Idazlea

Ed Sheeran, pribilegioen ispilua

Idoia Rodriguez Mondragon
2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ni bezalakoak baldin bazarete, Ed Sheeranen musika ez duzue ezagutzen. Alta, Instagramen 47 milioi pertsonak segitzen dutenez, gure belaunaldiko kantari eraginkorra dela onartu behar dugu.

Beharbada zuen buruari galdetzen diozue zergatik aipatzen ditudan kapitalismoak sortzen dituen produktu kulturalak. Ez ote naiz jakinean gauza grabeak pasatzen direla gure planetan? Bai.

Baina, beharbada, nik bezala, pop star honen izena irailean zehar entzun duzue, hedabideen eztabaida baten muinean. Macklemore musikaria —niretzat ezezaguna zena, baina sare sozial guztietan 16 milioi segitzaile dituena— Sheeranen laguna da. Estatu Batuetan, azken honen kontzertuen lehen partea egin behar zuen, baina antolatzaileek haren etorrera ezeztatu zuten. Arrazoia: Macklemorrek bere ikusgarrietan Palestinari sustengua erakusten dio, eta elkarteei dirua ematen die.

Ed Sheeranek, aldiz, Palestinan gertatzen den gatazka tragedia bat dela onartzen baldin badu ere, ez ditu bere kontzertuak «politizatu» nahi, bere hitzak berriz harturik. Haren ustez, bere lana denei ireki behar zaie, hots, genozidioen konplize direnei ere bai. Ondorioz, Macklemore biratik kanporatua izan da, Sheeranen adostasunarekin. Kalapita mediatikotik at, egoera gure sistemaren erakusleiho bat dela uste dut.

Kapitalismoak ustearazten digu gure arazo kolektiboak pertsonalak direla eta horiek konpontzeko garapen pertsonala, yoga edo medikamentuak behar ditugula

Aurrepentsatua izan ez dena publikoaren erreakzioa izan da. Mendebaldeko munduko jende asko fermuki Macklemoren alde kokatu da, Ed Sheeranen epeltasuna eta koldarkeria salatuz. Nork oraindik sinisten du genozidio bat ez izendatzea neutraltasun politikoa dela? Zergatik ahotsa dutenak ez ote dira kokatzen? Diruak eta botere gogoak etikak baino toki gehiago dutelako eta pertsona batzuk muineraino ustelak direlako? Bai, dudarik gabe.

Hiru urte egiten ditu Palestinak jasaten duen garbiketa etnikoak jendartea kristalizatzen duela (nahiz eta egoera askoz zaharragoa izan). Humanitatearen kontrako krimenen aurka manifestatzea, borrokatzea, mintzatzea, antisemita bilakatzea da eta gobernuek, kazetariek militanteak apaltzen, erasotzen, beldurtzen, umiliatzen dituzte. Pertsona publikoak ere Israelen kontra kokatzen direnean ondorioak ditu eta ez dute Susan Sarandon, Adèle Haenel edo Mark Ruffalo bezalako figurek alderantzizkoa erranen. Mintzatzeak kostu bat badu: zure integritatea, bizimodua arriskuan ematen ahal dituzu... eta kontratu batzuk ere bai.

Baldintza horietan, norentzat ez ote da erosoago pentsatzea begiak hestea eta isiltzea jarrera apolitikoa dela? Oldartzen direnak baizik politizatuak direla pentsatzeak kontzientzia lasaitu behar du. Noski, artistek, edo bere burua horrela aldarrikatzen dutenek nahi dutena egiten dute. Baina begiak errealitatearen parean hesten dituztelarik, konplizeak dira, faxismoari ateak irekitzen dizkiote. Ez ote da pribilegio bat isilik egotea, hitz egiteko boterea duzularik? Zure ahotsa eraginkorra delarik?

Kapitalismoak ustearazten digu gure arazo kolektiboak pertsonalak direla eta horiek konpontzeko garapen pertsonala, yoga edo medikamentuak behar ditugula. Alta, gure gaizki izatearen menpekotasunen erantzun legitimoak dira. Ez gara ohartzen sistema hierarkia eta pribilegioetan oinarritzen dela. Gure abantailez ohartuz, taldea indartzen ahal dugu.

Gure pribilegioez kontzientziatzeko, joko bat egin dezagun: esaldi bakoitzarentzat puntu bat irabazten duzu baieztatzen baldin baduzu:

- Idazten eta irakurtzen dakit.
- Nire burasoek goi mailako ikasketak egin dituzte.
- Nire hizkuntza nire lurraldeko hizkuntza ofiziala da.
- Espazio publikoetan maite dudan pertsonari afekzioa erakusten ahal diot trufarik jasan / beldurrik
ukan gabe.
- Nire irabazien %30 baino gutxiago etxeko alokairuari zuzentzen diot.
- Nire hautetsi gehienek nire jatorri kulturala edo sexuala dute.
- Arazo bat baldin badut, poliziari eta justiziari konfiantza egiten diet.
- Eskolan nire arbasoen kultura erakatsia da.
- Ez dut bazkaririk saltatu gose nintzelarik.
- Herriko gune guztietara joateko ahalmen fisikoa dut.
- Bozkatzen ahal dut.

Zure erranaldi baieztatu kopuruak zure pribilegio maila islatzen du. Helburua ez da diskriminazioak metatzea edo pertsona batzuk kulpabilizatzea, baizik eta gure burua besteekiko kokatzeko gai izatea. Bai, batzuek besteek baino opresio sistemiko askoz gutxiago jasaten dituzte.

Horretaz kontzientzia hartzeaz gain, kritikatu egin behar dira. Abantailak ditugunok onartu behar dugu ez direla berezkoak eta zalantzan eman behar ditugu. Honengatik, hitza ez hartzea, gure burua ez kokatzea, egoista izateaz gain, erabaki politiko bat da. Taldeari pentsatuz, indibidualismotik kolektibora goaz eta opresioak apaltzen ahal ditugu. Militantziatik at, etxean birsortzen ditugun antolakuntzak eta jarrerak gogoetatu behar dira. Ardura partekatua dugu pribilegioez asegabetzen ez direnak eta opresioei esker bizi direnak salatzeko.

Beraz, orain, Ed Sheeran boikotatuko dudan artista zerrenda luzeari gehituko diot. Baina aldi honetan, tristurarik gabe izanen da, ez dudalako inoiz haren arte formarentzat interesik ukan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA