Zalantzarik ez dago gure hizkuntza eta, beraz, euskaldunon komunitatea ataka estuan dagoela –Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxeak idatzi duten Esnatu ala hil ezinbesteko lanean dago bikain laburbildua–. Horren aurrean, Euskalgintzako eragile nagusiak biltzen dituen Kontseiluak denon artean Pizkunde berri bat abiatzeko deia egin zuen iazko urte amaieran, baita lehen harria bota ere. Ordutik, urtebete pasatu da, eta bai, gure hizkuntzaren aldeko borrokak zeresan handia eman du, bagoaz pixkana ahalduntzen, erasoak eta erasotzaileak identifikatzen; baina oldarraldi euskarafoboak etengabea izaten jarraitzen du, Hego zein Ipar Euskal Herrian.
Bi aste barru Euskararen Eguna iritsiko zaigu. Gure ustez, baina, euskararen eta euskaldunon aurkako erasoari aurre egingo dion Pizkunde indartsu bat sortu nahi badugu, Euskararen Eguna berrezaugarritzea eta edukiz betetzea ezinbestekoa dugu. Nahitaez behar du Martxoaren 8 egunari mugimendu feministak eman dion gisako garapena. Abenduaren 3ak ospakizun huts bat izatetik, ospakizunaz gain, zapalkuntzaren kontzientziak pizteko eta honi aurre egiteko borrokarako eguna izan behar du. Denok euskahalduntzeko, beharra badugu eta. Egun deserosoa izan behar litzateke erdararen pribilegiotik zapaltzen gaituzten horientzat, euskararentzat hizkuntza politika kamutsak planteatzen ari diren agintarientzat edo gure eskubideak bermatu gabe egun hori beren aurpegia zuritzeko erabiltzen dutenentzat.
Gure ustez, baina, euskararen eta euskaldunon aurkako erasoari aurre egingo dion Pizkunde indartsu bat sortu nahi badugu, Euskararen Eguna berrezaugarritzea eta edukiz betetzea ezinbestekoa dugu
Euskararen Egunak gauza berriak egiteko aukerak eman ditzake, baina, denak ezin du jai giroa izan. Horrekin lotuta, euskalgintzako eragile batzuek (eta zer esanik ez instituzioek) etengabe zabaltzen dituzten mezu light guztiak ez dira mugimendua indartzen ari, eta datuek erakusten dute agertoki oso arriskutsu batean murgiltzen ari garela. Diskurtsoak, terminologiak eta praktikak zorrozteko beharra lehen mailakoa da. Barruraino sartu dizkiguten konplexuak astindu, komunitate gisa ahaldundu eta aldarrikapen giroan kalera ateratzea beharrezkoa ikusten dugu, adibidez, hizkuntzaren presioa etengabe euskaltzaleon bizkar jartzeko joera amaitzeko.
Gauza asko egin genitzake Euskal Herri mailan urtero abenduaren 3an: izen-abizenak, toponimiak, herrien izenak eta abar euskalduntzeko kanpainak; autodefentsa linguistikorako protokoloak; euskaltzaleen taldeen arteko kanpaina koordinatuak; euskararen zapalkuntzaren historia landu hezkuntza zentroetan... eta nork daki, agian noizbait greba euskaltzale bat ere egitera irits gintezke, egun oso batez gure hizkuntzari leku guztietan eutsiz, gure eskubideen alde. Euskaltzaleok politikoki beste indar batekin antolatzen bagara, behetik gora, oraindik ere borroka honek une ederrak emango dizkigu.
Aurtengo A-3aren harira eginiko sukalde lanetan, sumatu dugu dugu Euskal Herriko leku ugaritan zerbait mugitzen hasia dela –herri askotan, belaunaldi aldaketarekin lotuta–. Adibiderik ikusgarriena, EHE nekaezinen baimenarekin, Bilbon daukagu, Denok irabazteko, Bilbo euskaldundu! lelopean Gukak deitutako manifestazioarekin. Gora doa gure hizkuntzaren aldeko borroka halako koordenatuetan kokatzeko lanean ari garen euskaltzaleon kopurua?
Euskalgintzako eragile batzuek (eta zer esanik ez instituzioek) etengabe zabaltzen dituzten mezu light guztiak ez dira mugimendua indartzen ari, eta datuek erakusten dute agertoki oso arriskutsu batean murgiltzen ari garela
Donostiako Txomiñenean, iaz bezala, auzoan ikusgarritasunik handiena duen lekua aukeratu eta bertan kontzentraziora deitu dugu Euskararen Egunean, txalaparta hotsez, ke gorriz eta zenbait aldarrikapenez girotuta. Lau ideia nagusi plazaratuko ditugu mobilizazioan: euskara alarma egoeran, erdalduntze makina gelditu; hizkuntza politikak aldaratu, bide honek berea eman du; ez onartu zapalkuntza, euskahaldundu ditzagun geure buruak; eta azkenik, Txomiñenean –eta leku guztietan– eutsi euskarari, euskaltzaleok antola gaitezen. Ez garela milaka izango? Berdin zaigu. Auzora datozen edo bertatik pasatuko diren dozenaka eta dozenaka auzokiderengana helduko gara, eta helburua borrokarako grina zabaltzen jarraitzea da. Aurten gainera, Donostiako auzo ugaritako taldeok adostu dugu argazkiak ateratzea [Auzoaren izena]-n ere eutsi euskarari, euskaltzaleok antola gaitezen lelopean. Aurrera goaz.
Horregatik, Euskal Herri zabaleko euskara eta euskaltzale taldeekin gure irakurketa partekatu nahi izan dugu, leku gehiagotan erasoen aurkako jarrera edo ahalduntzera dei egiten duten protesta giroko agerraldiak egitera animatzeko. Aurten beranduegi bada, hurrengo urtetik hasita, pixkanaka denon artean Euskararen Eguna bilaka dezagun zerbait indartsuagoa. Donostiako eta inguruetako herritarrak, gure herriaren aurkako injustiziari aurre egiteko gogoz gaudenok eta Euskararen Eguna beste jarrera batekin bizi nahi dugunok, Txomiñenera gonbidatzen zaituztegu, ostegunean 18:30ean. Elkarren artean pilak kargatuko ditugu eta plazera izango da gure auzoan kausa garrantzitsu honengatik jendea biltzen dela ikustea. Gure eskubideak daude jokoan.
Denoi indarrak eta animoak bidaliz agurtzen gara. Euskaltzaleok, esnatu ala hil.
Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute:
Lander Arbelaitz
Unai Moleres
Xila Pihlström
Iñigo Ruesgas
Juan Luis Zabala