Osakidetza bere historiako enplegu publikoaren deialdirik handiena egiten ari da: 2023-2024-2025 LEP lan eskaintza publikoa, 5.425 lanpostu eta 107 lanbide-kategoriarekin. Prozesu izugarri handia da. Izan ere, 52.000 galdera baino gehiago prestatu, berrikusi, argitaratu eta eguneratu behar dira euskaraz eta gaztelaniaz.
Kopuru horien atzean oso garrantzitsua den zerbait dago: Osakidetzaren konpromisoa euskararekin eta pertsona guztiek duten eskubidearekin enplegu publikora iristeko baldintza berdinetan parte hartzeko, aukeratzen duten hizkuntza ofiziala edozein dela ere.
Izangai orok euskarazko edo gaztelaniazko azterketara aurkeztu ahal izango du. Aukera hori ez da keinu sinboliko bat, baizik eta konbentzimendu argi bat euskarak osasun publikoan eta Euskadiko lan-bizitzan erabateko presentzia izan behar duelako.
Horregatik, Osakidetzaren helburua soila eta irmoa da: azterketa euskaraz egitea erabakitzen duenak gaztelaniaz egiten duenaren aukera berberak izatea. Kontua ez da inori mesede egitea, ezta inor zigortzea ere. Kontua da bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasun efektiboa bermatzea.
LEP honen magnitudeak material bolumen ezohikoa kudeatzea dakar. 104 lanbide-kategoriatako galdera-sortak argitaratu dira, zeinak 52.000 galdera baino gehiago eta horiei dagozkien erantzun-aukerak baitituzte, euskaraz eta gaztelaniaz. Inoiz baino galdera gehiago, lanbide-kategoria gehiago eta zuzenean euskaraz sortutako material gehiago.
Osakidetzak lanean jarraituko du bi hizkuntzetan egiten dituen proben kalitate linguistiko eta teknikoa hobetzeko. Jasotzen dituen oharrak entzungo ditu, eta intzidentzia guztiak zorroztasunez eta proportzionaltasunez aztertuko ditu
Lan horrek profesional sanitario, tekniko eta linguistiko askoren parte-hartzea eskatzen du. Ez da nahikoa itzultzea: ziurtatu behar da edukiak zehatzak, ulergarriak eta egokiak direla lanbide-esparru bakoitzerako.
Gainera, galdera-sorten %25 inguru bi hizkuntza ofizialetan sortu da jatorriz, eta hori aurrerapauso handia da, material sanitario espezializatuak zuzenean euskaraz sortzea baitakar, eta ez soilik gaztelaniatik itzultzea.
Magnitude horretako prozesu batean, unean uneko akatsak ager daitezke. Eta euskaraz zein gaztelaniaz ere ager daitezke. Gai sanitarioei buruzko galderak lantzea konplexua da edozein hizkuntzatan, bereziki terminologia tekniko oso espezifikoarekin lan egiten denean.
Garrantzitsuena da intzidentzia horiei nola erantzuten zaien. Proba egin aurretik detektatzen badira, galdera-sortak zuzendu eta eguneratu egiten dira. Azterketan agertzen den galdera batek zalantzak sortzen baditu, hainbat mekanismo aurreikusi dira oinarrietan izangaien arteko berdintasuna babesteko.
Duela gutxi, elkarte batek hainbat kritika egin ditu azterketa-kopuru oso mugatu baten analisia oinarri hartuta, lau lanbide-kategoriatako azterketena, zehazki. Kontua da soilik hori erabili dela prozesu osoari buruzko ondorio orokorrak ateratzeko.
Horrek ez du ez irudi oso bat ez irudi adierazgarria eskaintzen. Hain lagin murritza oinarri hartu eta LEP osoaren hizkuntza-kalitateaz hitz egiteak, kontuan hartu gabe 52.000 galdera baino gehiago landu eta argitaratu direla, pertzepzio okerra sor dezake eta, are kezkagarriagoa, euskaraz aurkeztu nahi duten pertsonak gogogabetu ditzake. Gainera, azterketak euskaraz egin zituzten pertsonek lortutako emaitzek ez dute erakusten itzulpenen ondoriozko kalte orokorturik dagoenik; izan ere, batez besteko kalifikazioa gaztelaniaz lortutakoa baino zertxobait handiagoa izan zen.
Oinarririk gabe alarma sortzeak ez dio laguntzen euskararen normalizazioari. Alderantziz, ondorio negatiboa izan dezake, pertsona batzuek oposizioa gaztelaniaz prestatzea erabaki baitezakete, euskaraz zailtasun gehiago aurkitzeko beldurragatik, nahiz eta datuek ez duten ideia hori babesten.
Horrez gain, galdera-sortak zuzenean euskaraz sortzen laguntzen ari diren unibertsitate-taldeak eta profesionalak ez suspertzea ekar dezake. Galera bat izango litzateke euskararentzat, osasun publikoarentzat eta euskal gizarte osoarentzat.
Osakidetzak lanean jarraituko du bi hizkuntzetan egiten dituen proben kalitate linguistiko eta teknikoa hobetzeko. Jasotzen dituen oharrak entzungo ditu, eta intzidentzia guztiak zorroztasunez eta proportzionaltasunez aztertuko ditu. Baina egindako lana eta lortutako aurrerapenak ere defendatu egingo ditu.