Espainia, inposizioa eta hondamena: independentzia

Independentistak talde bultzatzaileko kideak
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Urteetan jasan izan behar dugu txikiegiak ginelakoa independente izateko, hondoa joko genuelakoa, azak jan beharko genituelakoa... Bada, Lehman Brothers-ekin bertan behera geratu dira halako kontuak eta beste hainbat mito. Eta, orain, amildegirantz garamatza Espainiako krisialdiak, botere ekonomikoen mende izaki.

Aberastasunen banaketa dago krisiaren muinean. Soldatako langileei dagokien partearen jaitsiera ia unibertsala du eragile nagusietako bat: haien kaltetan atzemandako errentek elikatu dute finantza burbuila. Soldata apalak, prekariotasuna, erdi mailako klaseak desegitea, denak ere kreditu errazaren pizgarri bidez mozorrotuak. Ezin iraunezko espiral bat, bere hegalik paradigmatikoenean zulatu zena: higiezinen alorrean. Eta, sakonean, garapen ereduaren krisia: hazkunde mugagabearen ezintasuna, baliabide mugatuko planeta batean, zeinean gailurra jotzear baita petrolioaren ustiapena. Hazkunde ekonomikoak aspaldi utzi zion ongizatearen eskutik joateari.

Hori guztia gain behera etorritakoan, bankuak ziztu bizian ahalegindu ziren beren aktibo toxikoak eta zorrak diru kutxa publikoei eskualdatzen, eta gobernuek —Islandiako herriarena da salbuespen ohoragarri bakarra— atsegin handiz onartu zuten, erabat zorpetzeraino bankuen galerak xurgatzearren. Ez du emaitza onik izan: ekonomiak ez du burua goratu, jaitsi egin da zergak biltzeko ahalmena, kendu egin dute inbertsio publikoa produkzio egituratik, eta gutxitu egin dira gizarte zerbitzuak eta diru laguntzak; horrek guztiak behin betiko zapuztu du barne eskaria, eta diru kutxa publikoak hustu ditu. Eta krisi honetan sartu gintuzten horiexek eman nahi dizkigute ekonomia merkeko irakasgaiak. Diru kutxa publikoetako kapitala bankuei baldintzarik gabe eskualdatu izana, berriz, zor publikoarekin espekulatzeko erabili da batik bat. Norbait ergelarena egiten ari da.

Espainia nabarmendu egin da, eredu horretako ikasle koipetsu gisa. Espainiako banku handiak eta finantza interesek, botere publikoek babestu eta sustatutakoek, fagozitatu egin dute produkzio egitura, eta galarazi egin diote garatzea eta askotarikotzea. Negozioa egin dute, honako hauen kontura: aktibo publikoen salmenta; kapitalaren mugimendu espekulatzaileak; zerga iruzurraren ugalketa; ustelkeriaren kultura. Adreiluaren eta azpiegitura faraonikoen Espainia.

Besterik egin zitekeen, baina ez da egiten. Behin eta berriro, betikoen onuragarri diren erabakiak hartzen dituzte, nazioarteko egoera edo EB Europako Batasuna aitzakiatzat hartuta. Hala jokatzeak espekulatzaileen presioen mende jartzen du Espainiako Estatua, eta erabakiak beste batzuen esku uzten ditu, eta horrek are eta gehiago urruntzen du Euskal Herria erabakitzeko guneetatik. Eta jokaleku horren erdian, Konstituzioaren erreforma gertatu da, eta, horren eraginez, beste koska bat estutu ahal izan dute diru kutxa publikoak hustu dituztenek. Demokraziaren kontrako neurri bat da, besteak beste, herritarrei ukatu egiten dielako beren bizi-baldintzei eta lan baldintzei eragiten dieten gaien inguruan erabaki ahal izatea, euskal erakundeei ere gutxitu egiten dietelako erabakitzeko ahalmena eta espekulatzaileen esku uzten duelako gure etorkizuna.

Kale itsu batean gaude, krisiaren eragileak dira onuradunak, eta ez digute biderik ematen bestelako zerbait proposatzeko. Aldaketa bati ateak zabaldu beharrean, ateak ixten ari dira nazionalista espainolak. Atzeraka doaz. Estatu nazionalismoa ezin ukituzko totem bihurtua da, eta joko demokratikoa gero eta pobreagoa da.

[...] Patxi Lopezek —orain eta diskurtsoan bakarrik— politikaren eginkizuna aldarrikatzen du merkatuen aldean; bada, halako aldarrikapen batek, gaur egungo Euskal Herrian, aintzat hartu behar du independentzia. Euskal estatu batek parte hartzeko eta erabaki ahal izateko espazio handiagoak eskaini ahal izango lituzke, gizarteko gero eta sektore gehiagok iritzi baitiote —hemen edo Madrilen, Grezian, Katalunian eta Wall Streeten— gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoak ez diela inolako biderik ematen herritarrei erabaki ekonomikoetan parte hartzeko.

Beraz, ez gara independentziaz ari, kontzeptu huts gisa. Krisiaren irtenbideak berekin baitakar honaino ekarri gaituzten ereduak eta hipotesiak aldatzea. Deskarbonizazioa, berrerabilpena, murrizketa eta birkontzeptualizazioa dira garapen iraunkorraren araberako ziblizazio bateranzko seinaleak. Baita birkokatze bat ere eskualdeko eta tokiko ekonomien inguruan, betiere garapen iraunkorraren alde eta gure ekonomiaren kontrol demokratikoa berreskuratzearren, herritarren zerbitzura jartzeraino eta ez alderantziz. Trantsizio horri lehenbizi ekiten diotenak egongo dira egokien kokatuak. Independentzia, beraz, euskal produkzio egitura sustatzeko, hauek oinarritzat hartuta: plangintza estrategikoa; aniztasuna; kalitatea eta balio erantsia; kalitateko enplegu iraunkorra eta lanbide kualifikazioa; sektore publikoaren parte hartze zuzena; lehen sektorea sendotzea, elikadura subiranotasunaren alde eginda; kredituaren sozializazioa; aberastasunaren banaketa bidezkoa; gizarte gastua handitzea...

Parte hartze demokratikoak eta bide aldaketak, gaur egun, independentzia esan nahi dute. Horregatik, urriaren 12an, Bilbon, arratsaldeko bostetan hasita eta Jesusen Bihotza plazatik irtenda, bigarren Martxa Berdea egingo dugu, lelo hau baliatuta: Espainia= Inposizioa eta hondamena. Independentzia! Aurten ere, urriaren 12an, Espainiatik independentzia lortutako herriak gogoraraziko ditugu, gaur egun oraindik ere borrokan baitihardute neokolonialismo ekonomikoaren kontra. Elkarturik egingo dugu martxa, independentziaren alde eta merkatuen inposizioaren kontra borrokan ari diren herri guztiekin.

Martxa hori martxa zaratatsu bihurtuko da ibilian, Plaza Eliptikora iristean, Bilboko 0 kilometroan oraindik ere zutik dirauen ezkutu faxistaren ondotik eta Gobernu Ordezkaritzaren ondotik igarotzean. Zarata horren bidez, haserrea erakutsi nahi dugu, eta salatu Espainiaren eta merkatuen inposizioa, eta hondamenera bultzatzen gaituela. Han ikusiko dugu elkar; beti bezala, jantzi berderen bat dugula soinean, eta, oraingo honetan, edonolako erreminta edo lanabes bat eskuetan hartuta, zarata egiteko, zarata handia. Entzun nahi ez badigute ere, entzun egingo digute. Eta azak ordainetan!

(Erredakzioan itzulia)

Artikulua hauek sinatu dute: Floren Aoiz, Txutxi Ariznabarreta, Garbiñe Bueno, Ion Andoni Del Amo,Patxi Gaztelumendi, Joseba Gezuraga, Ana Irastorza, Antton Izagirre, Txekun Lopez De Aberasturi, Maria Luisa Mangado, Esti Mujika, Haritz Perez, Andoni Rojo, Iñigo Sancho.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.