Eneko Goia Donostiako alkate jaunari

2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
S an Telmo museoan lehenengo solairura igotzen bagara, aurkitzen dugun aurreneko irudia Cadizeko 1812ko Konstituzioaren goraipamena da, non esaten den:

«Antzinako Erregimenean ez bezala, iraultza liberalaren ondorioz sortutako gizarte modernoan mendekoak hiritar bihurtu ziren beren eskubide eta betebeharrekin, eta askatasun politikoak baliatzeko bermeak ezarri ziren.

Iraultza liberalek eta industria-iraultzak goitik behera aldatu zituzten gizartearen funtsak; gizarte harremanak, eguneroko bizitza eta elkarrizketarako guneak erabat eraldatu ziren. Handik aurrera, gizarte modernoa ezin da ulertu honako kontzeptu hauek kontuan hartu gabe: hiritartasuna, sufragioa, subiranotasuna, nazioa, norbanako eskubideak, askatasunak, jabetza pribatua, gizarte klaseak, kapitala, ideologiak, iritzi publikoa».

Cadizeko konstituzioa egiten hasi zirenean Euskal Herriko agintariak ez ziren han. Donostian, Frantziako armada zegoen. Frantziako Iraultzaren menpe zeuden hemengo lurraldeak, eta tokiko agintariak negoziatzen ari ziren haiekin.

Cadizeko konstituzioak ez zuen hemen inongo eraginik izan, eta 1813.eko sarraskiaren ondoren inposatu zuten, nahiz eta oso epe laburrean indarrean izan, eta herri honi abantailak baino kalteak eragin zizkion.

San Telmon dagoen testuan esaten dena ez da egia, ez behintzat Euskal Herriari dagokionez, eta zer esanik ez Donostiari eta Gipuzkoari dagokionez. Konstituzio horrek foruak abolitu zituen, soldaduzka derrigortu, eta abar.

1817.enean, Plaza berria berreraiki zenean, Plaza berri horri Konstituzio plaza izena jartzea militar espainiarrek inposatua izan zen. Ordura arte herriak jartzen zituen plazen eta kaleen izenak, eta hori izan zen ezarri zuten lehendabizikoa. Beraz, izen hori ez da demokratikoa, alderantzizkoa baizik; hau da , sarraskia eta gure menpekotasuna eragin zituztenena.

Donostia Sutan elkartea sortu zenetik ari gara esaten Plaza Berria dela (Bilbon eta Gasteizen bezala) Alde Zaharrean dagoen Konsti plaza esaten zaionaren jatorrizko izena. Orain, demokrazian gaudela diogun honetan eta Euskal Herriaren subiranotasunaren alde ari garenean, agintariei eskatzen diegu onar dezatela jatorrizko izana.

Halaber, eskatzen diegu San Telmo museoaren ardura dutenei ken dezatela hemen inoiz inolako esanahirik izan ez duen goraipamen hori, eta, haren ordez, gure historiarekin lotura zuzenagoa eta benetakoagoa duen 1813.eneko sarraskiaren berri eman dezala, horrela memoria historikoarekin leialagoa izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.