Etorkizuna eraikitzen, proiektu estrategiko berriak bultzatzen

Joxe Mari Aizega
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zazpi milioi zazpi sukaldarirentzat. Titulu horrekin jakinarazi zuen estatuko egunkari batek Basque Culinary Center Fundazioari gure eraikina altxatzeko 2011n emaniko lehen dirulaguntza. Proiektu berriak, proiektu handiak, inoiz ez dira izaten samurrak.

Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, ezinbestekoa da proiektu estrategikoak bultzatzea ekonomiaren eta gizartearen hainbat esparrutan, hala bakarrik bermatuko baititugu gure oraina eta etorkizuna.

Bat baino gehiago dira ekonomia eta gizartea eraldatzen ari diren elementu disruptiboak: teknologia digitala aipa dezakegu, zeina ziztu bizian ari baita aldatzen ekonomia, lanaren edukia eta negozio-eredu tradizionalak; globalizazioa, elkarrekin inoiz baino konektatuago diharduten merkatuekin; klima-aldaketa, zeinak erronka berrietara egokitzera behartzen baititu gizartea eta enpresak; eta aldaketa demografikoak, hala nola biztanleria zahartzea eta aniztasuna areagotzea, ondasunen eta zerbitzuen eskarian duen eraginarekin.

Gastronomiak eta elikadurak ere bizi dituzte sakoneko eraldaketa horren ondorioak. Biak ala biak aldaketa-prozesu bete-betean daude, dela gero eta herritar gehiagok eskuratzen dituztelako aisia eta kultura gastronomikoa, dela herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dutelako osasun nutrizionalaren, elikagaien jatorriaren edo elikagaiok kliman duten inpaktuaren gainean. Bestalde, globalizazioak eta berrikuntzak elikagai berriak ekartzen dituzte mundu osoko supermerkatuetako apalategietara.

Lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu, ez da nahikoa aldaketetara egokitzea; aurrea hartu behar diegu. Halaxe egin zuten gure aurrekoek, eta haien eginahalari esker bihurtu da Euskadi erreferentzia-lurralde mundu zabalean, bizi-kalitateari dagokionez (14. postuan dago).

Azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoak eta hura osatzen duten hiru lurralde historikoek hainbat proiektu bultzatu dituzte haietan definitutako zientzia- eta teknologia-estrategien esparruan: Basque Research and Technology Alliance; Adinberri, Mubil, Naturklima eta beste zenbait zentro; Donostia International Physics Center zabaltzea; teknologia kuantikoen Basque Quantum aliantza edo Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa. Apustu estrategikook izango dira gakoa aurrerantzean. Ez dira aurrerapen-ikur hutsak, baizik eta etorkizuna ikusi eta eraikitzeko dugun gaitasunaren lekukotasunak.

Ikuspegi estrategiko horren adibide garbia dugu Basque Culinary Center. Sukaldari-talde aitzindari batek mundu zabalean erreferentzia den lurralde gastronomiko bihurtu gintuen, premisa gisa harturik gastronomiak ondo merezia duela unibertsitate-zentro bat, bere garrantzia indartzeko. Sukaldari-talde hark, erakunde publikoekin eta Mondragon Unibertsitatearekin orpoz orpo, erabaki zuen elkarrekin partekatzea guztien jakintza eta esperientzia, eta halaxe sortu zuten 2010ean Basque Culinary Center, aurrekoen ondarea sendotzen eta etorkizunaren alde lanean diharduen erakundea.

Hamabi urte igaro diren honetan, Basque Culinary Centerrek zintzo jarraitzen dio sorrerako eginkizunari, eta erreferentzia bihurtu da mundu zabalean. Prestakuntza-zentro gisa, milaka lagun erakartzen ditu Euskadi aldera, gurean trebatzera. Zentro teknologiko gisa, dozenaka enpresarekin dihardu lankidetzan ikerketa- eta berrikuntza-jardueretan, eta lurraldearekin lotutako hainbat ekimen, jarduera eta ekitaldi garatzen ditu. Horrek guztiak aberastasuna eta enplegua sortzen du hemen.

Baina gu ere ezin gara geratu gauden-gaudenean. Gainerako proiektuek bezalaxe, eraldatu eta berritu egin behar dugu, nazioartean erreferentzia izaten eta aberastasuna erakartzen jarraitu nahi badugu, behinik behin. Etorkizunean pentsatu, eta urrats bat aurrera egin dugu. Gastronomy Open Ecosystem (GOe) da gure proiektu estrategiko berria, gure misioan eta balioetan sendo oinarritua. Ahaleginak eta bi egin ditugu egitasmo horretan, zeina Basque Culinary Centerrek 2011tik egindako bidearen osagarri baita alde guztietatik. GOe zientzia eta jakintzan oinarritutako ekosistema ireki gisa sortu da, gastronomiaren eta elikaduraren etorkizuneko erronka handiei erantzutera eta horiek eskalatzera bideratua. Ekimen horren bidez, mundu osoko talentu berritzaile eta ekintzailea erakarri nahi dugu; orpoz orpo jardun nahi dugu lanean enpresa liderrekin, ekintzaileekin eta ikertzaileekin, eta herritarrekin esperimentatu eta baliozkotu nahi dugu berrikuntza hori. Zergatik ez irudikatu nolabaiteko Silicon Valley bat, elikadura- eta gastronomia-teknologiara bideratua, non eta hemen, Donostian? GOe gauzatze-fasean dago jada, eta hor sartzen da jarduera horiek guztiak hartuko dituen eraikina altxatzea.

Gizarte ireki eta askotariko batean, naturala, osasungarria eta beharrezkoa da era guztietako iritziak izatea, baita inbertsioak eta erabakiak zalantzan ipintzen dituztenak ere. Bereziki, aldaketarekin zerikusia dutenak. Orain, haren edukiari erreparatu behar diogu. GOe herritarrentzako gune ireki gisa sortu da, interakzioa sustatzen duen toki gisa. Horregatik, gure hurrengo helburua izango da informazioa emateko eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat abian jartzea. Prozesu horretan, bilerak egingo ditugu tokiko taldeekin, ikastegiekin, kultura- eta enpresa-elkarteekin, eta haien proposamenak, premiak eta kezkak entzungo ditugu. Gainera, herritar guztiei zabalduriko jardunaldi bat egingo da, eta xehe-xehe aurkeztuko dugu proiektuaren gaineko informazioa. Gure kanalak beti daude irekita proposamenak jasotzeko, eta entzun ere entzun nahi ditugu, horixe baita GOek hiriaren interesekin bat datozen helburuak lortzeko bidea.

Entzun dugun kritiketako bat fundazioaren izaera pribatuarekin dago loturik. Basque Culinary Centerrek, sektore publikoko erakunde pribatua izanik, ez du irabazi-asmorik; inork ez du eskuratzen irabazirik. Aitzitik, patronatukideek —pertsona, erakunde zein enpresa— fundazioaren helburuak lortzeko ekarpenak egin dituzte. Fundazioak hiru erakunde publikoren partaidetza du, euskal sektore publikoaren barruan dago, eta zorrotz jarraitzen die Sektore Publikoko Kontratuen Legeari eta Eusko Jaurlaritzaren kontrol-araubideari. Beraz, haren ezaugarriak gertuago daude arlo publikotik pribatutik baino.

Etorkizunean berrikuntza gastronomikoko lider izatea ez dago gure esku bakarrik, beharrezkoak izango dira ahalegin kolektiboa eta parte-hartze irekia, funtsezkoak biak ala biak. Proiektu berriak, proiektu handiak, inoiz ez dira izaten samurrak. Etorkizuna dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.