ELAko estrategia subiranistaren arduraduna

Estatus berria: aukera leihoa aktibatzeko

2025eko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oso ahul, oso zatituta, oso despistatuta eta oso akonplejatuta ikusi behar gaituzte espainiar zentralistek, Estatutua de facto indargabetzera ausartu eta ezer gertatuko ez balitz bezala segitzeko». Atzo esandakoa izan zitekeen, baina ez. Esaldi horrek 28 urte bete ditu berriki, 1997ko urriaren 18an esan baitzuen Joxe Elorrieta garai hartako ELA sindikatuaren idazkari nagusiak Gernikan, sindikatuak antolatutako Estatutua hil da ekitaldi berezian.

Esaldia gaurkotasun handikoa dela diot Hegoaldean gertatzen ari dena, gauzak bata bestearen atzetik jarrita, oso kezkagarria delako. Esaterako, jasaten ari garen euskararen aurkako oldarraldi judiziala: EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Kabia erakundeko euskara eskakizunak baliogabe utzi zituen epaia; Nafarroako Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerro bat irekitzea galarazi du; Gipuzkoako Diputazioak atzeratu du zenbait hizkuntza eskakizunen derrigortasuna...

Mediku egoiliarren oposizioetan (gazteleraz MIR bezala ezaguna) euskara meritu gisa jasotzeari uko egin dio Mónica García Espainiako Osasun ministroak. Hitzez hitz adierazi zuen neurri horrek estatu mailan ekitatea urratuko lukeela. Baina ez al genuen osasungintzako eskumen osoa? Bada, ez, ez dugu osasun langileen trebakuntza espezializatua arautzeko eskuduntzarik. Osasungintzako langileen baldintzak arautzeko aukera ez dugun moduan, kendu egin baitigute.

Eusko Jaurlaritzako enplegu publikoko sailburuordeak adierazi zuen 2026rako Aurrekontu Lege Proiektuak berriro ere Madrilen esku utziko dituela Jaurlaritzako langileen enplegu beharrak eta soldata. Hau da, hemengo langile publikoen baldintzak Madrilen erabakiko dituzte. Eta beste horrenbeste egiten dute, baita ere, hemengo administrazioetako aurrekontuen gastu mugarekin.

EAEko eta Nafarroako estatutuak onartu zirenetik —azken hori erreferendumik gabe— lau hamarkada baino gehiago pasa ondoren, Hego Euskal Herrian ezin ditugu nahi eta behar ditugun politikak aurrera eraman. Estatua gure eskumenak higatzen joan da oinarrizko legeak eta Auzitegi Konstituzionala erabiliz, Jaurlaritzak La erosión silenciosa liburuan ongi dokumentatu duen moduan. Estatuko hamazazpi autonomien artean bi gehiago besterik ez gara; Madrilen erabakitzen diren politiken kudeatzaile huts bihurtu gaituzte.

Eta egoera hobetzeko asmoz herri ekinaldi legegileak (HEL) bultzatzen ditugunean ere bidea mozten digute, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hemen erabakitzeko HELarekin gertatu den bezala. Nafarroako Gobernuak ez zuen sinadura bilketa bera onartu, eta Jaurlaritzak gaia eztabaidatzeari uko egin dio, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Legebiltzarrean ekimenaren alde ia 140.000 sinadura aurkeztu ondoren. «Ez dugu eskumen delegaturik nahi», esan du EAJk. Bada eskuordetua ez den eskumenik?

Ezezko horren aurretik, Jaurlaritzak gauza bera egin zuen pentsiodunen mugimenduak pentsio minimoak gutxieneko soldatarekin parekatzeko aurkeztu zituen 145.000 sinadurekin.

Gauzak horrela, diagnostiko zintzo bat egin beharrean, aukera leiho baten aurrean gaudela esaten digute. Estatus politikoan jauzi bat emateko benetako aukera dagoela, estatuan gehiengo demokratiko eta plurinazionala dagoelako. Gainera, arrakastarako gakoak ematen dizkigute: EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko zuzendaritzen arteko negoziazioa sekretua izan behar da, PSE-EE akordioan egotea ezinbestekoa da (beto eskubidea onartzen zaio), eta herritarrek eta eragile sozialek soilik amaieran, akordioa sinatzen denean, hartu behar dute parte.

Barkatuko didazue, baina baldintza horietan ez zait sinesgarria egiten proposamena. Zein dabil euskararen aurkako oldarraldi judizialaren atzean? CCOO, UGT, PSE-EE eta PSN. Zeinek ukatu du mediku egoiliarrei euskara baloratzea? Sumarrek. Zeinek ukatzen digu langile publikoen lan baldintzak hemen arautzeko eskumena eta aurrekontuen gastu muga hemen erabakitzeko aukera? PSOEk. Zeinek debekatu ditu ia 300.000 sinadurak sustatutako pentsio minimoen eta gutxieneko soldataren eztabaida demokratikoak? EAJk, PSE-EEk eta PSNk.

Gehiengo sozialen alde egingo duen Euskal Errepublikara bidean EAEko estatus berrian urrats sendoak egin ahal izateko ezinbestekoa da, lehenik, autogobernuaren diagnosi zintzoa egitea. Herritarrei gertatzen ari dena azaldu behar zaie: espainiar zentralistak irabazten ari dira, eta ez baditugu konfrontatzen, gureak egin du.

Itxuraz, 28 urte ondoren, espainiar zentralistek jarraitzen dute gu ahul eta akonplejatuta ikusten. Eta esango nuke hori ez dela negoziazio mahai sekretuetan konpontzen. Hori jendea motibatuz, antolatuz eta kalera ateraz aldatzen da. Indartu gaitezen. Konplexuak ken ditzagun. Sinesten dugun Euskal Herri libre, solidario, berdinzale, iraunkor eta euskaldun horren alde, antola gaitezen, borroka dezagun eta alternatibak eraiki ditzagun. Euskal Herriko langileen nahi eta beharrei erantzungo dien estatus berri bat nahi badugu, mugitzen hasi beharko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.