Idazlea

EITBri gutuna

Idoia Rodriguez Mondragon
2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITBko arduradun agurgarriak.

Zuengana heldu naiz lanpostu berriarentzat nihauren burua aurkezteko. Uste dut zuen beharrei eta helburu berriei erantzuteko pertsona ideala naizela. Zer? Ez duzuela lanpostu berririk proposatzen? Bai, noski! Iruditzen zait inklusioaren izenean Iparraldeko pertsonak integratzea erabaki duzuela zuen taldean!

Frantziako Itzuliari buruzko zuen iragarkia ikusi ondotik, ohartu naiz geografikoki animaleko akatsa egin duzuela eta zuek laguntzera heldu naiz. Frantzia eta Ipar Euskal Herria nahasi dituzue!

Baiona Lapurdin kokatzen da. Beste bi probintzia badira Bidasotik at: Baxenabarre eta Zuberoa. Ikusten duzuen bezala, nire gaitasun geografikoak oso interesgarriak izan daitezke zuen kateentzat.

Ni lapurtarra naiz eta aitortzen dut gure elkarlana konplikatua izan daitekeela hasiera batean, baina, denok indarrak egiten baldin baditugu, lortuko dugu. Adibidez, nik ez ditut sobera aditz trinkoak erabiltzen eta esan-en ordez, erran enplegatzen dut. Ber maneran, ez dut morea erraten, baina ubela. Badakit zinezko buruhaustea izaten ahal dela elkar ulertzeko eta korapiloak sortuko direla gure burumuinetan. Baina nork daki? Beharbada momentu baten buruan denok gure hiztegia aberastuko genuke?

Hurrengo arazoa ezberdintasun kulturala da. Bai, ukaezina da, ez ditugu baitezpada erreferentzia berberak. Alta, ziurtatzen dizuet denok ber mailako euskaldunak garela. Hor ere, beharbada, zuekin lan eginez asko ikasiko dut. Baina zuek ere beste mundu bat deskubritzen ahalko zenukete. Nork daki!

Adibidez, hemen, festibala aipatzen dugularik, ez da BBK. EHZ, duela 30 urte auzolanari esker bizi den festibalari erreferentzia egiten diogu. Ber maneran, gure elikagaiak kalitatezkoak izan daitezen, lurra eta laborariak ahal bezainbat errespetatzeko Laborantza Ganbera sortua izan da duela jadanik 21 urte. Horrelako beste eredu asko aipatzen ahalko nizkizueke: hala nola Kanaldude, euskoa, Plazara, Maiatz, Haria argitaletxea eta Usopop diskoetxea. Ikusi beharko zenukete Ipar Euskal Herrian zer egiteko gai den jende euskalduna babestua izan gabe.

Nire ustez, hori da arazoaren muina: euskararen tokia. Zuek komunikabide bat zarete, potoloena gainera! Beraz, badakizue hizkuntza bat ez dela bakarrik komunikatzeko tresna bat. Mintzaira batek bere historia, bere ibilbidea, bere zapalkuntzak eramaten ditu berekin. Euskaldunok errepresio horiek jasan ditugu. Badakigu zer den norbait entzutea guri esplikatzen euskarak ez duela balio eta hobe genukeela beste hizkuntza bat erabili. Mingarria da.

Baina oraindik mingarriagoa da gure taldekoek gure kontra markatzen dutelarik. Zuen publizitatearekin, ukatu, apaldu eta folklorizatu gaituzue frantses lurraldeak egiten duen bezala. Ez, ez gara Frantziaren zaleak, ez dugu Aznavour entzuten, ez dugu txapelik janzten eta Paris ez da gure paneletan agertzen. Ez gara hori.

Ez gara zuen gibeleko basea edo ogi ona jateko aukera. Frantses eta espainolen jokoan sartu zarete, erakutsi diezue ez garela batuak, ez dugula elkar ezagutzen eta errazki hauskorrak garela

Gure borrokak ukatzen dituzue 30 segundoko kanpaina hori zabalduz. Eta hemen kokatzen da nire duda. Hori nola izan ote da onartua? Eztabaidak, galderak edo urrikiak izan ote dituzue? Edo denek barnatu duzue Iparraldearekiko mespretxua onargarria dela? Nire ustez, denbora gehiegi da ez dela zuen ekipoan izan lapurtar, xiberotar edo baxenabartarrik.

Euskal Herria ez da EAEra mugatzen. Gure lurraldean, zuenean ez bezala, euskara ez da koofiziala, ez du estatus legalik, egia da. Baina hala ere, ez da hila. Bizirik da. Denon ardura da euskara eta gure kultura lurralde guztietan errespetatzea eta sendotzea. Ez gara zuen gibeleko basea edo ogi ona jateko aukera. Pertsona batzuk egunero borrokatzen dira, iduriz ahantzi dituzuen balioen alde. Zuen iragarkiarekin itzaltzen gaituzue. Frantses eta espainolen jokoan sartu zarete, erakutsi diezue ez garela batuak, ez dugula elkar ezagutzen eta errazki hauskorrak garela. Epeltasuna zapaltzailearen aldeko posizio bat da.

Horretarako, nihauren burua aurkezten dizuet zuen kuota berria izateko. Bai, badakit kuotak artifizialak direla baina, egoera ikusiz, hobe dugu oinarri artifizial batekin hasi deus ez izan baino. Ausartak izateko, gure plana hiru partetan banatuko dugu:

  • Lehenik barkamenak eskatuko dituzue, eta zuen hainbat urtetako mespretxua eta baztertzea aitortuko dituzue.
  • Ondotik, ez gaituzue gehiago gehigarri bezala ikusiko, baina lurraldeko aktore bezala eta aktualitatearen muinean barnatuko gaituzue.
  • Bukatzeko, kulturalki gure ahotsa entzunaraziko duzue: gure idazleak, musikariak baloratuz, baina programa gehiago EAEtik deszentralizatuz ere bai, eta bikoizleak, aurkezleak, aktoreak aniztuz gure ahotsak entzunak, onartuak eta integratuak izan daitezen. Guk ikasi dugu zuen ikuspuntutik Euskal Herria ezagutzen. Hegozentrismo hori suntsitzeko garaia etorri da.

Gutun hau behar den lekuan aintzat hartuko duzuelakoan. Adeitasunez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA