Gune nagusiko karpa erretiratu dute dagoeneko, baina nik oraindik ez dut sinesten Elorrion gertatutakoa. 750 pertsonatik gora batu gara Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan, eta 100 gaztetxe eta gazte asanbladatik gora egon gara harremanetan aste bukaera hau posible izateko. Lan militanteari eta autogestioari esker ideiak elkarbanatzeko eta borrokatzeko espazioak eraiki ditugu, eta gaztetxe ezberdinetan dauden aisialdirako espazioen erakusleiho bihurtu dugu herria: mota askotako tailerrak, kontzertuak, pintxadak, bertsoak, zirkua, hausnarketa kolektiboa eta manifestazioa.
Onartu behar da, Topaketak antolatzea ez da lan erraza izan. Baina aurreko esperientzietatik ikasita, eta hauen lekukoa hartuz, antolaketa prozesuan gaztetxeen saretzea pauso bat haratago eramatea lortu dugu. Konbentzituta nago Euskal Herriko txoko desberdinetan egin ditugun asanblada irekietako parte hartze zabalak eta eskualdez eskualde sortu diren gazte asanbladen arteko harreman berriek gaztetxeen komunitatea indartu dutela. Gaztetxe eta gazte asanbladen arteko elkartasuna gorpuzteko eredu berri bat elikatu dugu. Hasieran neuzkan espektatiba guztiak gainditu ditu erakutsi den konpromiso eta ilusioak. Frogatuta geratu da gaztetxe eta gazte asanbladak bizi-bizirik daudela, eta badagoela gazte belaunaldi berri bat haien alde borrokatuko dena.
Ezin da alde batera utzi Topaketa hauek gaztetxeen kontrako ofentsiba baten erdian antolatu ditugula. Momentu honetan arrisku egoeran daude Gernikako Gaztetxea, Igorreko Kiñu, Portugaleteko Sastraka, Azkoitiko Gaztetxea, Zornotzako Matrailu, Donostiako Guardetxea eta Mungiako Errota. Errealitate honek zuzenean eragin dio antolaketa prozesuari ere, bi aldiz utzi behar izan ditugu asanblada zabalak bertan behera lehenengo Galdakaoko Gaztetxea eta gero Errotxapekoa desalojatzen zebiltzala, babestera bertaratu ahal izateko.
Gaztetxeak osatzen ditugun pertsonak ideologia politiko desberdinetakoak gara, eta ideien arteko talka modu eraikitzailean bideratzen asmatu behar dugu. Horretarako, zabaldu dezagun arrazionala eta errespetuzkoa izango den eztabaidaren kultura bat
Gainera, Topaketak baino astebete eskas lehenago, Eibarko Gaztetxea ere inolako aurreabisurik gabe desalojatu zuten. Hala ere, indar korrelazioa aurka daukagun honetan, balantzeak gure aldekoa izaten jarraitzen du. Azken bost urteetan 15 desalojo eta 17 okupazio egon dira, elkartasuna eredugarria izan da, eta egoera honen guztiaren gainetik Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketa arrakastatsu batzuk antolatzea lortu dugu. Argi geratu dadila: asko gara, antolatuta gaude eta eraso orori aurre egingo diogu.
Gaur egungo egoeraren ilunak, baina, ez dira okupazioaren aurkako ofentsibara mugatzen. Kaleetan, sare sozialetan eta instituzioetan nabari dugu faxismoaren, erreakzioaren, autoritarismoaren, matxismoaren, homofobiaren, transfobiaren zein arrazakeriaren gorakada; bizi baldintzen okertzea; euskararen aurkako oldarraldia eta abar. Gaztetxeak honen guztiaren kontra lehen lerroan antolatzeko eta borrokatzeko proiektuak dira, alderdikeriatik eta elektoralismotik kanpo kaleetan borroka bizirik mantentzeko. Garai berriek erronka berriak dakartzate, eta arduraz hartu ditugu Topaketetan. Merkatuaren atzaparretatik kanpo balio askatzaileetan oinarritutako kultur eredu alternatibo bat hedatu nahi dugu belaunaldi berrietan, aisialdia autogestionatuz, espazio seguruak eraikiz, erreakzioari forma guztietan aurre eginez, dauden gaztetxeak defendatuz eta berriak irekiz. Konturatu gara hau guztia lortu nahi badugu beharrezkoa dela gaztetxeak gaur egungo errealitatearen baitan ulertzea. Gaztetxeak osatzen ditugun pertsonak ideologia politiko desberdinetakoak gara, eta ideien arteko talka modu eraikitzailean bideratzen asmatu behar dugu. Horretarako, zabaldu dezagun arrazionala eta errespetuzkoa izango den eztabaidaren kultura bat.
Eta hemendik aurrera zer? Sinistu ala ez, hemendik aurrera daukagu lanik handiena. Herriz herri, auzoz auzo, mundu berri baten alde borroka egin behar dugu. Horregatik, espero dut Topaketek herri eta auzoetara indarberrituta bueltatzeko balio izana. Hurrengo Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan ikusiko dugu elkar, baina, bitartean, batu zaitez gaztetxeen loraldira!