AEKren Nazio Kontseiluko kidea

Efemerideak

Aize Otaño Lizarralde
2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken boladakoak buruan dabilzkidala (euskararen hauskortasuna, prefeturaren helegiteak, Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia...), Sen taldearen nerabezaroko abesti baten letra datorkit gogora. Hauxe dio hasieran: «Atzo gaur bihar zan, eta ametsak betetzeko egun bat gutxiago». Halaxe da, bai: egun bat gutxiago gure errealitatean, baina, bederen, oraindik amesten jarraitzen dugu ameslari batzuok. «Denboraren eskutan eta erlojua astiro edo azkar aurrera», jarraitzen du kantaren letrak. Eta bete-betean bat egiten du nire barrunbeetako sentipenekin: askotan zein nekeza den horiei hitza jartzen asmatzea eta nola, bat-batean, sorkuntza-prozesu baten emaitza horretarako gai den.

Abestiaren azken pasarte horri tiraka, bagoaz aurrera, nahiz eta batzuetan sentsazioa (errealitatea ez esatearren) kontrakoa den. Eta batzuetan esan dut, baina sarri, gehiegitan, oso maiz... halakoxea da egungo testuingurua; euskaldunon, euskal herritarron, eguneroko bizitza. Hein batean, zoritxarrez, esan genezake denboraren eskuetan dagoela euskararen (bizi)iraupena, eta horri gehituko nioke nahi baino astiroago iritsiko dela, inoiz iristekotan, euskararen geroa bermatzeko Pizkunde berri bat; eta azkarregi irits litekeela, iritsiko ez delakoan, atzera-bueltarik ez duen egoera. Baina, esan bezala, ameslari batzuok jarraitzen dugu amesten.

Ameslarioi efemerideek eusten jarraitzen laguntzen digute. Eta, zorionez, efemeridez betetako urteak datozkigu. Gertukoenetik hasita: AEKn 50. urteurrenaren testuinguruan murgildu gara. Are gehiago, 2028ko udaberrian 25. Korrika izango da; 2030ean, 26. Korrika; eta, 2030eko azaroaren 29an, 50 urte beteko dira lehen Korrika egin zenetik. Ez hori bakarrik: 2028an 50 urte beteko dira lehenengo Bai Euskarari egin zenetik (ekainaren 17an), eta 30 urte bigarren Bai Euskarari izan zenetik (abenduaren 26an, hain zuzen ere). Zerrenda horri jarraikiz, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik 25 urte beteko dira urte bereko otsailaren 20an, eta BERRIA sortu zenetik beste 25 urte ekainaren 21ean. Ziur beste hainbat aipatu gabe utzi ditudala, ez hartu kontuan.

Efemeride batzuk gora, efemeride batzuk behera... Konturatu zarete, ameslari izatearekin batera, idazleak ere bagarela? Euskal Herriko historian eta euskararen normalizazioan zein biziberritzean eragina izango duten etorkizuneko efemerideak idazten ari gara. Horixe dugu ameslariok, Euskal Herri euskalduna amesten dugunok. 300.000 euskaldun gehiago 2036rako: euskalduntzearen erritmoa bikoizteko Euskalgintzaren Kontseiluaren erronka. Hizkuntza-politiken paradigma berria eraikitzen gabiltza, 2025eko abenduaren 27ko Bilboko Miribillatik, 2026ko ekainaren 13ko Iruñeko Euskaltzaleon Martxara. Aurrera goaz. Bazatoz?

Euskal Konfederazioak antolatutako manifestaldia dugu begi-bistan. Azaroaren 21ean, ameslariok Baionako karrikak beteko ditugu Euskararen garaia da lelopean, euskararen koofizialtasuna aldarrikapen nagusitzat hartuta. Gure lurraldean euskarak frantsesaren leku berdina izan dezan nahi dugulako; euskara eskubidetzat aitortua izan dakigun nahi dugulako; Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea nahi dugulako... Eta ameslariok hori nahi dugu, baina nahi izatetik harago doa; eskubidea dugu, besterik gabe. Horregatik guztiagatik bat egin behar dugu, udalerrietako hamaika auzapezek, kontseilarik eta parlamentarik bezala.

Izan daitezela horiek efemeride, orainak idazten duelako geroa, eta gu garelako idazleak, etorkizuneko efemerideetako protagonistak. Lerro hauei
amaiera emate aldera, nerabezaroko kanta haren letrara egingo dut jauzi; izan ere, beste behin ere neure barrenetik ateratzen diren hitzek nik baino hobeto biribilduko dute hau guztia: «Orainak lehena atzean uztean bide berri bat hasten da». Pizkunde berri baterako bidea. «Oroitzapenak ahaztu ahal badira, etorkizuna gogoratu dadila». Hala izan dadin, larunbatean elkar ikusi behar dugu Baionan, Euskararen garaia da!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA