Erretiratua

Euskal irakaskuntza

2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal irakaskuntza izenburuko artikulu sakona plazaratu du Argia-ren 2026-10-11ko zenbakian Ane Ablanedok. Irakasleek ikasleen euskararekiko edo nazioarekiko atxikimendu faltaren aurrean nola jokatu behar duten planteatzen du eta portaera horiek (gelan erdaraz aritzea esate baterako) ez dituztela inolaz ere onartu behar defenditzen du. Kontua, gainera, ez du euskaraz hitz egitera mugatzen. Ikasleen erdaraz egiteko joerari mugak jartzearekin batera, gazteei Euskal Herriaren egoeraz eta historiaz hitz egin beharko litzaiekeela azaltzen du Ane Ablanedok. Hitz batean, Euskal Herria herri zapaldu bat dela, zapalkuntza hori argi adierazi behar zaiela ikasleei eta errealitate horren aurrean tinkotasunez jokatu behar dutela irakasleek. Era ederrean planteatzen du bere Euskal Herriarekiko maitasun handia Ablanedok, eta, hainbat puntutan harekin guztiz bat natorren arren, uste dut gaia praktikan ezin dela teorian bezain erraz ebatzi, eta, horregatik, nik ere nire ikuspegia eman nahi dut, eztabaidak guztiok aberastuko gaituelakoan.

Irakasleek ikasleen euskararekiko jarrera epelaren aurrean neurriak hartzeko ausardia izan behar dutela adierazten du artikuluaren hasieran Ablanedok. Inork ere zalantza izpirik izan ez dezan, maila ideologiko eta filosofikoan Ablanedorekin guztiz bat natorrela argi esan nahi dut. Erabat euskaldun eta abertzaletzat jotzen dut neure burua, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko sentimenduek hainbat eta hainbat jarrera hartzera eraman ninduten bizitzan, eta biharko eskola euskaldunean mundu guztiak euskaraz hitz egin beharko duela oso argi dut. Hori irmo esan ondoren, Ablanedorekin ditudan desadostasun batzuk adieraziko ditut, ez garela inolaz ere etsaiak eta, zenbait arlotan desberdin pentsatu arren, biok Euskal Herri libre eta euskalduna defenditzen dugula garbi esan ondoren.

Ikasleek gelan erdaraz aritzeko ohituraz mintzatuko naiz lehenik. Irakasleek portaera horren aurrean neurriak hartu beharko lituzketela defenditzen du Ablanedok. Irakaskuntzaren munduan ibilitakoa naiz neu ere, eta garai horretan D ereduko ikasleen portaera horrek ere min ematen zidan, hasieran batez ere, ni bezalako irakasle euskaldun eta abertzale batek amesten zuen herriaren guztiz kontrakoa baitzen ikasle horien jarrera. Denboran zehar, ordea, gauza bat argi ikasi nuen: ez zirela inolaz ere berdinak euskaldunok eta abertzaleok buruan genuen herri idealizatu hori eta egunero geure begien aurrean agertzen zena. Horiek horrela, ezinezkoa, edo oso zaila behintzat, zen egunero ikasleak gelan euskaraz aritzea, genuen gizartea genuelako eta euskararen indarra geure askatasun-ametsetan uste genuen baino askoz ahulagoa zelako.

Haiekin erdaraz hitz eginez lortu nuen haien mundura pixka bat hurbiltzea, Euskal Herrian euskararen errealitatea ere existitzen zela ikusi zuten eta ez nuen haien artean inoiz ikusi euskararen kontrako jarrerarik

D ereduko ikasleen artean egoera horrelakoa bazen, zer ez zen, ba, gertatuko errotik guztiz erdaldunak ziren A eredukoen artean. Azkar asko konturatu nintzen alferrik zela abertzaletasunean oinarritutako planteamendu pedagogiko baten bidez neska eta mutiko horiei euskara irakastea. Laudioko institutuan irakatsi nuen euskara hainbat urtetan eta, garai horretan jarrera abertzale gogorrak defenditzen nituen arren, berehala konturatu nintzen ikasle horiek beste errealitate bat osatzen zutela eta, euskara irakatsi nahi banien, garai horretan euskarako irakasleen artean oso errotuta zeuden ohitura batzuk aldatu behar nituen. Adibidez, erdaraz hitz egin behar nuen haiekin klaseetan, zen bezalakoa baitzen orduko ikasle erdaldunen errealitatea, eta haiekin erdaraz hitz eginez lortu nuen haien mundura pixka bat hurbiltzea, Euskal Herrian euskararen errealitatea ere existitzen zela ikusi zuten, eta, hau oso argi esan behar dut, ez nuen haien artean inoiz ikusi euskararen kontrako jarrerarik. Gainera, pentsamendu bat inposatu nahi izan gabe eta haien errealitatera goxotasunez hurbilduz, euskara ikastea atsegina zela haientzat eta, batzuek behintzat, gustura ikasten zutela eta nota onak ateratzen zituztela argi ikusi nuen.

Ikasleei Euskal Herriaren egoeraz eta historiaz hitz egin behar zaiela planteatzen du Ablanedok. Oso planteamendu polita iruditzen zait baina ezin zen orduko Laudioko A ereduko ikasleen artean gauzatu. Geure txikitasunean, ordea, gauzatxo batzuk egin ditzakegu eta betiere gogoan izango dut garai horretan egin nuen gauzatxo horietako bat: A ereduko gela batzuk Durangoko azoka bisitatzera eraman nituen eta, benetan esaten dut, izugarri gustura egon ziren bisitan. Ez zekiten ezer euskal kulturaz, ezta Durangoko azoka existitzen zenik ere; hala ere, asko gustatu zitzaien eta, Euskal Herriaz eta euskal kulturaz lasai eta era egokian hitz eginez gero, oso jarrera irekia zutela jabetu nintzen.

Bukatzeko, eta desadostasun batzuk izan arren, azaltzen dituen planteamenduen kontra ez noala esango diot Ane Ablanedori. Funtsean ez dugu hain desberdin pentsatzen, baina euskara eta Euskal Herria defenditzen ditugunon arteko eztabaida beharrezkoa dela iruditzen zait.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA