak hartzeko garaia da
Bilbo euskaldunduta euskaldunok irabaziko dugu, euskaraz aritu ahalko garelako, gure eskubideak errespetatu eta erdaldunen pareko izango garelako; erdaldunek ere irabaziko dute, euskara ikasi eta praktikatzeko erraztasunak izango dituztelako, elebitasunera salto egingo dutelako apurka-apurka, orain arte urrun eduki duten komunitate batera hurbilduko direlako; umeek irabaziko dute, eskola barruko eta eskola kanpoko hizkuntza amildegia desagertuko delako, eta horrek dakartzan frustrazioak; etorri berriek irabaziko dute, Bilbo euskaldunak inklusioan lagunduko dielako eta komunitate errotu eta sendo baten parte izan ahalko direlako; eta Euskal Herri euskaldunarekin munduak ere irabaziko du, hizkuntza eta kultura bizi ugari egoteak aniztasuna eta aberastasuna ematen diotelako, gaztelaniak eta frantsesak ez dutelako behar hiztun gehiago euskararen kontura. Denok irabaziko dugu. Bilbo erdalduna sustatzea injustizian sakontzea da, elebakartasuna eta ezjakintasuna sustatzea, uniformizazioa eta supremazismoaren alde egitea. Finean, euskalduntzea edo erdalduntzen jarraitzea aukeratu behar da, eskubide eta justiziaren alde egitea edo zapalkuntza eta komunitate baten desagerpenaren alde egitea.
Horregatik, abenduaren 3an GUKAkoek deitu dugun manifestaziora ahalik eta herri sektore gehien batzea nahi dugu, Bilbo hobe baten alde eta zapalkuntza guztien kontra lanean ari diren horiek guztiak, Bilbo euskalduna denontzat delako hobea, Bilbo euskalduna guztion eskubidea delako. 19:00etan Plaza Eliptikotik hasita, kaleak hartuko ditugu, eta zu ere bertan espero zaitugu. Denok irabazteko, Bilbo euskaldundu!
Â