Euskaltegiko irakaslea

'Euskahaldun'

Galder Urzaa
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldunak bakarrik ez, euskahaldunak behar ditu euskarak. Euskaraz jakin bakarrik ez, euskaraz egin gura izatea eta egitea, eta harro gainera, beti errukarri, barkabera eta erreprimituta ibili beharrean, burua makurtuta euripean aterki barik goazenean lez. Labur esanda, euskaraz jakin bakarrik ez, euskaldun izan.

Izan ere, euskalduna (euskara duena), besterik ezean, edukiontzi soila izan liteke, hautsak hartutako kaxa bat ganbaran, zer zabaltzen duen ahaztu dugun bihurkin ugerra erreminta-maletan… Ezagutza ez baita nahikoa egiteko; zenbat euskara-tituludun, D ereduko ditugun/garen…

Tituluena ere ez da gai arina; hura eskatzeagatik, amorratuta, zapaltzailetzat jotzen du askok zapaldua. Amorrua neuri eragiten dit EAEn funtzionario izateko euskara eskatu eta amorratzen denak. Lotsa eta errespetu gutxi, gero! Ingelesa eskatuz gero, ez du tutik esango, ba… Pentsatu du zergatik dagoen eskatu beharra? Ezin dena egin da oparitu: hiru esaldi ganoraz josteko gai izan ez eta DBH edo Batxilergoa euskaraz egiteagatik baliokidetasuna aitortu.

Euskaltegiko irakaslea naiz, eta benetan diotsuet: seinale ona litzateke ni lanik barik geratuko banintz, titulu beharrik ez balego. Edo pauso bat urrunago joanda, utopia zoragarria litzateke gabezia bati erantzuteko barik, indartzeko edo hizkuntzarekin jolas eta sortzeko ikastaroak balira gureak.

Edozein modutan, ezagutza-maila ere ez da gorabehera, egitea baita ereitea, saiatzeak ere baitakar zaletzea. Batez ere, konbentzimendua behar dugu, geurean gabiltzala, guri dagokigula lekukoa jasotzea, zaintzea, gozatzea, biziberritzea eta transmititzea, arduraren tamainako harrotasunaz eta plazeraz. Zorte eta ohore galanta! Arrazoiak behar ditugu? Konbentzitu beharra dauka norbaitek? Ez dut sinesten hain axolagabe bihurtu garenik, hain iheskor, denari saihets. Herri eta kultura txiki baten ahots eta transmisore gara. Berriro diot: ohore galanta!

Euskarak kokatzen nau ni munduan; hari begiratzeko modu bat da, eta hura interpretatu eta sentitu eta amestu… Ez dira hitz hutsak. Euskaraz nabilenean naiz ni neu; euskararen ispiluan ikusten dut neure burua garbien, zintzoen, erosoen, autentikoen. Euskara bizitzeko eta maitatzeko modu asko daude; nork berea.

Euskaldunak bakarrik ez, 'euskahaldunak' behar ditu euskarak. Euskaraz egin gura izatea eta egitea, eta harro gainera, barkabera ibili beharrean, burua makurtuta euripean aterki barik goazenean lez

Hasieran esan bezala, euskaldunak bakarrik ez, euskahaldunak behar ditu euskarak. Euskaraz jakin bakarrik ez, euskarak egiten gaituela sentitzea, eta etxean sentiaraztea, epeltasuna, gero eta hotzagoa, grisagoa eta lehiakorragoa den munduan. Joko-zelai zoroa bihurtu dugu –zer esanik ez birtuala–, denak ia edozer egiteko prest –edo ia kenduta–, zelan nabarmendu asmatu guran, nork like gehiago jaso… eta muturren aurrean daukagu erantzun, aukera edo alternatiba sanoena: euskaldun aktibo izatea, geurea maitatu eta gu geu izatea, azken batean, bat gehiago eta ez bat gehiago bakarrik. Zarratzeko, oraintsu Arrigorriagan irakurri dudan kartel batek zioena, parafraseatuta: sistematik –eta modetatik, gehituko nioke– kanporengo jarrera euskaraz egitea da.

Horra ezagutzatik erabilerara salto egiteko hausnarketa xume bat. Dena beharko dugu; ez gaitezela errepresio eta diktaduren zain egon espabilatzeko. Zapalketari erantzutea bezain beharrezkoa da, haizea alde dugunean, pausoak ematen segitzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA