Martxel Toledo Garmendia.
ESAITeko kide ohia eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduko kidea

Euskadi bai, Euskal Herria ere bai

2025eko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko abenduaren 28an, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Iruñean egindako Batzar Nagusian, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa bazkide gisa onartua izan zen, eta dagoeneko, euskal selekzio gisa, NEPFak antolatutako hainbat lehiaketa ofizialetan hartu du parte, besteak beste, aurtengo ekainean Gernika-Lumon zesta-punta modalitatean jokatutako Nazioen Kopan eta Argentinan urrian (trinketean) eta Mexikon Frontball modalitatean jokatu berri diren lehiaketetan. Eta, orain, berriro, datorren astean, azaroaren 23tik 29ra hain zuzen, Bilbon eta Barakaldon jokatuko den Nazioen Ligan hartuko du parte hainbat modalitatetan antolatutako txapelketan. Beraz, esan dezakegu euskal pilota selekzioa, zailtasunez bada ere, ari dela bide bat egiten Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartuz.

Beraz, lehen harria jarrita aurrera goaz. Eta ez da gutxi; lorpen handia baizik, hori baitzen aspalditik markatutako lehen helburuetako bat; alegia, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan EAEko euskal pilota federazioa bazkide gisa onartua izatea. Eta bada. Beraz, neurri batean esan dezakegu ibilbidearen parte bat egin dela baina... Eta orain dator galdera, orain arte egin den bidearekin, alegia, selekzio gisa ofizialki Euskadik nazioartean aritzeko aukera izatearekin, nahikoa da? Alegia, horrekin konformatu behar dugu? Ala euskal pilota selekzio horrek euskal herritar pilotari guztientzat irekia eta inongo diskriminaziorik gabekoa izan behar luke? Esan beharrik ez dago, guretzat, euskal pilota selekzio horretan zazpi herrialdeetako pilotari orok hautatua izateko aukera berdinak izan beharko lituzketela, eta, horrela izanez gero, baita bertan aritzeko aukera berdinak ere, gurea 3+1+3=1 formula delako; alegia, Zazpiak Bat delako.

Zoritxarrez, berdintasun hori ez da existitzen egun, eta agintari batzuen jarrera batzuk ikusita, auskalo existituko ote den ere, zeren urrats hori eman ahal izateko, besteak beste, euskal pilota kudeatzen duten federazio ezberdinak (Nazioartekoa, Euskadikoa, Nafarroakoa eta Iparraldeko Batzordea) ados jarri beharko lirateke. Eta, horretarako, egun ez dugu nahiko borondaterik ikusten.

EAEko lehendakaria den Imanol Pradalesek sinatu berri du lankidetza hitzarmen bat Maria Chivite Nafarroako presidentearekin eta Jean-Rene Etchegaray Iparraldeko Elkargoko lehendakariarekin, hainbat arlotan elkarlanean aritzeko asmotan, bestek beste, euskaran eta kulturan. Ea ba horrelako hitzarmenak, zeinak hedabideetan hain ongi publizitatuak izaten diren, gai diren euskal pilotan benetako bultzada bat emanez egungo errealitatea aldatzeko eta zazpi herrialdeek osatutako nazio bat garela eta selekzio gisa batera aritu nahi dugula aldarrikatzeko. Eta ez al da egokia gurea den kirol bat baliatzea hiru agintari horiek sinatu berri duten lankidetza hitzarmen hori praktikan jartzeko eta hitzetatik praktikara igarotzeko? Izan ere, orain arte ikusten dena zera da; Espainiako eta Frantziako pilota selekzioak etengabe hazten jarraitzen dutela Nafarroako eta Iparraldeko euskal pilotariekin. Eta, zoritxarrez, euskal pilota selekzioaren aurkako egoera horren aurrean aipatu pilota horien federazioek eta bertako agintari politikoak isilik eta beste aldera begiratzen jarraitzen dute.

Kontziente gara eta eskertzen dugu Euskadiko Euskal Pilota Federazioa azken urte honetan egiten ari den lana. Jabetzen gara, halaber, batik bat egun dagoen lurralde zatiketa administratiboa kontuan hartuta, ez dela erraza izango aldarrikatzen ari garena lortzea, baina uste dugu euskal pilota selekzioaren helmugak ez duela inoiz izan behar orain arte lortutakoarekin konformatzea. Horregatik, uste dugu zuzendaritza berriak hauteskunde aurretik bere egin zuen euskal pilota zazpi haizetara leloan oinarrituta, horren esanahia ere azken muturreraino eramaten saiatu behar dugula guztiok. Zeren hori lortzea ez dagokio soilik EAEko Euskal Pilota Federazioari, baizik eta baita euskal instituzioei, klubei eta pilotariei ere, euskal gizartea osatzen dugunon elkarlana eta babesa ere beharrezkoa izango delako.

Horregatik, dei zabala egiten dugu 23tik 29ra jokatuko den Nazioen Ligan parte hartuko duen euskal pilota selekzioa animatzera eta babesa ematera joateko. Zentzu horretan aipatu, azaroaren 29an 12:30ean Bilboko Miribilla pilotalekuaren aurrean egongo garela Euskadi Bai, Euskal Herria ere Bai! Gurea, 3+1+3=1 aldarrikatzeko asmotan. Ongi etorriak izango zarete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.