Euskal Herriaren ezagupenaren alde, EH Bairen alde

2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Departamenduko hauteskundeen kanpaina bukatzen ari da. Nahiz eta panorama administratiboa ez den arrunt finkatua, eta departamenduen ahalmenak geroan zoin izanen diren ez baldin badakigu, Ipar Euskal Herriko antolaketa instituzionala izan da azken asteetako gai nagusietariko bat.

Memento honetan, Lurralde Kolektibitateak ordezkatzen du, hemengo jendartearen gehiengo zabal batek Iparraldearendako egokitzat jotzen duen berezko koadro instituzionala. Izan ere, azken urteetan, Garapen eta Hautetsien Kontseiluaren lanketaren bitartez, adostasun zabal bat finkatu da Lurralde Kolektibitatearen inguruan. Lurralde Kolektibitatearen terminoak aitzin-pauso inportanta suposatu du, Iparraldeak estatus politiko berezi bat eduki behar duela lehen aldiko gehiengo zabal batek onartu baitu.

Frantses gobernuak, guretzat onargarri ez den molde batez, Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozio-profesionalen gehiengoak babestu estatutu bereziko Lurralde Kolektibitatea gibelera bota ondotik, buru belarri inplikatu gira hiri elkargo bakar baten aldeko eztabaidetan. Heldu den martxoaren 29an hautatuak izanen diren hautetsiak lehen lerroan izanen dira gai horretan. Gaur egun departamenduek kudeatzen dituzten eskumenen artean, zoin izanen dira Iparralde mailako egiturari emanak, Bordalerat igorri ordez? Zer-nolako inplikazioa ukanen dute biharko hautetsiek?

Galdera horiek funtsezkoak dira gure lurraldearentzat eta biztanleen geroari begira. Konkretuki, gure herrietan, jendartetik hurbil diren zerbitzu publikoen defentsarako eta garapenerako, beharrezkoa den instituzioa lortzea baitezpadakoa da. Familien Laguntza Kutxa, Merkataritza eta Industria Ganbara, Tokiko Lurren Erakunde Publikoa, Posta, zerbitzu sozialak edo osasun arlokoak... Azken urteetan sortu eta garatu ditugun hainbat tresna mehatxatuak dira bereziki barnealdean.

—Pentsatzen dugulako hauteskundeak bizi publikoan memento inportantak direla, non bakoitzak bere iritzia eman behar duen.

—Gure iritziz, boz bakoitzak bere garrantzia ukanen duelako Euskal Herriaren hitza entzunarazteko eta Fronte Nazionalaren ideia baztertzaileen borrokatzeko.

—Iruditzen zaigulako lehenetsi behar dela interes kolektiboa karrera pertsonalak baino, diskurtsoek atxiki behar dutela koherentzia bat Baionan edo Pauen eginak diren arabera eta lehentasuna dela lurraldearen alde lan egitea.

Guk, hautetsi abertzale gisa, jendarte zabalari dei bat egin nahi diogu: heldu diren martxoaren 22an eta 29an iraganen diren hauteskundeetan parte-hartzerat eta EH BAIren hautagaien aldeko bozka ematea, Herrian bizi, lan egin eta erabaki leloa oinarri harturik, egiazko alternatiba bat sortzeko Departamenduko Kontseiluan.

SINADURAK

Arño Gastambide, Aiherrako auzapeza; Jean Michel Bicain, Gamarteko auzapeza; Daniel Olçomendy, Izurako auzapeza; Jean-Michel Anchordoquy, Bidarraiko auzapeza; Monique Elgoyhen, Lexantzüko auzapeza; Jean-Claude Ybargaray, Lakarrako auzapeza; Xebaxtien Ihidoy, Mendibeko auzapeza; Jean Louis Prebende, Gabadiko auzapeza; Jean Michel Galant, Azkarateko auzapeza; Maite Etxeberria, Ozazeko auzapeza; Jojo Goyheneix, Lekunberriko auzapeza; Pettan Guillemotonia, Lehuntzeko auzapeza; Johañe Carricaburu, Altzürüküko auzapeza; René Etchemendy, Suhuskuneko auzapeza; Allande Davant, Ürrüstoi-Larrabileko auzapeza; Iker Elizalde, Hendaiako auzapez ordea; Mikel Goyheneche, Uztaritzeko auzapez ordea; Paxkal Lafitte, Donibane Lohitzuneko hautetsia; Martine Etxezaharreta, Hazparneko hautetsia; Marie-Christine Borda, Zuraideko hautetsia; Argitxu Hiriart-Urruty, Kanboko hautetsia; Eneko Aldana, Ziburuko hautetsia; Jef Bederede, Senpereko hautetsia; Filipe Aramendi, Urruñako hautetsia; Jean-Claude Iriart, Baionako hautetsia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.