EHBaiko zuzendaritzako kideak

Eskuin muturraren aitzinean, fronte zabal bat eraikitzeko ardura

Mathilde Hary eta Nerea Peponnet
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jende guztia oroitzen da 2024ko ekainaren 9an, Europako Parlamenturako hauteskundeen arratsean, sentitutako beldurraz. Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 96tan eskuin muturra lehen postuan zegoen. Prentsak zioen «Euskal Herriak RN Batasun Nazionala lehen postuan» ezarri zuela. Izoztuak ginen.

Segidan, Frantziako Asanblea Nazionala ustekabean desegin zen, kanpaina legegile bat argiztatua eta benetako asaldura herritarra gertatu zen. Hiru astetan, ezkerreko Fronte Popular Berriaren proiektuak garaipena lortu zuen. Ipar Euskal Herrian, ezkerreko abertzaleen funtsezko ekarpenari eta gure lurraldera moldatzeko gaitasunei esker, garaipen historikoa lortu genuen: Fronte Popular Berriko hiru diputatu, haietako bat, historian, EHBairen lehena: Peio Dufau. Garaipen hori herri mobilizazioaren eta faxismoak lekurik ez izateko milaka lagunek egindako lanaren eta engaiamenduaren fruitua izan zen.

Orain, Frantziako Estatuaren ezegonkortasunak, Macron presidentearen erabaki arduragabeen kateaketengatik batez ere eragina, baita hauteskundeen emaitzak ez errespetatzeagatik ere, arrisku hori hurbiltzen du. Bereziki kezkatuta gaude, eta badugu zertan kezkatuta egon. Alta, kezkak eraldatu ditzakegu. Eraldaketa hori erresistentziarako motorra izan daiteke, gure ideia aurrerakoiak aitzinarazteko eta eskuinaren zein eskuin muturraren aliantzak gure bizi baldintzak eta Euskal Herrian, elkarrekin, azken urteetan eraikitako guzia suntsitzeko arriskua saihesteko.

Badakigu eskuin muturra boterera iritsiko balitz zerbitzu publikoen eta babes sozialen politikak suntsitzea, aberatsenentzako abantailak areagotzea, emazteen eskubideen aurkako erasoak emendatzea, trantsizio ekologikorako politikak baztertzea, migranteenganako erasoak gogortzea edota identitateari, hizkuntzari eta euskal kulturari loturiko erasoak biderkatzea bezalako egoerak indartuak aterako liratekeela. Jendartearen zatiketa baztertu ezin den arriskua da.

Eskuin muturra gure atarian da, eta erabakitasun zein proiektu erakargarri batekin aurre egin behar diogu. Ipar Euskal Herrian, Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko milioiduna bere lekua atzematen entseatu da, Biarritz Olympiquen inbestitzen, Donibane Lohizunen bere prezioaren kasik bikoitza balio duen bigarren etxebizitza bat erosiz, Ezpeleta, Hendaia, Hazparne eta Bidaxuneko bestak «Frantziako besta ederrenak» labelizatuz edo Biarritzen Barne Seguritateko Ikerketa Zentro baten sorrera sostengatuz. Eskuin muturra jendarteko sektore guzietan txertatzen entseatzen da. Gure lanaren helburua da eremu horietan lekurik hartzen ez uztea.

Sterinek Biarritz Olympiqueko bere zatien gehiengoa salgai ezarri du, baita Donibane Lohizuneko txaleta ere —hamar milioi euroko emendatze batekin— eta Ezpeletak, Hendaiak eta Hazparnek «Frantziako herri ederrenak» labeletik alde egin dute. Atzerapauso hori ez da kasualitatez etorri eskuin muturrarentzat, batu den biztanleriaren kontzientzia eta mobilizazioaren emaitza baita, sektore guztietan batu dena, gure lurraldea irudikatzen duten elkartasuna, kohesioa eta identitatea bezalako balioak defendatzeko.

Eskuin muturraren aitzinean hainbat garaipen lortu baditugu ere, zuhur jokatu behar dugu. 2026ko martxoan herriko bozak iraganen dira, eta hauteskundeen arloan ere haize atzerakoiak iristear dira. Jadaneko, eskuin muturrak Baionan zerrenda bat aurkeztuko duela adierazi du. Biziki kezkagarria da, are gehiago zenbait herritako eskuineko zerrendetan eskuin muturreko hautagaiak espero ditzakegunean. Alderdi politikoen ardura erabatekoa da: onartezina litzateke eskuin muturrari gure lurraldean sustraitzeko aukera irekia uztea eta horrela gure erakundeetako ateak zabaltzea. Gibelera egiteko denbora dago oraindik.

Euskal Herrian eskuin muturraren eta bere ideia atzerakoien aitzinean harresi bat eraiki behar dugu. Historian zehar eskuin muturra eta faxismoaren aurkako borroka kolektiboa izan denez, hitz horietan islatua ikusten den sektore, erakunde, alderdi politiko eta herritar oro parte hartzera gonbidatzen dugu.

Negu Gorriak-ek Kolore bizia abestian dioen gisan, gure kolore ederrenekin erantzun diezaiogun irudi goibel honi. Hurrengo hitzordua azaroaren 14an izanen da, arratsaldeko 19:00etan, Donibane Lohizunen. Garai zailetan ere, historiak erakutsi du itxaropenak gaina har dezakeela. Argi mintzo gaitezen: gure bizi baldintzen eta elkarbizitzaren borrokan ezin dugu hutsik egin. Euskal Herrian, bai, posible da!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.