EHUko irakaslea eta ikertzailea, LH5eko ikasle baten aita

Ebaluazio diagnostikoa: norentzat da benetan?

Dani Zuazagoitia
2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere etxera iritsi da ebaluazio diagnostikoaren txostena. Gure seme-alaba hiru mailetako batean ageri da: hasierakoa, erdikoa edo aurreratua, hizkuntzan eta matematiketan. Eta kito. Txostena irakurri ondoren galdera bera datorkit burura: zer egin behar dugu etxean informazio honekin? Are gehiago kontuan hartuta proba hori orain dela urtebete egin zutela, gaur egungo egoeratik oso bestelako baldintzetan.

Kontrastea deigarria da. Ebaluazio bera oinarri hartuta, ISEI-IVEIk txosten exekutibo publiko bat ere argitaratzen du. Dokumentu horrek analisi sofistikatuak eskaintzen ditu: ikastetxeen emaitzak testuinguru sozioekonomikoaren arabera aztertzen ditu (ISEK), jatorri migratzailearen arrakalak neurtzen ditu, sare eta hizkuntza-ereduen arteko aldeak ikusten ditu, eta baita ikastetxeen balio erantsia ere —hau da, ikasleen testuingurua kontuan hartuta zentro batek benetan zer ekarpen egiten duen—. Horiek dira, zalantzarik gabe, hezkuntza-politikarako datu baliotsuak.

Baina aberastasun analitiko hori familietara iristean sinplifikazio zorrotz bihurtzen da: hiru maila eta azalpen gutxi. Ez testuingururik, ez orientazio praktikorik. Eta, batez ere, ez erantzunik hasierako galderari: zer egin dezakegu guk informazio honekin?

Aberastasun analitiko hori familietara iristean sinplifikazio zorrotz bihurtzen da: hiru maila eta azalpen gutxi. Ez testuingururik, ez orientazio praktikorik. Eta, batez ere: zer egin dezakegu guk informazio honekin?

Hezkuntza-ebaluazioaren arloan erreferente diren adituek aspaldi ohartarazi dute. Dylan Wiliam edo Education Endowment Foundation bezalako erakundeek diotenez, eskala handiko probek balio handia dute sistema ulertzeko: joerak ikusteko, desberdintasunak identifikatzeko edo politikak doitzeko. Baina ikasle indibidualaren benetako diagnostikoa beste leku batean gertatzen da: ikasgelan, eguneroko lanetan, irakasleen behaketan eta ikasleari ematen zaion feedback zehatzean. Horri deitzen zaio ebaluazio formatiboa: ikasteko balio duen ebaluazioa.

Ikasturte amaieran iristen den etiketa batek, bere horretan, zaila du hurrengo egunean zerbait aldatzea. Horrek ez du esan nahi ebaluazio diagnostikoa alferrikakoa denik. Aitzitik: tresna baliotsua da sistema mailan, hezkuntza-politika informatzeko. Baina orduan agian zintzoagoa litzateke hala aurkeztea. Izan ere, gaur egun familiek jasotzen dugun txostenak parte-hartzearen itxura ematen du, baina orientazio gutxi eskaintzen du.

Eta horregatik itzultzen naiz hasierako galderara. Ebaluazio honek sistema hobeto ulertzeko balio badu, baina familiei apenas laguntzen badie, zergatik jarraitzen dugu diagnostiko pertsonal baten moduan aurkezten?

Noiz bihurtuko da ebaluazio diagnostikoa familientzat benetako informazio-tresna, eta ez soilik sistemarentzako datu-iturri?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA