Hauteskundeen atarian migrazioa eztabaida politikoaren erdigunean egongo dela dirudi. Nola hitz egingo da hartaz? Eskubideez, bizikidetzaz eta bizi-baldintzez, ala pertsona migratuak, berriz ere, arazo sakonagoen erantzule gisa aurkeztuko dira? Paradoxa bat dago: kanpainan hizpide izango dituzten askok ezingo dute botoa eman.
Eskubideen aitortzearen eta herritartasun osoaren arteko arrakalan aztertu behar dugu lortutakoa. Indar aurrerakoiek eskubideak zabaltzen lagundu dute. Gizarte-mobilizazioak bultzatutako 2026ko ezohiko erregularizazioa aurrerapausoa da hemen bizi direnen aitortzarako. Harrera-baliabideak garatu, asilo-izapideak indartu eta diskriminazioaren aurkako arauak onartu dira. Lorpen horietan funtsezkoa izan da mugimendu sozialen eta pertsona migratuen borroka.
Baina kontraesanek hor diraute. Espainian asilo-espediente gehiago ebatzi arren, 2025ean nazioarteko babes-eskaeren %11,2ri baino ez zitzaien babesa aitortu. Europako Migrazio eta Asilo Itunak mugen kontrola lehenesten du. Oztopo administratiboek, etxebizitzako bazterkeriak eta arraza-profilen araberako polizia-kontrolek diraute. SOS Arrazakeriak salatzen duenez, arrazakeria instituzionala diskurtso xenofoboen aurretik dago, eta haiek normalizatzeko bidea prestatzen du. Erakundeek kidetasun-mailak ezartzen dituztenean, diskurtso baztertzaileei bidea errazten diete.
Sektore aurrerakoiok gehiago aurreratu dugu eskubideak aitortzen haiek defendatzeko kontakizuna eraikitzen baino. Batzuetan, eskubideen aurkarien markoak ere geureganatu ditugu. Ez da komunikazio-kontua bakarrik: paperean aitortutakoa ez da beti benetako eskubide bihurtzen. Berdintasuna aldarrikatzeak ez du balio politikek hura oztopatzen badute: horrek sinesgarritasuna ahultzen du.
Segurtasunaren auziak argi uzten du arriskua. Delituek erantzun eraginkorrak behar dituzte; segurtasuna migrazioarekin parekatzeak, ordea, herritar batzuk estigmatizatzen ditu. Segurtasuna denon eskubidea da, ez komunitateak susmopean jartzeko aitzakia.
SOS Arrazakeriaren Co-etik(et)a ekimenak alderdien diskurtsoen etika neurtu nahi du: etiketak erakutsiko du bizikidetza sustatzen duten ala gizartea zatitzen duten
Ea pertsona migratuek eskubideak izateko eskubiderik duten. Ea integratu behar duten. Ea prestazioak, etxebizitza edo lana kentzera datozen. Bizikidetza, segurtasuna, paperak... Denbora gehiegi daramagu besteen galderei haien markoetan erantzuten. Gezurrak gezurtatu behar dira, baina jarrera defentsibotik atera eta geure agenda ezarri ere bai. Abiapuntua argia da: herritarrak, eta kito.
Herritarrak, ez denek herritartasun juridikoa aitortua dutelako, baizik eta gizarte honetako kide direlako: komunitatea eraikitzen dute, eskubideak dituzte eta haien bizitzetan eragina duten erabakietan parte hartzeko aukera izan behar dute. Ez da nahikoa entzutea: politikak zehazteko benetako ahalmena behar dute. Integrazioa ere berrikusi behar da: ezin da iristen direnen betebeharra soilik izan. Zer ardura dute erakundeek bazterketak irauten duenean? Kontua ez da pertsonak komunitate aldaezin batean sartzea, baizik eta aitortzea dagoeneko bertako kide direla eta komunitatea guztion artean eraikitzen dugula.
Herritartasunak eskubideak gauzatzeko baldintza materialak behar ditu. Etxebizitzaren krisiak gero eta jende gehiagori eragiten dio; pertsona migratu, errefuxiatu eta arrazializatuek, gainera, diskriminazioa jasaten dute jatorriagatik, abizenagatik edo administrazio-egoeragatik. Ez ditzagun baliabide urriak behar dituztenak elkarren aurka jarri: bazterketa sortzen duten baldintzak aldatu behar dira. Ahulenei errua egozteak erabaki politiko eta ekonomikoak ezkutatzen ditu.
Ezin dugu onartu eskuin muturrak galderak ezartzen jarraitzea. Geure agenda berreskuratu eta desberdintasuna elikatzen duten egiturak salatu behar ditugu
Gu eta haiek bereizten dituen logikaren aurrean, gu zabalago bat eraiki behar dugu, arazo partekatuak eta diskriminazio bereziak aitortuz. Antiarrazakeria ez da auzi sektoriala: lana, etxebizitza eta zerbitzu publikoak ere hartzen ditu. Etxebizitzaren aldeko mugimenduarekin, sindikatuekin eta auzo-elkarteekin aliantzak ehundu behar ditugu. Horrek ez ditu ezabatzen pertsona migratuek eta arrazializatuek jasaten dituzten bazterkeria bereziak: horiei ere aurre egin behar zaie. Bestela, ez da justizia sozialik izango.
Zatiketa sustatzen duten diskurtsoei ere aurre egin behar diegu. Hauteskundeek eskuin muturraren mezu baztertzaileak normalizatzeko arriskua dakarte. Horregatik, politika koherenteak ez ezik, diskurtso etikoak ere eskatu behar ditugu. SOS Arrazakeriaren Co-etik(et)a ekimenak alderdien diskurtsoen etika neurtu nahi du: etiketak erakutsiko du bizikidetza sustatzen duten ala gizartea zatitzen duten. Datuak egiaztatu, komunitateak ez kriminalizatu, aurreiritziak ez elikatu eta kaltetuei entzun: alderdi guztiei eskatu beharreko gutxienekoa da. Ezin dugu onartu eskuin muturrak galderak ezartzen jarraitzea. Geure agenda berreskuratu eta desberdintasuna elikatzen duten egiturak salatu behar ditugu. Demokraziaren kalitatea eztabaida publikoan eta botoa eman ezin dutenekiko errespetuan ere neurtzen da.
Kanpainako gai izan aurretik, migratuak auzokide, lankide eta komunitateko kide dira. Ez dugu haien presentzia justifikatu behar, haien kidetasuna aitortu eta eskubideak bermatu baizik.
Herritarrak, eta kito.