'Discover Gernika. Simply beautyful'

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Azken egunotan berpiztu da berriro Guggenheim auzia, eta Urdaibaiko Erreserba Naturala du jomugan. Jaurlaritzaren argudioaeskualdearen biziberritze ekonomikoa, kulturala eta ekologikoa da. Aitortu behar dut betidanik harritu nauela hain herrialde txikian bi Guggenheim izatea; badirudi, ordea, anpliazioak direla, organismo beraren garroak bailiran interes orokorrak estututzen dituztenak interes partikularren alde.

Pandemiak eskualdeko jardunean izan duen eragina eztabaidaezina da. Baina Gernikak eta Busturialdeak bizi duen egoera kaxkarra arinagotik dator, utzikeria instituzional baten emaitza delako. Gernika-Lumo lotarako hiria da aspalditik; enpresa txikien digitalizazioa ez da aintzat hartzen eta lehen sektorea itolarrian dago. Hori ez du aldatuko Guggenheimen sukurtsal batek. Europako Batasunak NextGeneration- EU egitasmoarekin dirutza banatuko du, baldintza zehatz batzuei jarraituz herriak biziberritu daitezen. Ez dut zalantzan jarriko neurriak hartu behar direla, baina diagnostikoak partekatua izan behar du, eskualdeko eragile sozialak, ekonomikoak eta kulturalak aintzat hartuz. Ez al da horixe, bada, Jaurlaritzak ahominean darabilen «auzolana»?

Europak dirua banatzeko ezarri dituen ardatzak hauexek dira:

1. Merkatu bakarra, berrikuntza eta ekonomia digitala.

2. Kohesioa, erresilientzia eta balioak.

3. Baliabide naturalak eta ingurumena.

Helburua herria eramangarriagoa eta erresilienteagoa izatea da, eta, bide batez, trantsizio ekologikoa bermatzea. Bada, bi herri, Gernika-Lumo eta Murueta, marra berde batez lotu eta voilá trantsizio ekologikoa! Milaka pertsonaren joan-etorriek hain oreka natural prekarioa duen inguruan izango duten eragina onuragarria al da? Ekonomiak guztia justifikatu behar al du?

Egunotan Eusko Jaurlaritzak duen egitasmo honen aldeko eta aurkako iritziak plazaratu dira; komunikabideek orriak bete dituzte, eta irakurri ditudanen artean, hauxe: «Espero que quienes reivindican el 'Guernica' a Gernika-Lumo no se opongan». Interpelatuta sentitu naiz, eta Gernika Batzordeko kidea naizen aldetik kontu batzuk ekarri nahi nituzke gogora. Gernika Batzordeak urteak damatza 'Guernica' Gernikara aldarrikatzen, bere sorrerako ardatzetako bat baita. 1979an Guernica Espainiara ekarriko zutelako zurrumurruak bultzatuta taldekide batzuk Jose Mario Armerorekin (Trilateraleko kidea eta koadroa Espainiara ekartzeko gestioen arduraduna) bildu ziren; berak deituta. Haren bidez, Pio Cabanillas Kultura ministroarekin eta Alemaniako eta Poloniako enbaxadoreekin jarri ziren harremanetan. Armerok batzordekideei aitortu zien Guernica Gernikara ekartzearen alde zegoela. Cabanillasek komisio bat eratzeko asmoa agertu zuen, baina, bi aldeetatik gestioak egiteko izenak eman arren, ez zen gauzatu. Bitartean, Roland Dumas Picassoren testamentu-albazearekin batu ziren. Paloma Picasso pintorearen alabarekin ere gutun bidez egon ziren harremanetan eta koadroa Gernikara ekartzearen alde zegoela aitortu zien. Artean koadroak New Yorken jarraitzen zuen.

1980 inguruan Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Aldundiak Gernika-Lumon museo bat eraikitzeko lehiaketa egitea adostu zuten. Epaileen artean ospe handiko izenak: Eduardo Txillida, Oriol Bohigas, Peña Gantxegi, Julio Caro Baroja, Ludovico Quaroni eta Vittorio de Feo. Lehiaketan 59 arkitektok hartu zuten parte eta irabazleak Anton Pagola eta Montserrat Fabre Donostiako eskolako lehenengo promozioko arkitektoak izan ziren.

Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapenarekin jarraitzen dugu, baina horrek ez digu kentzen eskubidea kritikatzeko Jaurlaritzaren nepotismoa eta gardentasun eta «auzolan» falta denoi eragiten diguten erabakiak hartzean. Atzerantz egin dugu kultura ulertzeko eta kudeatzeko moduetan eta demokrazia parte hartzailea egikaritzerakoan. Kulturaren espektakularizazioan touroperadoreak arte curator bihurtuko dira eta Gernika-Lumo Memoriaren Leku izatetik marka transnazional batek eponsorizatutako destino turistikoa izatera pasatuko da. Espektakuloa azalean; mozkina eta espekulazioa sakonean.

Trantsizio deiturikoaren (transakzioa deitzea hobe) ziurtagiri bihurtu zuten Guernica koadroa. Madrilen kustodiatuta jarraitzen du; beraz, zertarako halako despliegea orain, Kultura sailburuak berak ere esan badu, argi eta garbi gainera, 'Guernica' Gernikara eskakizunak ez duela zerikusirik proiektu honekin. Izan al du inoiz? Esandakoa, beste transakzio bat, eta Guernica harrapariek amuan jarri diguten karnata. Hozka egingo al diogu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.