Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak dituen arazo larrienetako bat da eskola segregazioa. Steilas sindikatuan urteak daramatzagu egoera hau salatzen, baina Hezkuntza Sailak luzaroan ukatu du errealitatea. 2021era arte, Bildarratz sailburu ohiak eufemismoen atzean ezkutatu zuen segregazioa; 2022an, lehen aldiz, publikoki onartu zuen, baina ordutik ez da ausardiarik izan benetako neurriak hartzeko. Orain, Pedrosa sailburuak segregazioaren aurkako mahai bat abiatu du, baina, gure ustez, propaganda hutsa da: edukirik gabea, eta kontrako norabidean doazen politikak estaltzeko aitzakia.
Begoña Pedrosaren sailak, Hezkuntza Legea baliatuz, sistema duala betikotu nahi du. Sistema duala, zeinak barne hartzen dituen eskola publikoak eta itunpeko ikastetxeak, izatez, segregatzailea da. Eta, bitartean, Hezkuntza Sailak babesten duen sistema dualak berak sortzen duen segregazioari aurre egiten diola eszenifikatu nahi du; arazoa errotik konpondu gabe eta gizarteari iruzur eginez.
Hezkuntza Lege berriak «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» sortu du, sare pribatua publikoaren pare jarriz eta desoreka historikoak are gehiago betikotuz. Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartu dituen erabakiak argiak dira: ratioen jaitsiera gelak ituntzeko, bi urteko gelak ituntzea, zaurgarrien banaketa artifiziala, gehiegizko eskaintzaren aurkako neurririk eza… Aldi berean, itunpeko ikastetxeen finantzaketa handitu dute —%16ko igoera 2024ko aurrekontuak aldatu ondoren—, inolako kontrol mekanismorik gabe.
Bitartean, sare publikoa ahultzen jarraitzea nahi izan dute: ez da behar bezala finantzatzen eta barne produktu gordinaren %6tik oso urrun gaude. Gainera, jaiotza tasak behera egiten duen bitartean, Hezkuntza Sailak fusioak baliatu ditu ikaspostu publikoak suntsitzeko, beti itunpeko sareari mesede eginez.
Segregazioaren aurkako mahaia ez da benetako akordio sozial eta politikorako tresna. Helburua ez da arazoa konpontzea, baizik eta aurpegia garbitzea. Oinarri gisa, Hezkuntza Sailak EAEko segregazioaren diagnostikoa eta horri eman beharreko erantzunak jasotzen dituen txosten bat jarri du mahai gainean. Euskal hezkuntza sistema bi saretan egituratzeak —sare publikoa eta itunpeko sarea— egungo segregazio egoera agerian uzten duen arren, txostenak ez du horri buruzko aipamenik egiten. Planifikazioa, gehiegizko eskaintza edo kuoten kobrantzak ere ez ditu aintzat hartzen. Pedrosa sailburuak esandakoa gezurtatuz, jasotzen du matrikula bizia ez dela segregazio maila zuzentzeko tresna.
Diagnostikoak jasotzen du azken hiru urteetan hartu diren neurrien ondorioz EAEn 0,47tik 0,42ra jaitsi dela desberdintasun indizea. Hau da, 2 urteko ikasleen %42 mugitu beharko lirateke indize hori 0 izateko. Horrek erakusten du hiru urte hauetan hartu diren neurriek ez dutela ezertarako balio izan; are gehiago, onarpen aginduak jasotzen duen bezala, zaurgarrien banaketa %10era mugatzen bada.
Segregazioaren aurrean hartu beharreko neurriak orain arte hartutako berak dira. Gehiegizko eskaintzaren kasuan, eskariari eskaintza deitzea; zaurgarrien banaketan, plazen erreserbekin jarraitzea; planifikazioan neurriak hartzea, ikastetxe publikoen fusioak barne; zaurgarriak itunpeko ikastetxetera joan daitezen garraio eta jangela laguntzak bermatzea, gertutasunezko eskolatzearen justu kontrakoa; edo justifikatu gabeko kuoten kobrantza kontrolatzea.
Diagnosia, bere osotasunean, ez da zuzena; hiru urte hauetan harturiko neurriek eman duten emaitzekin oso konformista da, eta segregazioa zuzentzeko neurriak orain arte egondako berak dira. Hau da, ezarritako dinamika ez da gardena, eta erabakiak aurrez hartuta datoz. Gaur egun martxan dauden neurriak ez dira inklusioaren aldekoak, kontrakoak baizik: hezkuntza sistema zatitzen jarraitzen dute, sare pribatuari lehentasuna emanez eta interes partikularrak kolektiboen gainetik jarriz.
Horiek horrela, eskola segregazioa gainditzeko ezinbestekoa da egiturazko aldaketak egitea, eta horretarako ausardia politikoa behar da. Steilasen argi daukagu: hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra ezarri behar da, sare publikoa handituz eta indartuz; patronalen interes partikularren gainetik itunpeko eredua desagerrarazi, eta ikastetxe horiek sare publikoan integratzeko bide juridikoak ireki behar dira, langileen lanpostuak eta baldintzak bermatuz; familien aukeraketa eskubidea ezin da gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren gainetik jarri, eskubide kolektiboak lehenetsi behar dira; hurbiltasun errealeko eskolatzea sustatu behar da, garraioa behar duten ikasleak murriztuz, ekologikoki iraunkorra den hezkuntza lortu arte eta ingurumen aztarna ahalik eta gehien murriztu arte; 0 eta 3 urte arteko etapa doakoa izan behar da, eta hezkuntza publikoan egon behar da txertatuta, ibilbide osoa bermatuz; hezkuntza publikoa propioa, euskalduna, laikoa eta feminista izan behar da, inklusioa bermatzeko ezinbesteko baldintzak baitira, eta, murgiltze eredua hedatuz, erlijioa geletatik kanporatuz eta feminismoa indartuz; matrikulazio bulego bakarra behar da, onarpen prozesu gardenak bermatzeko; hezkuntza merkatuaren logikatik atera behar da, interes eta negozio partikularretatik aldenduz; gehiegizko eskaintza amaitu behar da, eta eskaintza osoa planifikazio publikoaren bidez antolatu; jantokiak eta eskolaz kanpoko ekintzak doakoak izateko urratsak egin behar dira, aukera berdintasuna bermatzeko; eskolak demokratikoak izan behar dira, tokian tokiko errealitateei erantzuteko; eta, azkenik, beharrezkoa da programa bidezko kontratuak ezabatzea, konplexutasun handiko ikastetxeei baliabideak zuzenean emanez, lehia eta proiektu burokratikoen menpe jarri gabe.
Mahai antzuak ez dira irtenbidea. Ez dira nahikoa eufemismoak, ezta aurpegi garbiketa saiakerak ere. Eskola segregazioari aurre egiteko benetako borondatea eta ausardia politikoa behar da, eta horrek esan nahi du sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra eraikitzea. Horixe da ikasle guztien aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatzeko bide bakarra. Horretarako, beste behin Steilasetik ausardia politikoa eskatzen dugu, gizartea engainatzen ez ibiltzeko.