Azaro honetan euskal langileriari greba orokorrerako deia egin zaio Bidasoaren bi aldeetan: azaroaren 5ean Ipar Euskal Herria gelditu egin zen, eta 11n Hego Euskal Herriaren txanda izango da. Ez dira gertakari isolatuak; Europako herrialde askotan grebak eta mobilizazioak egiten ari dira langileen pobretzea salatzeko. Baldintza objektiboak honako hauek dira: aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzea; krisi industriala eta horren militarizazioa; zerbitzu publikoen desegitea; enpleguaren prekarizazioa; zaintzaren krisia; etxebizitzaren eta beste oinarrizko behar batzuen garestitzea; eta arrakala matxista eta arrazistak. Nahikoa da txinparta bat langile jendearen haserrea pizteko, dela 87 urteko emakume baten etxegabetzea Madrilen, dela Parisko kanpoaldean egindako ikasle mobilizazio bat (kolonietako protesten ondotik), dela Milanen jazotako polizia-karga bat.
Euskal Herriko kasua berezia egiten duena askapen nazional eta sozialerako prozesu luze eta sendoa da, baita prozesu horren fruitu eta eragile den antolakuntza ekosistema ere. Hemengo borroka ez dago txinparta bat edo beste piztearen menpe; etengabe elikatutako su bat du oinarrian. Joan den martxoan, euskal herritar gehienek partekatzen duten sen komun askatzailea deitu dezakeguna adierazi zen, indarrez adierazi ere: martxoaren 3an Gasteizen izandako langile borrokaren oroitzapena, 8an aldarrikatutako borroka feminista, 17an gutxieneko soldata propioa lortzeko Greba Orokorra eta, jarraian, euskararen aldeko herri mobilizazio handiena, Korrika. Beste herrialde batzuetan (baita Espainiako eta Frantziako estatuetan ere) internazional erreakzionarioak agenda baldintzatzen duen bitartean, Euskal Herrian taupada herrikoia indartsu ageri da.
Askapen prozesuak eragindako indar korrelazio horri esker, sindikalismoak, feminismoak eta antirrazismoak lortu nahi dituzten eraldaketak hemen gauzatu daitezkeela baieztatu dezakegu. Horretarako, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa garatu beharra dago; burujabetza handiagoa eskuratu, langile jendearen alde egiteko. Estatu bietan egingo diren hauteskundeek zehaztuko dute eszenatokia norabide horretan aurrera egiteko aproposa izango den ala inboluzio mehatxuak geldiaraziko dituen herri harresi antifaxista bat ezartzera behartuko gaituen. Nolanahi ere, birbanaketa politikak bultzatzea funtsezkoa da eta izango da norberekeriari, antipolitikari eta ultraeskuinari aurre egiteko. Krisi sistemikoaren testuinguruan, Euskal Herrian hobeto bizitzeko alternatiba kolektibo bideragarria egon badagoela erakustea da erronka.
Ehunka maizter sindikatuaren bidez antolatzen ari dira. Eta lehen garaipenak lortzen hasi dira
Testuinguru horretan, Hego Euskal Herrian azaroaren 11rako egindako greba orokorraren deialdiak bi helburu nagusiri erantzuten die: lehenik eta behin, herriaren haserrea ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzea, eskuin muturrari mesede egiten dion agenda politikoa hankaz gora jarrita; bigarrenik, Euskal Herritik abiatutako eta Euskal Herria helburu duen klase borroka eta eraldaketa prozesua elikatzen jarraitzea. Prozesu horren autonomia eta sendotasuna eztabaidaezina da; horren froga da oraingo hau Hego Euskal Herrian sei urtean deitutako bosgarren greba orokorra izatea, eta Espainiako Estatuan, berriz, 2013tik greba orokorrik egin ez izana. Ez hori bakarrik: enpresa eta sektore mailako borroka sindikalaren intentsitatea estatuko batezbestekoa baino nabarmen handiagoa da; garai batzuetan, estatuan deitutako greben erdiak Hego Euskal Herrian deitu dira, nahiz eta biztanleriaren %6 soilik izan. Horrek guztiak erakusten du LABek pandemiaren ostean «borroka ziklo berri bat» abiatzeko egindako apustuaren arrakasta, sindikatuen arteko desberdintasunak gorabehera.
Zortzi sindikatu (bost lan arlokoak, bi etxebizitza arlokoak eta LAB, bi arloak jorratzen dituena) ados jarri gara greba orokorrera deitzeko eta mobilizazio bateratuak antolatzeko. Gutxienekoen akordio bat da, deialdia egin dugun erakundeon ildo estrategikoa oso desberdina baita: batzuek soziala vs instituzionala dialektika lehenesten dute, klase pultsua bigarren mailara baztertuz eta alderdi politiko guztiak berdinduz (alderdi sistemikoen eta, bereziki, EAJren pozerako); beste batzuek klase pultsuaren zentraltasuna eta horrek Euskal Herriaren burujabetzarekin eta eraldaketa sozialerako prozesuarekin duen harremana defendatzen dugu, instituzio bakoitza bere eskumenen neurrian interpelatuta.
Nolanahi ere, azaroaren 11n ebatziko den kontraesan nagusia maizterrak putre funtsekin eta langileak patronalarekin aurrez aurre jartzen dituena da. Langile klaseak jasaten duen lapurreta bikoitzari aurre egitea da erronka. Lan eremuko lapurreta patronalak enpleguko gainbalioa bereganatu eta, batez ere, emakumeek* egiten dituzten ordaindu gabeko zaintza lanez jabetzean gertatzen da; etxebizitzaren eremuko lapurreta, berriz, etxebizitza jabe handiek langile jendearen errenta bereganatzen dutenean.
LAB da euskal langileria bi eremu horietan antolatzen duen sindikatu bakarra. Etxebizitzaren eremuan ere sindikalismoa garatzeko egin duen apustua arrakastatsua izaten ari da, besteak beste, Iruñerrian (Testako 500 etxebizitzak), Gasteizen (Adania), Erandion (Los Ochos) eta Donostian (Bentaberri). Ehunka maizter sindikatuaren bidez antolatzen ari dira. Eta lehen garaipenak lortzen hasi dira, hala nola babes ofizialeko etxebizitzen izaera publikoa babesteko Nafarroako legea (orain PPk helegitea jarri diona) edo Bentaberriko etxebizitzen erosketaren iragarpena, oraindik baieztatzeko dagoena. Ziur greba orokor honek garaipen berriak lortzen lagunduko duela. Horrela egiten du aurrera klase borrokak: sindikalismo borrokalaria lantokietan eta kalean, Euskal Herriaren eta euskal langileriaren askapenerako egitasmo eraldatzaile batean, uztartuta.