Elkartasuna SAMeko langileekin

2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Irabaziak izan arren, Tolosako SAM enpresak lau langile kaleratu eta langileen lan baldintzak okertu nahi ditu. Kaleratzeek eta enpresa itxierek jarraitu egiten dute Euskal Herrian. Errealitate oso gogorra ikusten ari gara, eta Tolosaldea ere ez da libratzen. SAM bezala, beste enpresa asko daude eskualdean horrelako arazoekin. Mundu osoan gertatzen ari den egoera hau agerian uzten ari da kapitalismoa ez dela gai sistema gisa paper aurrerakoi bat jokatzeko gizartean, are gutxiago lanpostuak mantentzeko edo sortzeko eta gizarte osoarentzat bizi duin bat bermatzeko. Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi die SAMeko langileei eta antolatu dituzten mobilizazioei.

Tolosaldeko langileok ezin diegu uko egin iraganean hainbeste esfortzurekin eskuratutako konkistei. Noski, patronalak eta enpresariek beren irabazi milioidunak mantentzearren, ahal dituzten neurri guztiak ezartzen jarraituko dute, eta fabrika bakoitzean langileak engainatzen, desmoralizatzen eta zatitzen saiatuko dira. Dudarik gabe, edozein borrokatan, lankideen batasuna, batzarrak eta eztabaida demokratikoa langileen garaipenerako gakoa dira, baina funtsezkoa da borrokak elkartzea eta orokortzea ere.

SAMeko langileen aliatu nagusiak Tolosaldeko gainontzeko langileak dira. SAMeko langileen borroka indartzeko modu onena arazoekin dauden enpresetako langileekin borroka plan bateratu bat antolatzea da. Beharrezkoa da SAMeko borroka orain kaleratzea, erregulazio espediente edo itxiera mehatxuekin dauden enpresekin uztartzea. Enpresetako eraso guztiei aurre egiteko modu onena gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea da. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berberen aurrean, langileen indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Hau da bidea, langile klasearen borroka antolatu eta koordinatua. Batasuna da Tolosaldeko langile eta beren familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Eginkizun honetan, eskualdeko sindikatuek, nahiko indar eta baliabide baitituzte mobilizazio kanpaina indartsu eta bateratu bat antolatzeko, funtsezko papera jokatu behar dute.

Dei egiten diegu sindikatu, ezkerreko erakunde eta langile guztiei SAMek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera. Borroka da bide bakarra!

Lanpostu guztien mantentzea! Krisian dauden enpresen nazionalizazioa langileen kontrolpean! Banku eta enpresa handien nazionalizazioa langileen kontrolpean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.