Ernaiko kidea

Euskal Herrian aurrera egingo dugu

Laia Urretabizkaia Mitxelena
2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriro ere badatoz Espainiako hauteskunde orokorrak, baina nabari da aurtengoak ez direla bat gehiago. Kaleetan, plazetan, tabernetan, etxean nabari da urduritasuna. Aspaldi hitz egin ez genituen gaiak ateratzen hasi dira eguneroko elkarrizketetan: izango al dugu etxebizitzarako sarbiderik? Lan prekarioetatik irteterik? Eta atzerakada badator Euskal Herrian? Euskaraz lan egin, bizi eta ikasteko aukera kentzen badigute?

Ziurgabetasuna nabaria da, are nabariagoa gazteon bizitzotan. Garai ezegonkorrek eta espektatiba faltek ardazten dute gure bizitza: krisiak, gerrak, genozidioak edota prekaritate orokortuak. Horren guztiaren aurrean diskurtso erreakzionarioak eta faxismoa lekua hartzen ari dira, eta horien eskutik nabaria da eskuin muturraren gorakada.

Horrek, gainera, Euskal Herrian forma berezia hartzen du, bizitza duinei kontrajarritako proiektua izateaz gain gure herria dute jopuntu. Eskuin muturra Espainian gobernura iristeak herri sektorearentzat galera handiak eragingo lituzkeela jakin badakigu. Baina badakigu, era berean, Euskal Herriaren proiektuak amorru berezia sortzen diela, argi dutelako gure herriaren balioek haien proiektuarekin talka zuzena egiten dutela.

Egoera honen aurrean, Euskal Herria bezalako herri txiki batek eta krisia besterik ezagutu ez dugun gazteok esperantzarako arrazoi gutxi ditugula pentsa genezake. Baina ez, euskal gazteria ez da etsipenera lotuta geratzen, hala erakutsi du azken urteetan, eta bereziki aurtengo udazkenean, etxebizitza eskubidearen alde mobilizatuz, erregearen eta faxisten bisitaren aurrean ongi etorriak ez direla erakutsiz, Bilboko olatu antifaxistara batuz edota Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuz.

Beraz, Euskal Herrian badago gazteria bat bidegurutze historiko honen aurrean neurriko erantzuna ematen ari dena. Ulertu duena hemen alternatiba egon badagoela eta hori soilik proposamen askatzaile bati bide emanaz eraikitzen dela kaleetan, ikastetxeetan, lantokietan eta, noski, hautetsontzietan ere bai.

Hauteskunde hauek ez dira bat gehiago, jokoan dagoena asko delako: Euskal Herriaren eskubide sozial eta nazionaletan aurrera egiteko aukera mantendu ala orain arte aurreratutakoan atzerakada ematea

Espainian eskuin muturra gobernura iristeko arriskuaren aurrean, Euskal Herrian badago aukera gure herriaren biziraupena bermatu eta gazteon eta herri sektorearen bizitzak erdigunean jartzeko. Badago aukera faxismoa geratzeko azaroaren 29an, eta norabide horretan boto ematea dagokigu.

Beraz, ez, hauteskunde hauek ez dira bat gehiago, jokoan dagoena asko delako: Euskal Herriaren eskubide sozial eta nazionaletan aurrera egiteko aukera mantendu ala orain arte aurreratutakoan atzerakada ematea. Honen aurrean ezer ez egitea ez da inoiz aukera bat izan, ezta batzuek sortu nahi dituzten eztabaida antzuetan erortzea ere. Euskal Herrian antifaxismoa faxismoaren aurka erantzutea baino gehiago baita, proiektu askatzaile bat gainjartzea da: inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria irabaztea, alegia. Eta horretarako Euskal Herriaren aldeko botoa eta boto antifaxista ematea badago Euskal Herrian. 

Garaiak borroka eta erantzukizuna eskatzen ditu, eta gazteok maila emango dugu. Kale, ikastetxe eta lantokietan egin dugun moduan, azaroaren 29an, Euskal Herriaren aldeko olatua eta olatu antifaxista indartzen jarraituko dugu, boto papera eskuetan. Euskal Herrian aurrera egingo dugu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA