EHUko Hezkuntza Zientzietako irakaslea eta Eusko Alkartasunako Hezkuntza, Euskara eta Kultura idazkaria

Euskara eta segregazioa

Iban Asenjo Garde
2025eko abenduaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezkuntza sistema jendarte ororen ezinbesteko tresna da belaunaldi berriak sozializatzeko eta gizarte kohesioa lortzeko. Ildo horretan, euskal hezkuntza sistemak, ezinbestean, euskal kultura zein hizkuntza transmititzeko ardura dauka. Xede hori kontuan hartuta, ezin uka daiteke euskal eskola publikoak zein ikastolek euskararen normalizazioaren eta euskal kulturaren transmisioaren alde egin duten lan eskerga. Biek, bakoitzak bere testuingurutik, funtsezko ekarpena egin dute gure hizkuntza eta kultura biziberritzeko. Hala ere, lorpen historiko horiek ez digute gaur egungo errealitate gordina ezkutatu behar: eskola segregazioa egiturazko arazo bihurtu da gurean, eta horrek arriskuan jartzen du bai gizarte kohesioa, bai eta euskararen etorkizuna bera ere.

Egungo datuek erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoa dela estatu mailan jatorriaren araberako segregazio tasa altuena duen lurraldea. Segregazio sozioekonomikoari dagokionez, bigarrena da, Madrilgo komunitatearen atzetik. Egoera honek galdera zuzena planteatzen digu herri gisa: administrazio publikoak zer-nolako eredua sustatu du azken urte hauetan, non gure ikasleak jatorriaren eta klasearen arabera bereizten ari diren?

Alkorta eta Shershneva (2021) ikertzaileek ongi azpimarratu bezala, gure sistemaren titulartasun bikoitzak eta hizkuntza ereduen egituraketak segregazio dinamikak elikatzen dituzte. Administrazioak laissez faire edo esku hartze ezaren politika bat mantendu du, merkatuaren logikari bide emanez hezkuntza bezalako eremu estrategiko batean.

Horrek fenomeno kezkagarri bat ekarri du: eskola publikoetatik white flight edo klase ertainen ihesa (Kye, 2018). Hainbat kasutan, familia euskaltzale askok, beren seme-alabentzako ziurtatutako ingurune euskaldun bat bilatu nahian, eskola publikoa hautatu ordez ikastola hautatzen dutela erakutsi dute. Burutzen ari naizen ikerketa kualitatiboak erakusten duenez, pertzepzio sozial bat errotuta dago hainbat familiatan: ikastola euskararen babesgune gisa ikusten da, eta eskola publikoa, berriz, erronka edo zailtasun gisa. Nolanahi ere, zabalduta dagoen irudia edo pertzepzioa da ikastolak euskararen jakintza zein giro euskaldun bat ziurtatzeko gaitasuna duela eta eskola publikoak zailtasun edo gabeziak dituela euskara bermatzeko.

Hemen datza administrazioaren erantzukizun nagusia. Erakunde publikoek ez dituzte bermatu sare publikoak behar dituen baliabideak eta prestigioa, ikastolekin batera, euskal eskola publikoa ere euskararen arnasgune soziolinguistiko eraginkorra izateko. Ondorioz, sorgin-gurpil linguistiko bat sortu da: familia euskaldunek sare publikoa uzten badute hizkuntza segurtasunaren bila, eskola horien euskalduntze ahalmena ahuldu egiten da, eta euskara kohesio tresna izan beharrean, bereizketa sozialerako iragazki bihurtzeko arriskua du.

Klase ertainek eskola publikoaren alde egiten dutenean, aniztasunaren eta justizia sozialaren balioak indartzen dira. Baina hautu hori ezin da familien bizkar soilik utzi; herri estrategia bat behar du atzean.

Ezin dugu onartu bi abiadurako euskal jendarterik. Euskara eta aniztasuna txanpon beraren bi aldeak izan behar dira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, lidergo sendoa hartu behar du ikasleen banaketa orekatua bermatzeko, sareen arteko lehia antzutik haratago joateko eta lankidetza sustatzeko.

Euskal eskola publikoari bere zentralitatea eta prestigioa aitortu eta eman behar zaio, ez bakarrik zerbitzu unibertsal gisa, baizik eta euskal gizarte moderno, askotariko eta euskaldunaren erreferente gisa. Administrazioaren betebeharra da bermatzea edozein familiak, aukeratzen duen sarea aukeratzen duela, euskal kulturan murgildutako kalitatezko hezkuntza proiektu euskaldun eta kalitatezkoa jasoko duela. Segregazioaren zirkulua haustea ez da soilik justizia sozialeko kontua; euskararen biziraupenerako eta herri proiektuaren bideragarritasunerako ezinbesteko baldintza ere bada. Herri ituna eta esku hartze publikoa behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.