Jon-Mirena Landa Gorostiza.
Zigor Zuzenbideko katedraduna, Giza Eskubide eta Botere Publikoen Unesco Katedraren zuzendaria (EHU) eta Memoria Demokratikoaren Legeak sortutako batzordeko kidea

Estatuaren biktimak: aro berri baten atarian?

2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txosten bat argitaratu berri da, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen (MDL) 16. xedapen gehigarrian aurreikusita zegoena, eta batzorde tekniko bati honako egiteko hau agintzen ziona: «(...) demokrazia, oinarrizko eskubideak eta balio demokratikoak sendotzeko borrokagatik pertsonen giza eskubideak urratu diren kasuei buruzko azterlana, 1978ko Konstituzioa indarrean sartu zenetik 1983ko abenduaren 31ra bitartean, horiek aitortzeko eta konpontzeko bide posibleak adierazteari begira».

Lehenengo aldiz, 1978ko langa gainditu eta atea zabaldu egin da une horretatik aurrera egondako giza eskubideen urraketak, indarkeria politikoa tarteko, aitortzeko asmoz. Eta lehenengo aldiz, Estatu mailan, izan ere Euskadi edota Nafarroan aspaldi gure legeak baititugu, 1978ko urte aurretik zein ondorengo Estatuaren indarkeriari aurre egitekoak.

Batzordea teknikoa zen neurrian, legelari, historialari, trantsizio garaiko pertsona esanguratsuek osatu dute eta urte oso batean zehar lanari ekin diogu, emaitzarik begi-bistakoena izen-zerrenda bat eta gomendio batzuk direlarik. Txostenaren emaitza, ordea, ez da behin betikoa ezta gutxiago ere. Ez da pertsonen zerrenda oso bat, 60 lagun inguru besterik ez dira azaltzen. Ez da, beraz, prozesu baten amaiera, hasiera baizik. Eta hori ulertu egin behar da legearen agindua oso murritza baitzen. Biktimaren definizioa hasiera-hasieratik mugatzen ahalegindu zen (demokraziaren aldeko borrokaren lelopean) bai legearen edukian, bai eta Ministroen Kontseiluan horri buruz eman zen definizioan. Muga horiek ezarrita, batzordea eratu eta lanari ekin zion. Horregatik lanaren emaitza halabeharrez anbibalentea izan behar da. Aldi berean, itxaropenerako eta kezkarako arrazoiak daude; pauso bat eman da, baina bide bat hasi besterik ez da egin; botila erdi beteta eta erdi hutsik dago.

Ez da gutxietsi behar MDLko legegilearen ausardia, oraintsuko historiaren kapitulu arantzatsu hori ireki zuenean. Baina xedapen gehigarriaren testuak mandatu handiegia eta murriztaileegia zekarren aldi berean. Gehiegizkoa urtebetean garatu ahal izateko: nola ikertu ehunka, milaka, heriotza eragin duten giza eskubideen urraketak edo beste izaera batekoak hain epe laburrean? Horregatik batzorde teknikoaren lehen erabakia heriotza dakarten kasuetara mugatzea izan zen, lesionatuak, sexu-erasoak, torturak... kanpoan utzita. Txosten bat egitea zen agindua, baina batzordeak ez zuen ikertzeko ahalmen legezkorik giza eskubideen urraketok lan serio baten bitartez argitzeko.

Zauria atenditzen ez bada, horrek irekita jarraitzen du, eta, sufrimendu indibiduala eta kolektiboa iraunarazteaz gain, Estatuak arlo horretan egiten duen jarduera osoaren legitimitatea drainatzen du

Era berean, ez zuen denborarik ematen biktimengana, senideengana eta giza eskubideen aldeko erakundeengana hurbiltzeko. Izan ere, aitortu eta kaltea konpontzen ahalegindu aurretik entzun egin behar baita. Hori dela eta, txostena, bere emaitzan, atarikoa baino ezin da izan: alegia, lehen zerrenda bat, egiaztatu eta zabaldu egin behar dena, irekita dagoena, kanpoan geratu diren biktimak sar daitezen, biktimek hitza har dezaten eta beharrezko protagonismoa izan dezaten, haien kontakizuna banakako eta taldeko egia-ariketa gisa landu eta gizartera dadin. Behetik gorako prozesua. Ez bakarrik goitik beherakoa edo aditu isolatu batzuena.

Testua, lan-zamaren ikuspegitik gehiegizkoa zen bezala, aldi berean murriztaileegia ere bazela esan dugu; izan ere, xedapen gehigarriak urratze horiek mugatu zituen, demokrazia sendotzeko borrokarekin lotuz. Batzordea lanean jarri aurretik borroka hori modu benetakoan interpretatu zuen Ministroen Kontseiluaren Erabakiak (2024ko apirilaren 23koak, Batzorde Teknikoa sortzen duenak), biktimak erakunde edo talde terrorista batekin lotutako pertsonak edo izaera horretako ekintzak egin zituztenen kasuak hasieratik txostenetik at uztera behartuz. Nire ustez, nahastu egiten dira aitortzaren eta omenaldiaren mailak. Estatuak, hil eta torturatu bazuen, Lasa-Zabala kasu paradigmatikoa adibide gisa, ez du axola behar hildakoen aurrekariak: are gutxiago nor den terrorista eta nor ez frogatzeko bide garbirik ez dagoenean. Edozein estatu demokratikotan biktima horien errekonozimendua ezinbestekoa da, eta horrek bere erantzukizuna onartzea ekarri behar du bai eta egia osoa argitzea, biktimei erreparazioa ematea eta ez errepikatzeko bermeak hartzea. Aitzitik, txosten honen eremua esan bezala mugatuz, ahanzturara eta bazterketara kondenatzen da erabat bidegabeak izan ziren eta gizartea astindu zuten giza eskubideen urraketa asko. Bazterketa horrek zigorgabetasun-esparrua sortzen du, pertsona batzuk hiltzea edota torturatzea nolabait «hain gaizki ez balego bezala». Beste era batera esanda: pertsona batzuen duintasuna bigarren mailakoa balitz bezala jarduten da.

Baina zauriak ez aitortzea, baztertzea ez da bidea. Zauria atenditzen ez bada, horrek irekita jarraitzen du, eta, sufrimendu indibiduala eta kolektiboa iraunarazteaz gain, Estatuak arlo horretan egiten duen jarduera osoaren legitimitatea drainatzen du. Giza eskubide horien urraketa, beraz, ez da txosten honetan azaldu: ezkutuan mantendu da, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak agintzen duenaren aurka eta demokrazia finkatu batek mereziko ez lukeen bezala.

Txosten honek, beraz, argi-ilunak ditu. Lehen urrats ausart eta beharrezko bat eman da, biktimei irekiko zaien eta bidegabeko mugak gaindituko dituen errekonozimendu-prozesu bati jarraitu beharko liokeena. Zuzenbideko Estatu Sozial eta Demokratikoaren sendotasunak ez dio, ordea, beldurrik izan behar prozesu inklusibo bati. Biktimen kategoria-mailaketa gainditu beharko litzateke eta biktimak, guztiak, herri-plazan aitortu ondorio guztiekin. Txosten hau izan dadila beste urratsak dakartzan prozesuaren atarikoa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE