Teresa Peralesek eta José Manuel Dopozok 2025eko urriaren 18an El Correo egunkarian idatzitako iritzi artikuluaren kokapena erabat okerra da, funtsezkoa ahaztu zaie: osasun arretaren kalitatea. Aurrera jarraitu aurretik, beste zehaztapen garrantzitsu bat. Euskal Herria administratiboki zatituta daukagu, eta, ondorioz, gehienetan, gure hausnarketak nahiz proposamenak bereizita egitera behartuta gaude. Izan ere, eremu administratibo bakoitzak egoera, lege eta jardunbide propioak ditu, baita osasun esparruari dagokionez ere. Peralesek eta Dopozok EAE hartu dute subjektu gisa; gure hausnarketa, ordea, Euskal Herri osoari begirakoa da.
Peralesek eta Dopozok diotenez, osasun profesionalen zeregina herritarren beharrei erantzutea da, eta ez beren lankideen euskara maila ziurtatzea. Hala ere, baieztapen horrek erabat desbideratzen du Euskal Herrian lan egin behar duen osasun profesionalaren zeregina.
Euskaraz jakitea Euskal Herrian asistentzia sanitarioa emateko ezinbesteko tresna da, euskara baita bertako berezko hizkuntza, eta euskal hiztunak ditugun bitartean eremu horretan lan egingo duten osasun profesionalen betebehar profesionala da euskaraz lanbideak eskatzen dituen funtzio guztiak gaitasun nahikoaz betetzeko maila linguistikoa izatea (gutxienez C1 maila eta ez lanpostuetarako eskatzen den B2 maila). Baina zergatik diogu hori? Non jarri behar da fokua?
Hasteko, ez dugu ahaztu behar pazientearengan zentratutako osasun sistema dela gure ardatza, eta ez langileengan ardaztutako osasun sistema. Hainbat ikerketek agerian uzten dute hizkuntza oztopoen eta osasun arretaren kalitatearen arteko lotura. Hainbat azterlanetan deskribatzen den bezala, hizkuntza oztopoek ekitaterik eza eragiten dute osasunean, eta osasun arretaren kalitatea okertzen dute. Beraz, hizkuntza eskubideez haratago, arreta integrala (ahozkoa eta idatzizkoa) pazienteak aukeratutako hizkuntzan egiteak zerikusi zuzena du eskainitako arretaren kalitatearekin. Peralesek eta Dopozok planteatzen dutenak ez dio erantzuten pazientearengan zentratutako sistema bati, osasun langile euskaragabeen pribilegioak defendatzen ditu eta posta kodean oinarritutako politika proposatzen du.
Horrez gain, kontuan izan behar da Euskal Herriko osasun arreta eremu elebidun diglosiko batean kokatzen dela, non gaztelania edo frantsesa diren hizkuntza hegemonikoak. Egoera horrek eguneroko osasun jardueran zalantzan jar daitezkeen hizkuntza ohiturak ezarri ditu, naturaltasunez eta normaltasunez asimilatzen direnak, osasun esparruko berezko sozializazio prozesu eta espazioen bidez (unibertsitatea, komunitate osasuna, ospitalea, lanbide elkargoak, eta abar). Adibidez, osasun profesionalek, beren osasun jarduera kalitatez egiteko, ahozko komunikazioaz gain, historia klinikoa pazientearen aukerako hizkuntzan idatzi beharko lukete, eta hori oso ohitura ezohikoa da Euskal Herriko osasun profesionalen artean (historia kliniko guztiak, salbuespenak salbuespen, erdaretan bakarrik idazten dituztelako). Horrek, bestalde, erabiltzaileen eta osasun profesionalen hizkuntza pertzepzioa baldintzatu du, eta errotik kendu du osasun arretan pazienteak hautatutako hizkuntzak duen garrantzia.
Kulturalki homogeneoa eta erdal elebakarra den osasun sistema eraiki da; ez dator bat lege edo kode deontologikoarekin, ezta ebidentzia zientifikoarekin ere, baina mendeko hizkuntzaren (euskara) gutxiagotasuna barneratu eta indartzen du, ohiturak ezarritako arau sozialen eta hierarkien bidez. Euskara erabat bereizi da osasun arretatik, osasun jarduerarekin zerikusirik ez balu bezala. Oraindik geure buruari galdetzen diogu mediku on bat edo mediku euskaldun bat nahi dugun. Baina tranpa galdera horren aurrean, komeni da gogoratzea asistentziaren kalitatean eragiten duten parametro garrantzitsuenetako bat pazientearen gogobetetasun adierazlea dela, eta adierazle horrek berebiziko garrantzia duela osasun sistemaren funtzionamendu eraginkorrean.
Beraz, Peralesen eta Dopozoren planteamendua sustraitik okerra da, eta euskal osasun sistemaren helburuetatik aldentzen da. Berek jarritako adibideen artean aipatzen dute Tolosaldean arreta euskaraz aukeratu dutenen portzentajea %50 ingurukoa dela, eta familia medikuen postuen %96k dutela euskara eskakizuna (bi postu daude euskara eskakizunik gabe). Aipatu bezala, planteamendu horren norabideak urrundu egiten gaitu osasun sistemetarako kalitatearen estandarren eskakizunetatik. Baina ez hori bakarrik; gainera ahaztu egiten zaie esatea euskara eskakizuna zehaztuta daukaten lanpostuetan B2 maila eskatzen dela eta maila horrekin oso zaila dela osasun profesionalak bere funtzioak maila txukunean betetzea. Eta azkenik, euskaraz ez dakiten osasun profesionalek pazienteen segurtasun klinikoa kolokan jar dezaketela.