Euskal hezkuntza sistema: premia eta aukera

2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ikasturtea martxan dugu dagoeneko Euskal Herrian, eta, aurten ere, aurrera begiratzen dugunean argi-ilunez beteriko hilabeteak ikusten ditugu hezkuntza-eremuan.

Hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragileok, egindako lanaren balantzeak egin, eta, ikasturte berrirako, gure helburuetara hurbil gaitzaketen pauso berriak planifikatzen ditugu. Hala, Sortzenen ere, hainbat gogoeta izaten ditugu gure lanaren prestakuntzan gabiltzanean, besteak beste: Euskal Eskola Publiko Berriaren eraikuntzarako ibilbidean nola eragin; elkarlana nola bultzatu hezkuntza-sistema propioaren norabidean; euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko (hezkuntzan eta hezkuntzatik ) zer gehiago egin, eta lortutakoa nola errotu; arlo pedagogikoan sakondu eta ekarpenak egin; inposizioei zelan erantzun, eta abar.

Errealitatea baina tematia da, eta herri gisa erabakitzeko aukera formalik gabe jarraitzen dugun honetan, kanpotik datozkigun irizpide zein aginduen baitan antolatzen dira, oraindik ere, bai ipar bai hego Euskal Herriko hezkuntza-sistemak. Eta oso ondo dakigu horren ondorioak zein larriak diren, euskaldun belaunaldi berrien etorkizunari eta Euskal Herriaren beraren etorkizunari dagokienez; ikusi besterik ez dago aski ezaguna zaigun LOMCE legea, edota Falloux legea bera (1850ekoa, Ā«FrantzianĀ» irakaskuntza pribatuari laguntza publikoak ematea debekatu zuena, eta egun Seaskaren ibilbidea oztopatzeko erabiltzen ari direna hain zuzen ere).

Hala, horri gehitu behar zaio, bai Gasteiz zein Nafarroako administrazioek hartutako norabidea, okerra gure ustez, ez baitira gai izan bertoko hezkuntza-komunitatearekin adostasunetara iristeko, euskal herritarron hezkuntza-zein hizkuntza-eskubideen defentsan; aitzitik, LOMCE hein handi batetan beteko dela bermatzen duten arauak onartu dituzte, Heziberri dekretuekin kasu.

Ez da batere erraza errealitate honetan, gure herriaren beharrei eta ezaugarri propioei erantzungo dien hezkuntza-eredua eraikitzea; aitzitik, gero eta premia handiagoa dugu egoera irauli eta geure bidea egiteko. Sortzen-ek, 25 urte eginda, eta bere sorrerako hausnarketa eta helburuak gaurko egoerara ekarriz, argi dauka, Euskal Herriak munduko edozein herrik bezala eskubidea daukala bere hezkuntza-sistema propioa izateko, eta bide horretan pauso itzulezinak emateko beharra daukagula.

Aurretik dauzkagun hilabeteotan erronka garrantzitsuei erantzun beharko diegu: batetik, lege inposatuen ezarpenari aurre egitea ( LOMCE, Heziberri...); bestetik, euskaldunon hizkuntza-eskubide guztiak bermatzea Nafarroa osoan (horretarako lege marko berria eraikitzeko baldintzak sortu, eta norabide berean, eremu publikoan, haur hezkuntzatik Lanbide Heziketara arte, euskarazko irakaskuntza-eskaintza zabaltzea eta errotzea ); horrez gain, Ipar Euskal Herrian Baxoa euskaraz egin ahal izatea, eta jakina, ikastetxeen lana eta kalitatezko hezkuntza-eskaintza ezinezko egiten duten murrizketen kontra altxatzea...

Dinamika horien guztien elkargunea hezkuntza-sistema propioaren aldeko ekimena da gure iritziz, eta horren alde indarrak biltzea ezinbestekoa dela uste dugu, ozen aldarrikatzeko gero, herritarren beharrei erantzuteko egon behar duten administrazioen aurrean.

Gure ustez, inoiz baino baldintza hobeak daude egun hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko adostasunak lortu eta pauso sendoak emateko. Baldintza politikoak, hegoaldeko erakundeetan gehiengoa direnei begiratuz gero; sindikalak ere bai, gehiengo sindikalak daukan posizioari eta diskurtsoari begiratuz gero; ikasle eta gurasoek LOMCE eta Heziberriren aurrean eman duten erantzun eredugarriak ere bidea irekita uzten du pauso berriak emateko; hezkuntza-mugimenduko partaide garenon aldetik hezkuntza-sistema propioa etengabeko aldarria da...

Orduan? Zerk eragozten digu aurrera egitea? Zerk eragozten du elkarlanean, adostasunean, bide-orri bateratua martxan jartzea?

Denon plangintzetan hezkuntza-sistema propioaren aldeko ekimena lehenetsiz, eta indarrak norabide berean kokatuz, eraginkortasunean irabaziko genukeela ziur gaude eta baita emaitzak lortu ere.

Erakutsi dugu lehenago ere badagoela adostasunerako tarterik, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa da horren adibide: 2006an, eta nazio eztabaida Guneak bultzatuta, Euskal Herri osoko 60 hezkuntza-eragileetako ordezkariek sinatu zuten akordioa hain zuzen ere.

Sortzen-en ustez momentua da, eta aukerak, aukera objektiboak, irekita daude aurrerapausoak emateko. Aprobetxa ditzagun, jar gaitezen geure Hezkuntza-Sistema propioa eraiki ahal izateko orubea prestatzen, bai ikastetxe bakoitzean bai hezkuntza-komunitateak bere osotasunean eta denon indarrak batuz egin ditzakeen gauzetan. Eta egin ditzagun herri-aliantza berriak eraikuntza lan honetan; izan ere, hezkuntza ez da eremu horretan dihardugunon ardura soila. Nolako hezkuntza halako jendartea. Ez dezagun ahaztu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.