Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua

Euroeskualdetik makroeskualdera: aukera berriak zientzian, unibertsitatean eta berrikuntzan

Juan Ignacio Perez Iglesias
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igaro den astean, Ajuriaeneko jauregian, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen batzarra izan zen, eta bertan, erakundearen presidentetza hartu zuen Imanol Pradales lehendakariak. Kasualitatetzat jo badaiteke ere, hiru hilabete baino ez dira igaro hogeita zazpikoen Kontseiluak Europako Batzordeari makroeskualde atlantikoa garatzeko estrategia 2027ko ekaina baino lehen jorratzeko agindua eman zionetik. Beraz, oso litekeena da euroeskualdearen presidentetza dugun denbora-tartean —2028ko martxora artekoa— makroeskualdearen sorrera gertatzea. Horren ondorioz, Europako Atlantikoko eskualdeek, Irlandatik Portugal hegoalderaino doazenek, beren arteko lankidetza indartu egingo dute. Eta horrek ekarriko du eskualde horietan Europako politiken eta funtsen aplikazioa eta eragina optimizatzea, eta, aldi berean, hiru trantsizio handiei —teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziodemografiko-sanitarioa— aurre egiteko erronka amankomunei erantzuteko modua izatea.

Makroeskualde berria aukera-gune bikaina izan daiteke Euskadirentzat eta, zehazkiago, gure herriko unibertsitate eta ikerketa-sarearentzat. Gertagarri da makroeskualdeak unibertsitateen eta eragile zientifikoen interesa piztea, elkarteak sortu eta kontsortzioak eratzeko orduan; hain zuzen ere, zientzia eta berrikuntzako Europako programetan parte hartu ahal izateko. Unibertsitateen eta ikerketa-zentroen sareak eratuko dira lehen aipatutako erronkak jorratuko dituztenak, batez ere Atlantikoko Europako kostaldearen baldintza bereziekin lotutako alderdiei dagokienez. Gure ikertzaileen mugikortasuna areagotuko da makroeskualdearen barruan eta, azkar batean, proiektu bateratuak garatuko dira, Portugal, Espainia, Frantzia eta Irlandako lankideekin.

Gure ikertzaileen mugikortasuna areagotuko da makroeskualdearen barruan eta, azkar batean, proiektu bateratuak garatuko dira, Portugal, Espainia, Frantzia eta Irlandako lankideekin

Makroeskualdeak mugaz gaindiko guneen sorrera erraztuko du eta dagoeneko daudenak indartuko ditu. Alde horretatik, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko kideok badugu abantailaren bat. Euroeskualdea sortu zenetik igaro diren urteak ez dira alferrik pasa. Pauso oso esanguratsuak eman dira mugaz gaindiko lankidetza zientifiko eta akademikoan, eta gaur egun lankidetza horrek emaitza nabarmenak eman dituela esan dezakegu. Atlantikoko arkuan kontsortzioak eta aliantzak sortzeak Europako baliabideak eskuratzeko orduan indarra emango digu; horretaz gain, zientzia, teknologia eta berrikuntza politikak definitzeko unean ere eragin handiagoa izango dugu. Agenda akademiko eta zientifikoetan modu erabakigarriagoan eragiteko moduan egongo gara. Eta gure ikerketa-zentroek erreferentziazko izaera argiagoa hartuko dute itsas, energia eta industria arloetan.

Lankidetza horiek interes komuneko ildoetan egituratuko dira. Adibidez, trantsizio energetiko-klimatikoak —itsas energia protagonista nagusi gisa— interes berezia izango du. Itsas energia berriztagarriek bultzada berria jasoko dute. Halaber, ikerketagai garrantzizko bihurtuko dira Atlantiko ozeanoa bera, haren osasuna eta bere kostaldeena, bere klima, biodibertsitatea eta itsas baliabideen iraunkortasuna, eta horrekin lotuta, ekonomia urdina. Era berean, itsas mailaren igoerak kostaldeko gune eta azpiegituretan izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko babesa ere landu beharko da. Garraio-azpiegiturek, bide anitzeko konektibitateak, logistikak eta portu-industriak berrikuntza politika espezifikoen onura jasoko dute, bereziki oinarri teknologiko-digitala dutenen kasuan. Lankidetza-esparru handi horretan Europako ozeano-ikerketako gune nagusia eratzen joango da. Aipatutako ikerketa-ildoak, baita haiekin lotutako beste batzuk ere, bat datoz argi eta garbi gure Berrikuntzaren Itsasargiak egitasmoaren inguruan egituratutako estrategiarekin.

Gure nazioarteko presentzia indartzen jarraitu behar dugu, baita —eta bereziki— zientzia eta akademiaren esparruan ere. Makroeskualde Atlantikoa Euskadirentzat une egokian iritsiko da. Makroeskualde horretan dugun kokapenak nolabaiteko zentralitatea ematen digu. Euroeskualdearen baitan ehundu ditugun aliantzek kontsortzio zabalagoak sustatzeko behar den esperientzia ematen digute; eta gaurkotutako berrikuntza-estrategia bat izateak —Europako programen lehentasunekin lerrokatua eta gure garaiko erronka handiei erantzuteko pentsatua— lagunduko digu berrikuntza-proiektu lehiakorrak eta gure gizartean eragin eraldatzailea izango dutenak eratzen. Horrek guztiak euskal etxea berritzen, indartzen eta hobetzen lagunduko digu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA