Irakaslea

D eredua birpentsatu euskara biziberritzeko

Kike Fernandez de Pinedo
2026ko martxoaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

60ko hamarkadan euskara galbidera zeraman joera aldatu zen indarberritze luze eta eraginkor bati esker. Hezkuntzak rol garrantzitsua jokatu zuen euskararen berreskuratze prozesuan. Lehenik, ikastolen mugimendu indartsuarekin, eta gero irakaskuntza publikoan euskal ereduen zabaltze orokortuarekin. Arabako kasuan, ia zerotik abiatu ginen duela 60 urte, eta lortutakoa izugarria dela ukaezina da. 90eko hamarkadan, halere, zenbait kezka sortu ziren, euskaraz ikasteak ez baitzekarren automatikoki hiztun aktibo gaituak sortzea. Honekin batera, D eredua orokortu ahala, ikasleen eta hizkuntz tipologien aniztasuna areagotzen joan ziren.

Gauzak horrela, mende aldaketaren bueltan, duela 25 urte inguru, sistemaren berrikuspena egiteko zantzuak baldin bazeuden ere, Hezkuntza Sailak ez ikusiarena egin zuen, eta hala jarraitzen du gaur ere, ezer gertatu ez balitz bezala. Egia da Ulibarri programa interesgarria eta hizkuntz proiektuak bideratu direla ikastetxeetan, baina askotan, boluntarismoan oinarritutako adabakiak izan dira, euskarari aitortu gabe ikastetxeetan beharko lukeen lehentasunezko trataera, (hitzetan agian bai, praktikan ez). Eta horrela ez goaz inora.

Ez dut orokortu nahi, baina, euskararen erabilera sozial gutxiko inguruneetan DBHko D ereduko ikastetxeetako egungo argazkiak kezkatzen nau. Ikasleei galdetuko bagenie zenbat minutu hitz egiten duten euskaraz, askok aitortuko lukete, gela kanpoan zein barruan, oso gutxi erabiltzen dutela, ia hutsaren hurrengoa. Hizkuntzak hitz eginez ikasten dira, baina, kanpoan aukerarik ez badago, eta ikastetxe barruan, uste denaren kontra, gutxi erabiltzen badute, nekez lortuko dute eroso komunikatzeko gaitasunik. Erdal guneetako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, gaztelania nonahi agertzen da, patioan, ikaskideen arteko komunikazioan, talde lanetan, eta irakasleekiko hartu-emanetan gero eta gehiago, bi norabideetan, tamalez. Diglosiak jotako espazioak dira eta bertan euskara ahul dabil. Ondorioz, ikasle gazte askoren euskara gaitasuna apala da, ez behintzat erosotasunez eta adierazkortasunez aritzeko adinakoa. Horrela ez dira gutxi legearen arabera DBH amaieran ikasleek lortu beharko luketen B2 maila lortuko ez dutenak.

Logikoa da euskara ikasgaiak eduki eta ordu berberak izatea Oionen edo Azpeitian? Ahozkotasunari, metodologia aktiboei, soziolinguistikari edo euskal curriculumari ez genieke garrantzi handiagoa eman behar?

Ez litzateke zuzena izango euskararen ahultzearen ardura soilik ikastetxeei leporatzea. Badakigu eskolak mugak dituela, eta gaztaroa hastearekin batera, eragin handiagoa dutela eurengan kaleak, lagunek, mundu digitalak edo sare sozialek eskolak baino; eta badakigu nagusiki erdarazko eremuak direla horiek. Horrenbestez, gazteen hizkuntz ohituretan eragiteko, ezinbestean, eskolakoak ez diren eremuetan eragin behar dela argi dago. Era berean, aitor dezagun ez dela erronka makala hizkuntza bat berreskuratzea edo biziberritzea hezkuntza sistemaren bidez. Mundu mailan aurrekari gutxi dituen xede konplexua eta zaila da. Horren aurrean, badira diotenak ezer gutxi egin daitekeela, halako etsipen konformistarekin, horrelakoxea dela egoera, eta egungo hezkuntza sistemari ezin zaiola gehiago eskatu.

Mugak eta zailtasunak, ordea, ezin dira aitzakiak izan geldirik egoteko eta inertzia hutsez jarraitzeko. Egungo murgiltze eredua birpentsatu, berraztertu eta berrasmatu behar dugu berandu baino lehen.

Hasteko, egoeraren diagnosi zintzo bat egin beharko genuke, globalizazioak, digitalizazioak eta adimen artifizialak sortutako aldaketa eta joera berriak aintzat hartuz. Ikasleen aniztasuna eta etorri berrien kopurua areagotu dira eta apaldu euskal unibertso edo kulturarekiko harremana. Ikasleen segregazio onartezina apenas gutxitu den. Badago zer aztertu eta aldatu. Baina berrikuspen orokorrak arreta jarri behar die ikastetxe barruko dinamikei ere euskararen gaitasuna hobetu eta ikasleak hiztun aktiboak izan daitezen. Izan ere, gurea bezalako murgiltze eredu batean, hizkuntz trataera integrala lantzea eta ikasleek euskararen ezagutza egokia lortzea, idatziz zein ahoz, lehentasunezko helburuak baitira.

Premiazkoa da gogoeta konpartituak eta galderak egitea: Logikoa da euskara ikasgaiak eduki eta ordu berberak izatea Oionen edo Azpeitian? Ahozkotasunari, metodologia aktiboei, soziolinguistikari edo euskal curriculumari ez genieke garrantzi handiagoa eman behar? Jantokian, kirolean edo eskolaz kanpoko ekintzetan euskarak ez luke beharko sustapen handiagorik? Irakasleek ez lukete hizkuntza formazio zabalagoa izan beharko? Ikasle etorri berrientzat ez lirateke indartu beharko euskara orduak eta ikastaro trinkoak, Katalunian bezala?

Nola berrikusi eta biziberritu eredua? Lehenik, hezkuntza komunitatea osatzen duten guraso, ikasle eta irakasleen inplikazioa eta parte hartzea bermatuz euskara egoeraren diagnosia egiteko, eta euskararen erabilera, gaitasuna eta atxikimendua indartuko dituzten neurriak sustatzeko.

Bigarrenik, Hezkuntza Sailak, baliabideak handitzeaz gain, euskararen gaitasuna hobetze aldera neurriak hartu beharko lituzke. Hasteko, hemengo murgiltze ereduaren zutabea den euskarari lehentasuna emanez, behar diren aldaketak eginez, ahozkotasuna indartuz, euskal curriculuma sustatuz, hizkuntz metodologia aktiboak eta integralak bermatuz…

Hirugarrenik, euskal herritarrok mugitu beharra dugu. Azken urteetan, euskararen ofizialtasunarekin eta irakaskuntzako euskal ereduen zabalpenarekin, ondo gindoazen ideia nagusitu da. Azterlan berrien arabera, ordea, geldiune arriskutsu batean gaude, batez ere gaitasunari dagokionez, baita eskolan ere. Eraso judizialek ez dute etenik. Nonbait, ahaztu zaigu euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duela, eta hizkuntz gatazkak sortu eta sortuko direla. Beraz, kontzientzia piztea; auzia soziopolitikoa ere badela onartzea; eta ilusioa, kemena eta konpromisoa berreskuratzea beharrezkoak zaizkigu une honetan. Euskararen aldeko motorra piztu behar dugu kalean zein eskoletan. Korrikak dioen bezala, euskara gara eta izango gara.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA