Pernandoren egia da: euskal herritarrok geure burua gobernatu nahi dugu, burujabe izan nahi dugu. Izan ere, azterlan soziologikoek behin eta berriz diote euskal herritarrek beren etorkizuna erabaki nahi dutela, Naziometroak joan den hilean plazaratutako datuek adierazi moduan. Euskal Herriko gehiengoa ordezkatzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoek ere burujabetza espazio gehiago behar direla diote. Eta ekainaren 7an Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean Bilbon egindako mobilizazio jendetsu eta anitzak edozein zalantza uxatu zuen, oraindik ere inor duda-mudatan bazebilen.
Burujabetza nahiak ez du ezer ameskeriatik eta apetatik, eta asko du, ordea, egiturazko beharretatik. Herritarren eskubideak bermatzeko eta haien ongizatearekin lotutako beharrei edo geure ehun ekonomikoaren premiei aurre egiteko behar baitugu burujabetza. Baita nazioartean toki bat izan dezagun ere, maila globaleko erronka erraldoiak ditugun une zail honetan. Euskara eta euskal kultura babestu, suspertu eta biziberritzeko ere behar dugu burujabetza. Ez da, gainera, atzo goizean, bat-batean, edo ideologia jakin bati lotuta agertutako borondate bat; Euskal Herriko historian behin eta berriz eta hainbat modutan erakutsitako zeharkako beharra da. Euskal herritarrok herri gisa bizirik irauteko eta aurrera egiteko burujabetza tresnak bilatu izan ditugu beti.
Gaur egungo testuinguruan, non ultraeskuina zeharo harrotuta dabilen, non mugimendu politiko batzuk eskubideetan atzerapausoak bultzatzen ari diren, non gure hizkuntzari eta herri izaerari eraso egiten ari zaien, non euskal gizarte gisa erronka izugarriak ditugun, ezinbestekoa da burujabetza osoaren bidean urratsak egitea ahalbidetu diezagukeen aukera oro baliatzea.
Alegia, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan zabalik dauden autogobernuari buruzko eztabaidak eta prozesuak, batetik, burujabetzaren aldeko eragileen nagusitasuna, bestetik, eta gaur egungo indar korrelazioak, azkenik, burujabetza espazioak eskuratzeko erabili behar ditugu eta, bide horretatik, nazio gisa aurrera egin eta herritarren eskubideak blindatu.
Ahalegina egin beharra dago. Horretarako, indar politikoek arduraz, nazio ikuspegiz eta anbizioz jokatu behar dute, euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten adostasunak lortzeko; luzera begiratzeko garaia da, unean uneko egoera edo eztabaiden gainetik. Baina gainerako eragileok ere badugu ardura. Zelai edo kantxa askotan jokatzen ari delako aldi berean partida hau eta gutariko bakoitzak bere lana egin behar duelako. Zalantzarik gabe, eginkizun kolektibo bat dugulako eskuartean.
Eta Gure Eskuk bere ardura bere gain hartu eta koherentziaz jokatuko du datozen hilabeteetan. Ekainaren 7ko mobilizazioa ez zen ezeren bukaera izan, baizik eta beste mugarri bat burujabetzarako bidean: bultzada bat, aurrera egiteko. Eragile guztiok horrela ulertu beharko genuke; Gure Eskuk horrela ulertu du.
Gure Eskuk, beraz, euskal herritarron auto-afirmazioa sustatzen eta burujabetzaren aldeko ehun sozial eta politikoa josten jarraituko du. Euskal Herria gehiago, burujabetza gehiago. Horretan jardun du gure mugimenduak sorreratik buru-belarri.
Alde batetik, Gure Eskuk burujabetzaren inguruko debatea eta iritzi trukea sustatuko du. Izan ere, gure ustez, herri honek gogoeta egin behar du, ezinbestean, bere etorkizunaz eta etorkizun hori elkarrekin eraikitzeko behar ditugun tresnez. Funtsezko hausnarketa da, indar politikoek ez ezik eragile sozialek, ekonomikoek, kulturalek... ere egin beharrekoa. Maiatzaren 31n Irungo Ficoban egindako konferentzia subiranista oso esperientzia aberasgarria izan zen eta eredu bat ezarri du aurrerantzean bide horretatik jarraitzeko.
Joskintza lan horretan, bestetik, eragile sozial eta politikoekiko elkarrizketa indartu eta zabaldu egingo du Gure Eskuk. Hamabi urtean harreman sare sendoa ehundu dugu, eta gaur egungo testuinguru politikoa dela eta, kontaktu horiek areagotu egingo ditugu, eragileen arteko topaguneak eraikitzeko eta, burujabetza osoaren bidean, adostasunak sustatzeko.
Eta, azkenik, herri aktibazioa eta mobilizazioa bultzatuko dugu. Auzoz auzo, herriz herri, baita maila nazionalean ere. Azken hilabeteotan maiz esan dugun bezala, ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe. Herritarren hauspoa nahitaezkoa da nazio gisa aurrera egingo badugu. Eta giharra ere badago, ekainaren 7ko mobilizazioak agerian utzi zuen bezala.
Arduraz, nazio ikuspegiz eta anbizioz jokatzeko garaia da. Esperantzaz jardutekoa ere bai, Jon Maiak ekainaren 7ko mobilizazioaren bukaeran adierazi zuen bezala. Herri libre bat eraikitzeko esperantza baitugu, mundu osoan mehatxu-haizeek gogor jotzen duten honetan: herri justuagoa, solidarioagoa, feministagoa, euskaldunagoa, kohesionatuagoa... Herritar librez osatutako herri libre bat. Esperantza hori dugu. Eta horretarako, Euskal Herria gehiago eta burujabetza gehiago behar dugu. Esperantzaren garaia da, baita esperantza lantzekoa ere.
Jende zoriontsua herri libre batean.