Erraza da iritzia izatea. Ondo informatuta egoteko, ordea, lan handiagoa egin behar da. Albiste fidagarriak lagungarriak dira promes faltsuak identifikatzeko, boterean daudenak auzitan jartzeko eta geure kabuz pentsatzeko. Haiek gabe, errazago engainatzen gaituzte. Eta erabakiak Gasteizko, Madrilgo, Bruselako edo Washingtongo bulego batean hartzen direnean, Euskal Herriko kazetariek geure buruari galdetu behar diogu erabaki horiek nola eragiten diguten.
Discoveryn lanean hasi nintzenean, harrera moduan zera erakutsi zidaten, inprimagailua, jantokia eta, garrantzitsuena, Discoveryren misioa: mundua hobetzen lagunduko duen edukia sortzea. «Estatu Batuetako estilo peto-petoa», pentsatu nuen. Baina dokumentalek begiak irekitzeko balio dute, eta entretenimenduak, bizitza alaitzeko. Ideia hori bera eraman nuen EITBra, Mediasetera eta orain Errumaniako PRO TVra.
Nire ibilbideko unerik aipagarrienetako bat Stephen Hawking ezagutu nuenekoa izan zen, Antonio Diaz El Mago Pop-ekin lanean ari nintzela Discoveryn. Guk saioa bukatu eta zenbait hilabetera, Trumpek hauteskundeak irabazi zituen, 2016an, eta, geroago, ikerketan murrizketa handiak egitea proposatu zuen. Hawking nirekin harremanetan jarri zen bere laguntzailearen bitartez, kezka baitzuen aurrekontuetako murrizketek nola eragingo zioten zientziari, eta irrikaz baitzegoen jende gaztearen artean jakin-mina pizteko eta hartara zientzia babesteko. Gure hizketaldietatik sortu zen Universe Unravelled, eta gero Discovery+ kanalean eman zuten. Hark irakatsitakoa ondo gorde nuen gogoan: jakintza babestea ez da nahikoa; jendea inspiratu behar dugu jakintzaren bila aritu dadin.
Zientziak jakin-mina behar duen bezala, demokraziak ere albiste fidagarriak behar ditu. EITBk INPUT biltzarra antolatu zuen Bilbon 2025ean, eta, hartan, kezka azaldu genuen kazetaritzaren eta herritarren arteko lotura ahultzen ari dela eta. Bilbon izandako ordezkari estatubatuar batzuek esan zidaten Trumpek agindu bat sinatua zuela hedabide publikoei laguntza federalak kentzeko. Ez da oso lasaigarria halako albiste bat entzutea hedabide publikoei buruzko konferentzia baten aurretik. Laguntzen inguruko gatazka guztiek ez dute arriskuan jartzen demokrazia, baina kazetaritza kritikoa zigortzea alarma pizteko modukoa da.
Israelen, AEBetan eta Espainian hauteskunde garaia den honetan, eta gurean 2027an udal hauteskundeak egingo direla kontuan hartuta, asko dago jokoan. Kontra egin ez bazaie, promesek ondorioak ekartzen dituzte. Kazetaritza ez da gure iritzien zerbitzuan dagoen arreta bulego bat. Datuak egiaztatu behar ditu, eta galdera deserosoak egin. Kontakizun guztietan arrazoia ematen baldin badigute, informatuta egongo gara, edo, besterik gabe, eroso?
Gure eduki fluxuetatik harago joan behar dugu, eta gurekin bat datozen kontakizunak ere auzitan jarri. Bestela, beste batzuek erabakiko dute zer jakingo dugun eta zeren berri ez dugun inoiz izango
Errumanian ari naiz lanean orain, eta, bertan, Reuters agentziaren 2026ko inkestari erantzun dietenen %23k baino ez dute esan albiste gehienak fidagarriak iruditzen zitzaizkiela gehienetan. Horretaz kezkatuta egon behar genuke. Jendea ez da fidatzen «komunikabideez», baina, aldi berean, balioa onartzen die ezagunak eta fidagarriak zaizkien albiste emaileei.
Baina albisteak ematen aritzen direnek hau galdetu behar liokete beren buruari: zertarako balio du zuzen aritzeak, inor entzuten ari ez bada? AEBetako komunikabide analista eta nire lagun Evan Shapirok, zeina Donostian ezagutu bainuen EITBren GEMA ekitaldian, gogorarazten digu ikus-entzuleek erabakitzen dutela zer ikusi eta non. Gazteek gero eta gehiagotan topatzen dituzte berriak sare sozialetan, bideoetan eta eduki sortzaileen profiletan, zuzenean albisteen iturrira jo beharrean. Baina horrek ez du esan nahi ez zaizkienik axola. Horra jo behar dugu haiekin topo egiteko, kontu konplikatuak argi azaldu, eta motiboak eman hurrengo bideotik harago ere joan daitezen. Herritarrak informatuta egotea nahi badugu, tituluak baino zerbait gehiago eman behar diegu: testuingurua, galderak eta arrazoiak, ikusten duten hori fidagarritzat jo dezaten. Hori egin ezean, zurrumurruek ez dute izango kontra egingo dienik. Sinesgarritasuna izatea ez da nahikoa: herritarrengana iritsi behar da.
Garrantzitsua da albisteak nondik datozen ere. Datuek berberak izan behar lukete Bilbon, Madrilen eta Bukaresten. Baina nork ikertzen du Bruselan hartutako erabakiek nola eragingo dieten Arrasateko langileei, Ondarroako familiei edo Hendaiako negozioei? Euskal Herritik bertatik informatzeak zera esan nahi du, beste batzuek aintzat hartuko ez duten horri erreparatzea.
Horregatik dira hain garrantzitsuak EITB, BERRIA eta Tokikom-eko tokiko euskal komunikabideak. Lagungarriak dira gure gizartea eta mundua ulertzeko, hemendik bertatik. Tokikomek auzoetako eta udaletako kontuen berri ematen du, eta komunikabide handiagoek erreparatzen ez dieten auzi batzuei heltzen die; EITBk zerbitzu publikoa betetzen du; BERRIAk, berriz, eguneroko albisteak aztertzen ditu era independentean. Gure gizarteak hirurak behar ditu.
Kazetaritzaren geroa ez da izango informazio fidagarria emate soila edo gure ikuspegitik informatze hutsa. Informazio hori esanguratsua izan dadin lortzea da kontua. Hedabideek arreta bereganatu behar dute, baina egia arriskuan jarri gabe. Gure eduki fluxuetatik harago joan behar dugu, eta gurekin bat datozen kontakizunak ere auzitan jarri. Bestela, beste batzuek erabakiko dute zer jakingo dugun eta zeren berri ez dugun inoiz izango.
Erredakzioan itzulia