Irakasle erretiratua

Euskara gara, Korrika ere bai

Joxe Mari Landa Mendibe
2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ba, zeuk galdu duzu, Fabian. Gure-tik nire-ra joan zara, milaka eta milaka euskaldun euskarazale gure Korrikaren festa erreibindikatibo erraldoian gogotsu murgildu diren/garen bitartean; pena. Aurtengoak sekulako arrakasta izan duela, medio eta inguru ia guztietan ikusi eta entzun dugu; inoizko parte hartze handiena, sekulako giro ederra nonahi, Atharratzen eta Bilbon inoiz ikusi bako giro aparta…. Eta hori iluntzeko ahaleginean, berriz, bat edo beste, norberaren edo inoren minak eta afiliazioak aitzakia hartuta. Lagun zaitut, Fabian, eta sentitzen dut zure mina, baina urrun joan zarelakoan nago: nor zara zu guraso batek seme txikiari eman beharreko azalpena erabakitzeko? Egia absolutuaren jabe zerutarra edo?

Gorazarre, ETAko kide, amnistia eta abarrak zeure uztakoak dira; umearen kamisetan, aurpegi soil bat; kartzelan den bere senideren batena kontixu, umeak harro jantziko bide zuena, eta bere minak arintzeko ere bai akaso. Asko baitira minak han eta hemen, zoliagoak batzuk, luze-zabalagoak beste batzuk, gureagoak zenbaitzuk, garratzak denak. Eta horren guztiaren gainetik, Korrikak bere bidea egin du euskaldun euskarazale guztion minak, emergentzia egoeran den euskararekikoak, arintzeko, borrokatzeko; inoizko bizien, sutsuen eta ugarien gainera.

Besteren batek, berriz, ardura handia hartu du mezua irakurri zutenak EH Bilduren orbitakoak direla jakiten eta lau haizeetara zabaldu guran, Korrikaren festa erreibindikatibo erraldoi horretan murgildutako inori ere bost axola zitzaion datua izan arren; ederto ulertu zutelako denek, Korrikaren arduradunek maisuki argitu zuten moduan, gazte haiek euskararen aldeko talde eta mugimendu batzuetako militanteak zirelako hautatu zituztela, ez beste arrazoirengatik.

Kokoteraino nago euskara politizatuta dagoela dioten 'apolitiko' horiekin guztiekin! Bizitza osoa daramat euskararen alde borrokan han eta hemen, eta beti kontu berarekin!

Eta honetara helduta, kokoteraino nago euskara politizatuta dagoela dioten apolitiko horiekin guztiekin! Bizitza osoa daramat euskararen alde borrokan han eta hemen, eta beti kontu berarekin! Datu eta uste batzuk emango ditut, eta norberak atera ditzala ondorio eta interpretazioak.

Urte asko dira herriko euskara batzordeko kide borondatezko naizenetik; bertako kide gehienak ezker abertzalearen orbitakoak; bakar bat, EAJkoa. PSE, PP, Sumar, Podemosekorik? Bat bera ere ez. EAJkoa zenean alkatetza ere berdin antzera izaten zen; EAJko bi edo hiru izaten ziren, baina gainontzean, berdin: zero patatero!

Bestalde, jakin gura nuke zenbat euskaldun dagoen Euskal Herrian CCOO sindikatuan, edo PSOE, Sumar, Podemos-eko jarraitzaile/boto-emaileetatik zenbatek ote daukan euskarazko B1 maila? Maila diot, agiri ofizialetan sartu barik, eta ja B2 ere ez dut esango, nahiz eta hori kontsideratu zitekeen gutxieneko elebitasun maila, hori baita gure erkidego honetan guztiok adostuta eta sinatuta daukaguna, ezta? Elebitasuna! Eusko Jaurlaritzaren 2021eko inkesta soziolinguistikoak dioenez, 16 urtetik gorako populazioaren %38,1 da euskara ulertzeko gai; atera hortik kontuak.

Eta horietatik guztietatik zenbatek kontsumitzen ote dute egunerokoan euskarazko komunikabide, musika, zinema, antzerki…?

Ni, abertzale independentista; Espainian eroso, zu, Fabian; LABekoa ni; CCOOekoa zu; Geston zu, eta Harreran ni; zuretzat Euskara Denontzat eta Euskal Herrian Euskaraz niretzat... eta hala eta guztiz ere, elkarren lagun (orain arte behintzat!) eta zenbat eta zenbat kontu eta kantu egin eta antolatu ditugun elkarrekin euskararen alde! Nolatan hori? 

Gure-tik nire-ra joan zara, Fabian, eta alde batera utzi duzu Korrika; pena. Zeure eskubidea, zeure aukera izan da eta, horrek ez dauka aitzakiarik; ez dut uste, baina, Korrikak zure falta handirik igarriko zuenik. Besteok, bitartean, geure egin dugu Korrika eta gogoz ekin diogu: «Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, eta... hortara goaz».

Trankil dagoena trankil itzi behar dela esaten zuen gure ama zenak; eta halantxik ibili da Korrika aurten ere; trankil, inoizko jendetsuen, ugarien, bizien. Utziko al diogu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA