Egia publikoak

2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Platonen leizean bizi zirenek bazuten handik irten eta egia aurkitzeko aukera. Jakintzaren bideari ekin eta kanpoko egiaren argitara iritsi ahal ziren. Aukera mingarria, dio mitoak, baina egia zain zuten, bere argitasun osoan. Kobatik argitasunera irtetea izan da egiaz jabetzearen metafora ohikoenetako bat, eta hortik bi tranpatxo idealista zabaldu dira. Bata, egia hor kanpoan dugula zain, argitara iritsita begiak ireki eta zuzenik ikusiko dugula bere baitan; bestea, bitarteko guztiak oker eta makurrak direla. Koba barruan itzalak baino ez zeuden ikusgai, horma batean, paper batean, pantaila batean, beti bitarteko maltzurrek desitxuratutako errealitatea. Egia, ordea, bitartekorik gabe agertuko zaigu. Arrazoi askorengatik dira bi ideiak baztertzekoak. Bitartekariak behar ditugu, eta egia ez da hor nonbait aurkituko den errealitate gordin, huts, unibertsal baten behatze pasiboa. Egia egiteko bat da, bitartekoz eta askoren artean egin beharrekoa. Koba kanpoko agerri edo agertoki hori, egia publikoa eginez zabaldu behar da.

Hori dena ez da berria, egia egin eta haren kontu emateko teknologia eta baliabide ugari asmatu dira historian. Filosofia idealisten kalterako, egia beti izan da metodo material eta sozial zorrotzen emaitza. Egia ekoiztea zaila delako, hain zuzen, egiaztagiri eta ziurtagirietan altxatu diren zibilizazioetan bizi izan dira jendeak oso antzinatik. Jendarte orok ezagutu du egia publikoaren formaren bat eta hura sortzeko hainbat arte. Orain dela mende batzuk, alabaina, euskarri berri batek dimentsio berria eman zion egia publikoari: bitartekari bereziak agertu ziren, kazeta eta berripaperekin batera. Estatu eta merkatu modernoen tentsioek eta norakoek elikatu zuten paperez eta tintaz zabaldutako agertokia. Zehatzago esan, gertatzen zen orotatik zer izango zen egia publikoa botere-kontua bilakatu zen espazio publikoa deritzon agertokian. Han jokatu dute, interes kolektibo eta pribatuen artean kulunka, bitartekariek eta bitartekoek, egia publikoa bi zentzutan paratzen: egia publikoak eta egien publikoak atontzen.

Bizitzaren digitalizazio basatiak ez digu ekarri egia publikoen plaza zabala, gorrotoaren gezurtegi programatua baizik

Egiaren eraikuntza, nola ez, gezurrez eta ilusio faltsuz beteriko jarduna izan da. Ilusio galgarrietan bizi izan ginen, adibidez, duela hogei bat urte: Internet edo sare sozialen bitartez denok izango ginela bitartekari, edo inor ere ez zela izango. Agertoki guztiz libre bat ari zela sortzen, denon eta edonoren egiak baliokide izango zirela eta, horrela, demokrazia komunikatibo osotik hurbil ibiliko ginela. Azkenik, kobatik irtengo ginen, bakoitza bere eskuz irten ere. Zer dugu horren ordez? Plataformen oligopolioa eta Internet kakaztua, manipulazio eta gezurraren fabrikarik handiena; orain, gainera, adimen artifizialak hipertrofiaturik. Bizitzaren digitalizazio basatiak ez digu ekarri egia publikoen plaza zabala, gorrotoaren gezurtegi programatua baizik.

Hori ere ez da berria. Egia publiko eta kolektiboa botere publiko eta kolektiboen iturria da; gezurra, berriz, egia puskatzeko eta jendeak zatikatzeko tresna, botere pribatuak handitu eta indartzeko jarduna. Gezurgintzarako teknologiak sekula ez dira izan hain efektistak. Haien argitara ikasi behar dugu gezurrekin nola atera egia. Nola ari du gezurra? Xedeak ditu: nahasmendu eta noraez publikoa eragin, bitarteko ororekiko mesfidantza barreiatu, eta, egungo harrapakeriaren mesedetan, jendeak gezur eta egia pribatuen jario ulergaitzari kateaturik eduki. Teknikak ere agerikoak: nahasgarriena argitaratu, gogotik errepikatu, kontraargudiorik ez onartu, nahi beste aldatu eta moldatu ezinegonari eusteko, zinismoz erantzun... Kontrako bidean apailatu behar dira egia publikoak, ordea: jendearengan inguratu, bizipen eta esperientziak bildu, mota guztietako erregistroak arakatu, zentzua eman jasotakoari, komunikatzeko moduan paratu, eztabaida kolektiboak ireki, gainerako ikerlariekin kontrasteak egin, erantzukizunez aritu eta, batez ere, publikoak egin. Izan ere, xedeak oso bestelakoak dira, egia publikoaren zentzua publiko aktiboak sortzea baita. Euskal publikoak ondo daki, nire iritziz, egia publikoek eta publikoek elkar sortzen dutela, bukle batean, konfiantzako bitartekarien bitartez. Uste dut hori badela BERRIA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA