Espazio publikoaren publikotasunaren alde, ez joan etxera

Asier Coloma eta Garazi Rodriguez
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Igande honetan, bi aste igaroko dira Gipuzkoa Zutik! ekimen herritarrak Gipuzkoa plaza hartu eta aldarrikapenak aireratzeari ekin zionetik. Ordutik, kolore guztietako poliziek plazak okupatu etapentsamendu anitzeko pertsonez eta politikaz (polisari dagokionaz, publikoa denaz) beteriko kaleak husteko saiakerak egin dituzte. Hainbat aldiz indarrez oldartu dira desobedientzia pasiboaz erantzuten ari ziren herritarren aurka, eta baita bost lagun atxilotu eta zortzi bat identifikatu ere.

Egun nagusi den Zuzenbidearen ikuspuntutik, poliziaren esku hartzeak eta alkatearen hitzetan gorpuzten den administrazioaren jarrerak zuzenak direla eman dezakete: «Ez duzue baimenik eskatu; hortaz, kalera (barka, etxera)». [...] Aste honetan Eneko Goiak BERRIAn eginiko elkarrizketan salatu zuen «okupazio horretan ez dela egon inolako eskabiderik, ezta komunikaziorik ere». Dirudienez, Donostiako Alkatea ez da ohartzen plaza publikoak erabiltzeko ez dela administrazioaren baimenik behar. Espainiako konstituzioak berak dio 21. artikuluan: «Se reconoce el derecho de reunión pacífica y sin armas. El ejercicio de este derecho no necesitará autorización previa». Ez dago sobran gogoratzea 95ean Corcuera Legea indarrean sartu arte kale adierazpenak eta mobilizazioak ez zirela komunikatzen. Eta, hain zuzen ere,nazioartean araututako oinarrizko eskubide bat eta Konstituzioa bera urratzea litzatekeelako, teknikoki ordutik egiten duguna ez dela udalari edo poliziari «baimena» eskatzea, baizik eta «jakinaraztea». Ordea, teorikokijakinarazpen hutsa dena praktikan agintaritzari zuzentzen zaion menpekoon baimen eskaera bihurtu zen hasieratik. Eta horrela daramazkigu hamarkadak, gure eskubideak praktikatzeko baimenak administrazioak noiz onartuko, noiz ez onartuko.

Edonola ere, kontua sinpleagoa da. Herritar batzuek bizi diren herriko plaza batean ematen dute eguna, eta gaua. Esparru publikora esparru publikoari dagozkion hainbat eta hainbat gai eramanez. Inori kalterik egin gabe. [...] Zein da arazoa? Arazoa ikusten dutenek erantzun dezatela. Bide batez, eskertuko genuke bigarren kezka baten inguruan erantzunen bat ematea ere: noraino heltzeko asmoa dute Donostiako udal arduradunek udaltzaingoaren militarizazioan? Alkateak onartzen al ditu Ibabe zinegotziaren eskutik zenbait udaltzain jakin eta ezagunek herritarren aurka erabili duten indarkeria eta izan duten jarrera harro eta mespretxatzailea? Herritar orok ikusi du Udaltzaingoa, enkaputxatuta, inolako beharrik gabe gazteak jotzen eta haien materiala puskatzen eta FCCko kamioira botatzen. Ertzaintzari dagokionez, zaharrak berri.

PPk salbu, Gipuzkoako Batzar Nagusietako gainontzeko alderdi politiko guztiek bat egin zuten Mozal Legearen aurkako mozio batean. «Oinarrizko eskubideak urratzen dituen» eta «adierazpen askatasuna delitu bilakatu» nahi duen legea dela iritzita, Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa hartu dute. [...] Baina, ez al dira ari Gipuzkoako eta Donostiako arduradun politikoak Mozal Legearen logika bera aplikatzen? Ez al dira ari «oinarrizko eskubideak urratzen» eta «adierazpen askatasuna delitu» bilakatzen? Zintzoki, baietz uste dugu.

Eleak/Libre dinamikatik, askotan azpimarratu dugu guztionak diren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion artean egitearen garrantzia. [...]Zentzu horretan, Gipuzkoa Zutik! ekimena egiten ari den espazio publikoaren erabilera babestu besterik ezin dugu egin eta, nola ez, baita Ipar Euskal Herrian garatzen ari den borroka ere, Ipar Euskal Herrira bezalaxe, Hego Euskal Herrira ere iritsi baita oraingoan Nuit Debout mugimenduaren oihartzun zabala, mugaren alde bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere. Espazio publikoa merkantilizazioari zabaldu eta herritarroi ixten zaigun garaiotan, plaza batean elkartze hutsa esanahiez beteriko keinua delako. Zeresanik ez, plaza hori herritarroi lapurtzen zaizkigun eztabaidak plazaratzeko erabiltzea. Ez daitezela etxera joan. Ez zaitezte etxera joan. Ez gaitezen etxera joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.