Errenteriako udalbatzak 2015eko irailaren 29an hartu zuen —Kaleratzeak Stop plataformak aurkeztutako mozio baten ekimenez— gure udalerrian kaleratzeak ekiditeko konpromiso irmoa. Ebazpen hura onartuz, finantza entitateek, inbertsio funtsek edo enpresek eskatzen zituztenean, kaleratzeak ekiditeraino bitartekaritza lana egiteko konpromisoa hartu zuen udalak. Esan eta egin. Ordutik ekidin diren kaleratzeen erregistrorik ez dago. Norberak soilik daki zenbat diren.
Etxegabetze bat ekiditea alkate batek, gobernu batek, izapide administratiborik abiatu gabe egiten dituen jarduera horietako bat da. Mezu elektronikoak idatziz, telefonoa behin eta berriz hartuz, kasu zehatzaren zirrikitu eta heldulekuak zein diren aztertuz. Batzuetan, beste erakunde-ordezkariren baten konplizitatearekin eta beti presio sozialarekin. Egindako lanak ez du trazabilitaterik. Emaitzak ez du hedabideen aurreko agerraldirik. Horrelako kudeaketek ez dute udal erregistroetan arrastorik uzten, baina tartean ibilitako guztien azaletan itsatsita geratzen dira beldurra eta aldi baterako lasaitua, hurrenkera horretan. Izan ere, nik ezagutu ditudan guztiak beti izan dira in extremis. Epemuga gainean genuela.
Politika publikoen ikuspegitik, horrelakoetan, gertatu ez dena da emaitza. Gertatzea ekidin dena da garaipena, garaipen mutua, garaipen ixila. Eta, eraiki diren etxeez, mugatu diren alokairu errentez eta alokairu merkatura atera diren etxe hutsez hitz egitea garrantzitsua bada, imajina dezagun zenbateraino den garrantzitsua etxegabetzeak kontabilizatzeari uztea.
Zilegi al da gaur errentismoa? Zilegi al da, etxebizitza eskubidea denean, alokairu prezioa merkatuak ezartzea?
Azken egunetan Madrilen aurrera egin ez duten bi dekretuek hauteskunde ekitaldi berri batera eraman gaituzte. Baina hori baino gehiago: bi dekretuak atzera botatzeak eraman gaitu, berriz ere, nahi ez genuen tokira. Alegia, dekretu batek legez guztiontzat eta baldintza berdinetan lor dezakeena udalon konpromisoaren eta eragiteko gaitasunaren gain uztera. Motzean, segi udaletatik ahal duzuna egiten edo onartu, naturalizatu, hainbat herrikide etxerik gabe geratuko direla.
Eta hor dago, hain juxtu, auziaren muina: ezin dugu herritarren oinarrizko eskubide baten bermea udal bakoitzaren konpromisoaren eta eragiteko gaitasunaren mende utzi. Etxebizitza eskubidea dela aitortzen badugu eta hori auzitan jartzen ez badugu, lotu dezagun eskubidez, gure ardura eta konpromisoa auziarekin lotuz.
Eta eskubide hori lotuz, eman diezaiogun erantzun argi bat, etengabe airean dabilen galdera bati: gaur eta hemen, zilegi al da gaur errentismoa? Zilegi al da, etxebizitza eskubidea denean, alokairu prezioa merkatuak ezartzea?
Etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den honetan, egiturazko neurri garrantzitsuak hartzen ez badira familiak estutzen eta zaurgarri izatera kondenatzen jarraitzen dugun testuinguru honetan, ez al da guztiok gure erantzukizuna hartzeko unea? Ez al da erakundeok ausart jokatzekoa? Ez al da etxebizitzaren aldeko oinarrizko gizarte hitzarmen bat zigilatzekoa, errentismoaren aukeraren ideiari ateak itxita?
2015ean Errenterian hartu genuen konpromisoa beharrezkoa izan zen, eta bide horretan lanean jarraitu dugu, urratsez urrats, mugarriz mugarri. Zorionez, ez gara bakarrak. Asko egin dugu, baina bistan da: ez da nahikoa, besteak beste, erakundeen jarduna lerrokatzea ezinbestekoa delako, agintarien eta gizartearen arteko etxebizitzaren aldeko hitzarmena ezinbestekoa delako.
Norabide berean doazen mezu argiak behar ditugu. Eta mezuen norabide berean doazen erabakiak behar ditugu. Etxebizitza eskubidea bada, lotu dezagun, lotu gaitezen.